Haur-Eskolak eraldatzeko garaia da

2011-11-01

Haur eskoletako langileen protestek eta grebek egunkarietako orri ugari hartu zituzten iazko ikasturtean, haur eskoletako langileen lan-hitzarmena ez baitzuten bete Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Haurreskolak Partzuergoak, LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuen arabera.

 
 
LAB sindikatura jo du Hik Hasik, haur eskoletako langileen eskakizunak eta haur eskolen gaur egungo egoera ­ezagutzeko, langileen % 70 ordezkatzen baitu sindikatu horrek. Sindikatuaren arabera, haur eskolak berrantolatzeko garaia da, hezitzaileen lanari zentzu pedagogikoa eman behar baitzaio.
Gaur egun, guztira 220 haur eskolatik gora daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Haurreskolak Partzuergoaren barruan, eta 1.500 haur-hezitzaile inguruk egiten du lan eskola horietan. Zazpi urte pasatu dira Eusko Jaurlaritzak, hainbat udalekin batera, Haurreskolak Partzuergoa sortu zuenetik, eta, orduz geroztik, eraikinen mantentze lanak, garbiketa eta zaintza udalen esku daude haur-eskola horietan; langileen kudeaketa, berriz, Hezkuntza Sailaren menpe dago.
Alabaina, haur-eskoletako langileak lan-arlokoak dira, eta, Hezkuntza Saileko langileen baldintzekin alderatuta, haienak eskasagoak dira, lanorduei, soldatari, baldintzei edota prestakuntzari dagokienez. Gaur egun, LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek ­utzia dute lan-hitzarmenaren negoziazio mahaia.
Bien bitartean, haurren bizitzako lehen etapaz arduratzen diren langile horiek argi dute eskaintzen dituzten heziketa eta zerbitzua eskasten ari direla, berorien baldintzak eskasten doazen heinean.
Leire Garrorekin eta Josune Belamendiarekin bildu da Hik Hasi, eta biek ala biek diote haur-eskolen egoera hobetzeko lehen urratsa haur-eskoletako hezitzaileen lana aitortzea dela. “Heziketa-munduan egiten dugu lan; ez gara ipurdi-garbitzaileak; eta hori aitortzen ez zaigun eta geure buruari aitortzen ez diogun bitartean, ez gara jabetuko pertsona baten bizitzan zeinen garrantzitsua den Haur Hezkuntzako lehen ziklo hori”, dio Belamendiak.
0-3 zikloaren garrantzia aitortzeko, bigarren urratsa ziklo horretan dirua eta baliabideak inbertitzea da, haurraren heziketako lehen ziklo hori trinkotu ­egin behar dela uste baitute Garrok eta Belamendiak, hezkuntza-ikuspegitik proiektuak garatu ahal izateko ezinbestekoa delako. 
Lan-baldintzei dagokienez...
Gaur egun, haur-eskoletako hezitzaileek 7 ordutik 6,15 haurrekin pasatzen dituzte; Haur Hezkuntzako langileek, aldiz, 5 ordu pasatzen dituzte haurrekin. Bitarte horretan, haurren zaintza, loa eta elikadura haur-eskolako langileen esku dago, hezitzaileen lana, hezigarria izateaz aparte, behar duten laguntza ematea ere badelako. Horren ondorioz, langileek salatu dute denbora gutxiegi dutela prestakuntzarako, hots, pentsatzeko, hausnartzeko, jorratu beharreko ildo pedagogikoaz eztabaidatzeko eta hori guztia sendotzeko. “Heziketa integralean sinesten dugu, ­elikadura, loa eta zaintza ere bere gain hartuko dituen heziketan sinesten baitugu; baina, horretaz hausnartzeko eta ondo egin ahal izateko, haurrekin pasatzen ditugun orduak gutxitu egin behar ditugu”, dio Belamendiak. “Ziklo horren garrantzia azpimarratu eta jendartean zabaldu nahi dugu”, dio Garrok, “0-3 urte bitarteko bizitza-tarte horretan, balioak, jarrerak eta oinarrizko gaitasun eta trebetasunak eskuratzen baititu haurrak; hemen, lan pedagogiko handia egiten dela aldarrikatzen dugu guk”. 
