Osasun mentala

2010-07-01
 
 
Nondik nora bururatu zaizu aurtengo ikastaroetan gai hau lantzea?
Osasun mentalarena disziplina bat da bere horretan, erietxeetan bere lekua dauka. Osasun fisikoari dagokionez, guztiok argi daukagu analitika batzuk egin behar direla, prebentzio lana egin behar dela, elikadura zaintzea komeni dela... Badago nolabaiteko kontzientzia bat. Baina osasun mentalari dagokionez, iruditzen zait kulturalki oraindik ez dagoela kontzientzia hori eta bakarrik gogoratzen garela osasun mentalarekin sintoma potoloren bat dagoenean. Gainerakoetan tresna edo baliabiderik gabe geratzen gara. 
Aurten pentsatu dut pixka bat horren inguruan aritzea. Gaur egun osasun mentalaren gaineko informazioa badago, tresna errazak ezagutzen ditugu eta horiek guztiak gerturatu egin behar ditugu. 
Eskolaren ikuspegitik gurasoek, irakasleek nola landu beharko lukete gaia?
Heziketaren helburu nagusiena haurraren garapen integrala da, ezta? Bada, prozesu horren barruan norberaren heziketa psikikoa oso garrantzitsua da. Beraz, nire ikastaroaren helburua guraso zein irakasleen artean gogoeta sustatzea izango da. Azken batean ulertarazi nahi diet sarritan gai hori estaltzen saiatzen garela. Ardatz nagusiena izango da bizitza ikus dezakegula maitasunaren aldetik, edo beldurraren aldetik. Eta iruditzen zait, zoritxarrez, oraindik, ikastetxeetan eta heziketan gehiegi erabiltzen dela errefrotzu positiboa. Hau da, saria edo zigorra. Eta uste dut gaur egun tresna horiek iraungita daudela. Horren azpian maitasunaren manipulazioa edo erabilpena dago. 
Eskolan ez ezik etxean ere gertatzen da hori, eta bereziki haurra guztiz ziur sentitzen ez den adinean. Nolabaiteko prostituzio afektiboa bizi du eta gauza bera gertatzen zaio eskolan irakaslearekin, edo ondokoarekin. Uste dut hor korapilo nahiko globala sortzen dela, eta guk, hezitzaileok, jakin egin behar dugu zer gertatzen den eta zergatik. Baita zer egin dezakegun ere.
Horri guztiari buruz arituko naiz. Oinarrizko beharrak zeintzuk diren argitzen saiatuko naiz. 
Zer da orduan, botere kontua? Nola ikusten duzu zuk?
Niri iruditzen zait boterearen gaia presente dagoela, baina lehendabizi ziurtasunaren arloa dago. Haurrak erabiltzen ditu aita eta ama emozioak manipulatzeko. 
Azken batean, afektibitatearen inguruan arituko gara. Nola patroi berdina erabiltzen dugun eskolan, edo nerabezaroan edo bikotearekin, baina askoz ere modu sofistikatuagoan. Horrelako txantaia modukoak... 
Ziurtasunaren ostean etorriko da onarpena, eta onarpen behar horretan oso garrantzitsua da sozializazioa. Era berean haur bakoitza senti daiteke onartua edo ez. Autoestimuaz hitz egiten dugu sarri. Baina haurrak baloratuko du bere burua aurretik baloratua sentitu bada, irakaslearen, gurasoen edo lagunen aldetik errekonozimendurik izan ez badu kostako zaio ongi egotea bere buruarekin. Hor iruditzen zait gogoeta egiteko aukera ugari dagoela. Eta bai erabiltzen direla sarritan, boterea, txantaia emozionala, erruduntasuna, beldurra, mehatxuak... 
Eta komunikabideek nola eragiten dute osasun mentalean?
Bai, noski, eta batez ere esango nuke nonbait kokatzekotan eremu hori, hots, komunikabideen eta teknologia berrien eremua onarpenaren eremuan kokatuko nuke. Esterako, gazteak edo nerabeak sartzen direnean Interneteko saltsa horietan –Facebook, Tuenti, Twitter...– hor azpian dagoen beharra zein da? Ulertua, onartu eta baloratua sentitzea azken batean. Noski. beste aldean dagoenak hori manipulatu nahi badu, edo erabili nahi badu, modu narzisista batean, edo modu egozentrikoan edo lidergoa markatzeko... erabili nahi badu. Bada, oso errez egin dezake. Uste dut manipulatu errazak garela, besteak beste, indibidualizazio prozesuan gaudelako. Garai bateko kode etiko horiek edo, ez dira baliagarriak, eta aldiz, lagunen artekoak edo sare sozialekoak bai. Orduan, badago identifikazio bat filtratu gabekoa, baina hor azpian bilatzen dena da, azken finean, errekonozimendua; norberaren izaera, norberaren indibidualtasuna... eta horrek harrapatzen gaitu, hor dago tranpa. 
Ezin dugu soilik ondorioztatu osasun mentala ez dela garatuko modu osasungarri batean. Askotan hartzen dugun elikagaiaren arabera, organismoak erantzun bat edo beste izaten du: azukrea, kolesterola... Beraz, arreta jarri behar dugu gure ikasle eta seme-alabak zein ideaiarekin elikatzen ditugun. Eta ez bakarrik gaixotasuna dagoenean. Horregatik iruditzen zait osasun mentala ez dela soilik gaixotasunaren eremua, bestela oso ez demokratikoa izango litzateke. Ez da juxtua. 
Gehiago landu beharko litzateke modu prebentiboan, ezta?
Noski. Begira txikitxoekin, duela gutxi ailegatu zaigu etxera gutuna. Osakidetzak prestatu duen hortzetako osasunerako programa. Eta nik pentsatu nuen, aldatu hizkia eta ‘dental’ jartzen duen lekuan ipini ‘mental’!! Zergatik ez diote arretarik jartzen Osakidetzatik osasun mentalari? Osakidetzatik, edo ikastetxeetatik edo dena delakotik. Zer dela eta? Iruditzen zait erronka bat dagoela horren inguruan, edo egon beharko lukeela behintzat!
Kontzientzia falta handia dago.
Bai, hala da. Psikologiak eta psikiatriak uste dut zenbait ekarpen egin dituztela osasun mentalaren arloan ehun urte hauetan. Eta zergatik ez baliatu horiek guztiak heziketarako? 
 
Azken batean zuk diozuna da, barrukoa ongi ez dagoen bitartean manipulazioa berdin gertatuko dela modu pertsonalean, etxean, kalean, eskolan, hedabideetan, teknologia berrietan...
Hori da! Azpian dagoen asetu beharreko onarpena edo errekonozimendua baldin bada, horren bila joan gaitezke Facebooken bitartez, joan daiteke herriko taldeko bileren bitartez, bikote mota baten bitartez... Orduan iruditzen zait hausnarketa egitea horren inguruan; zein da nire beharra, zein aukera daukat nik hori erabakitzeko, ardura hori hartzen badut zein ondorio duen, onartzen dudan, non nagoen, zer den zoriontasuna eta horren inguruan eman beharreko urratsak... Horietaz arituko gara. Eta iruditzen zait hori guztia ez dela soilik mahai gainean jarri behar norbait terapiara iristen denean, lur jota dagoenean. Hori guztia normaltasun batean hitz egin behar dugu.