Matematika tailerra. Eskuak, burua eta bihotza lanean

2010-07-01
Txiste zahar batek dio unibertsitateko diruzainek estimazio handian dituztela matematikariak, azken finean, papera, arkatza eta zakarrontzia besterik ez omen dute behar izaten eta. 
Gure eskoletan burua erabiltzeko eskatzen diegu ikasleei baina sarriegi ahazten zaigu, horretarako bihotzak eta eskuak jarri behar ditugula martxan. Haurrek manipulatzeko beharra eta gogoa dute eta aldi berean jokoak eta esperimentazioak izan behar dute erronken abiapuntua.
 
 
Baina zerekin egingo dugu topo maitematika tailerrean? 
Egitea, horixe izango da gure lehentasuna; tailerrean murgilduko gara, prototipoak eraikiko ditugu eta haiekin trebatuko gara. Abiatzerakoan edo gaiak isterakoan ipuinak, filmak, Internet edota musika erabiliko ditugu. Sakontzeko aurkezpen batzuen laguntza izango dugu, baina ludikotasunari emango diogu lehentasuna. Hona hemen nondik norako batzuk: 
« Ni letretakoa naiz » 
Sarritan entzuten dut esaldi hau matem… hitza bukatu baino lehen. Beti, helduei.
Ni ere, letra zalea naiz, bai. Gozatzen dut literaturarekin, betsolariek hunkitu egiten naute, ipuin onek laztandu. Ipuinak omen, gizaki batetik bestera adimenaren eta emozioen polena garraiatzen duten erleak. Matematika ipuinez eta istorioz beteta dago: Gauss eta Arkimedes, Leonardo eta Perelman, Pitagoras eta Al Kuaritzmi, Hipatia eta Agnesi “sorgina”... Horietako asko kontatu eta  ikusiko ditugu eta gehiago ezagutzeko gogoa piztu.
Paradoxak
Errezegi onartzen da matematikan ona dena listoa  dela, eta, aldi berean, gure gazteen sekulako porrota irensten da natural-natural. Garrantzi handia omen du, baina asko geratzen dira bidean eta beste askok gorrotoa hartzen diote. 
Matematika, neurgarria dena arrazoitzea da. Errealitatea ulertzeko ereduak egitea, balio dutela ikusi eta frogatzea, eta eredu horiek manipulatuz urrutirago joatea. 
Denok dakigu eskuak erabiltzen, denok dakigu pentsatzen. Egia da hainbat erritmo egongo direla gure artean, baina erritmoarena larriagoa da dantza ikastaroan gurean baino. Eskuak eta burua erabiliz gauzak ikasiko ditugu. Eskutik burura eta burutik eskuetara.
Irakasleon formazioa
Adituek behin eta berriz esaten dute “irakasleriaren formazioa dela aldagairik eranginkorrena” ikasleengan emaitzak hobetu nahi direnean. Nolakoa da lehen hezkuntzako irakasleon hasierako formazioa matematika arloan?  Denetik egongo da, baina ez dira gutxi matematikak zauritu dituenak, alegia, beren formazio garaian esperientzia ezkorrak jasandakoak. Eta zoritxarrez gutxi samar dira gerora euren formazioarekin jarraitu dutenak, edukiak gaurkotzen, materialak aztertzen eta arloan sakontzen.
“Matematika erraminta bat da”
Atxurra ere bai, on askoa gainera. Baina koadro bat zintzilikatzeko edo hatzazalak mozteko badira erraminta hobeak. Matematika erraminta asko dituen kutxa bat da. Erraminta horiek erabiltzen ikasten dugun heinean askoz ere eraginkorragoak izango gara gure lanean.  Erraminta kutxa hori ireki eta lanean hasiko gara:
- Kalkulagailuekin buru kalkulua eta matemagia egingo ditugu.
- Papera tolestuz Megabyte eta Gigei neurria hartuko diegu.
- Geoplanoek eta papiroflexiak geometria lauarekin adiskidetuko gaituzte.
- Gominolek, bilbeek eta polikuboek 3dimentsiotako geometriara eramango gaituzte 
- Ispiluek leihoa irekiko diote mundu berri bati.
- Eta askoz gehiago...
Irakasle gehienek oso gutxi ezagutzen ditugu erraminta horiek guztiak; hona hemen ezagutu eta trebatzeko aukera.
Bi egun, oso trinkoak
Egia da, ordu asko izango dira bi egunetan pilatuak, goiz eta arratsaldez gainera. Horrela da, eta ez du beste bueltarik.
Bi ordu pasatxoko 6 saio izango dira gutxi gora behera. Saioen hasieran, “ipuinak” entzun edo ikusiko ditugu (Internet...), eta gero gure erramintekin hasiko gara lanean banaka, binaka edo taldetxotan.
Saioa ixteko besteon lana aztertu eta, laburpen gisa, aurkezpenen bat ikusiko dugu.  Atsedena, eta hurrengo saiora. Apunteak hartu beharrik gabe.
Material nagusia ikastarorako sortutako blog batean egongo da.  Apunteak, argazki zaharrak bezala, gerora ikusiko ditugu. Jakinmina duenak  hona helbidea:
http://hhmateta.blogspot.com/
 
Ondo pasatuko dugu
Edukiekin itsutu egiten gara. Egia da edukiaren inguruko lanak elkartuko gaituela tailer honetan,  baina luzera geratuko zaiguna jakinmina eta harremanaren inguruko sentsazioak izango dira.  
Udako oporren atarian gaude, festa gogo galantarekin. Lana egingo dugu baina gustora eta gozatuz.