Haur Hezkuntzako bi zikloetako langileen funtzioen artean ez dago alde handirik gaur egun; alderik izatekotan, bakoitzak betetzen dituen funtzioen kopuruan daude aldeak, 0-3 etapan lan egiten duten hezitzaileek besteek baino funtzio gehiago betetzen baitituzte, haurraren garbitasunaz, elikaduraz eta atsedenaz arduratu behar dutelako. ­Egoera horretan, lan bera eta funtzio berberak egiteagatik lan-baldintza berberak eskatzen dituzte haur-eskoletakoek. Hezitzaileek ezinbestekotzat jotzen dute 0-3 etapa Hezkuntza Sailaren barneko esparrutzat hartzea, ­eta ez Lan Sailaren barneko azpisailtzat. “Lan-mundua eta familia bateratu beharra dago, ados gaude horrekin; baina hori adin guztietan egin behar da, ez 0-2 edo 0-3 zikloetan soilik”, dio Garrok.
Ikuspegi pedagogikotik...
Lan-hitzarmeneko eskakizunek lotura zuzena dute langile horiek haur-eskoletan gauzatu nahi duten proiektu pedagogikoarekin. Horregatik, haur eskolen eredu berria sortzeko unea ­orain dela ikusten dute hezitzaileek. Helburuei begiratuz gero, LABeko hezitzaileen helburua ez da ez 0-2 etapa ­eta ez 0-3 etapa, 0-6 etapa baizik, eta horren barruan kokatzen dute 0-3 zikloa. Belamendiaren arabera, 0-3 zikloa puskatzea “atzerapauso handia” izan zen, “akats handia”; “ikuspegi pedagogikotik, hankamotz gelditzen da fase hori, proiektuak garatzerakoan”. Hezitzaileen iritziz, zikloa hausteak berak ­erakusten du administrazioak ez duela etapa horretan sinesten.
0-6ko etapa horren barruan, eta haur eskola egoki horren bila, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko lehen urratsa hezkuntzaren lehen subjektua haurra dela onartzea da, bi hezitzaileen aburuz. “Beti ere 0-6 etaparen barruan, 0-3 zikloa behar dugu, eta haurren beharrei begira egon behar du ziklo horrek, ez familien beharrei edo administrazioaren nahiei begira”, argitu du Garrok.
Proiektu pedagogikoak garatu ahal izateko, haurren eta langileen eskubideak batuko dituen eredu hezigarri baten aldeko apustua egiten dute LABeko hezitzaileek. Hori guztia lortzeko, sindikatuak puntu hauek garatu behar direla dio: batetik, haur-eskolen ordutegia zein egutegia berrantolatu egin behar dira; hezitzaileen lan-orduak eta horien antolaketa ere berrikusi egin behar dira; ratioak aldatu egin behar dira, eta ikasgeletan binaka egin behar da lana; heziketa integrala ahalbidetuko duten baliabideak bermatu behar dira; hezitzaileek eta kudeaketaren alorreko langileek, beren profesionaltasunari eusteko, prestakuntza espezifikoa jaso behar dute; eta, azkenik, koordinatzaileei dagokienez, horien funtzioek gero eta hezigarriagoak izan behar dute, eta, beraz, lan horiek aurrera eramateko, behar duten denbora eta trebakuntza eskaini behar zaizkie. 
Horrekin loturik, partzuergoko eskolen eredu propioa finkatzeko, zentro horien zerbitzuak kalitatezkoa, publikoa, euskalduna eta doakoa izan behar du. Gaur egungo eskaintza garestiegia dela begitantzen zaie bi langileei, eta, horren ondorioz, argi ikusten dute haur guztiei ez zaiela hezkuntza aukera bera bermatzen. Gaur egun, 5 orduko edo gutxiagoko zerbitzua aukeratuz gero, 151 euro ordaindu behar dute familiek hilean; eta 198 euro, gehieneko 8 orduko egonaldia aukeratzen badute. Eta  hortik kanpo dago bazkariko gastua. Horren aurrean, haur eskola guztietan jantoki-zerbitzua abian jartzea eta finantzazio irizpideak ikastetxe publikoetako gainerako jantokietakoekin homologatzea eskatzen dute. 
Haur-eskolak Hezkuntza Sailaren barnean egon behar duela diote, baina tokian tokiko udalen esku, udalak ­“ezinbesteko elementu” direla uste baitute hezitzaileek. Garrok, era berean, “familiekin zuzeneko eta ­errespetuzko harremana” izango duen eredua bilatu behar dela dio, eta haurrentzako espazio egokiak eskaini behar direla, “gaur egun, leku askotan, lekua arazo bihurtu baita”.
Honaino iristeko, ibilbide luzea ­egin du Josune Belamendiak, 0-3 bitarteko haurren heziketan, eta bidea “oso gogorra” izan dela dio. Gaurdaino, hezitzaileen lan-baldintzetan aurrera egin dela dio, baina azken aldian atzerakada ugari izan direla, murrizketei dagokienez. Ibilbide horretan, 0-3 zikloa puskatzea “frustrazio latza” izan dela dio. “Honaino iritsi ondoren, eredu berria ezartzeko garaia da”, dio.