Euskarazko irakaskuntza, berriro ere, jopuntuan

2014-01-01

Larria da irakasleak zelatatzea, larria akusazioa, eta are larriagoa izan daiteke egoera, hezkuntzak arduratzen gaituen euskal herritar guztiok aurre egin ezean.

 
 
1.652 euskal herritar zelatatu ditu Guardia Zibilak. 1.652 irakasle.
Euskarazko irakasle izate hutsagatik.
Jarraipen zehatza egin diete Nafarroa iparraldeko 28 ikastetxetako irakasleei: zein sindikatuko kide diren, legez kanpo utzitako zerrendetan ageri ote diren, senideren bat preso ote dute, kartzelara bisitan joaten ote diren... eta horietako bat betez gero, etazale  direla ondorioztatu dute.
Larria da irakaste hutsagatik jarraitzea, espiatzea. Eta larria akusazioa. Baina are larriago izan daiteke: neurriak hartuko dituztela iragarri baitute Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak eta Jorge Fernandez Diez Espainiako Barne ministroak, “zerrenda beltzetan” dauden irakasleen aurka.
Euskarazko hezkuntza, berriro ere, jopuntuan dago Nafarroan. Euskarararen alde Nafarroan egin den eta egiten ari den lanaren aurkako erasoa da. Larria. Haurren eskubideak aintzakotzat hartzen dituen hezkuntza parte hartzailearen aurkako erasoa da. Euskal Herriko irakasle guztion aurkako erasoa.
Irakasleak zelatatzea gutxi balitz bezala, ikasmateriala ikertu dute. 
Eta mehatxu egin du Iribasek: “Legea legea da, eta betearazi egingo dut”. Eskutan arma arriskutsuak ­zituen agerraldiko unean: Euskal Herriko mapak erakusten zituzten 
ikasmaterialak. Espainiako Konstituzioak dioena betearaziko duela agindu zuen. “Nafarroaren errealitate ezberdindua” errespetaraziko duela. D ereduko lau irakasletik batek hezkuntza “doktrinatzeko” asmoz erabiltzen omen duela-eta. Espainiako Barne Ministroak babestu zuen Iribas: «Eskoletan gorrotoa sustatzearen aurka jardungo du gobernuak». 
D ereduaren aurkako kanpaina garbia da. Nafarroako Gobernuak, Guardia Zibilak eta Espainiako Barne Ministeritzak orkestratua. Aurrematrikulazioaren bezperetan piztu da zalaparta. Ezin dute besterik egin euskaraz ikasteko hautua zailtzeko, euskarazko irakaskuntza desprestigiatzea baino.
Ez da berria, Carlos Perez Nievas CDNekoa kontseilari zela ere euskarazko hezkuntzaren aurkako bidea urratu zuen; UPN eta CDNren gobernu akordioa hautsirik, Alberto Catalan Hezkuntza kontseilari berriak ere Nievasen bidetik jarraitu zuen, orduan “Nafarroaren errealitate ezberdindua” aitortzen ez zuten euskal argitaletxeak diru laguntzarik gabe utzi zituen.  Gero, ingelesez ikasteko programak indartzea etorri da, euskararen aurrerakuntza eteteko estrategia gisa, eta halaxe onartu du Yolanda Barcinak, azkenean. Ez da ez berria, frankismo garaiak gogorarazi dituzte Guardia Zibilak,  Iribasek eta Fernandez Diazek.
Eta ez da Nafarroan soilik gertatu. Ipar Euskal Herrian ere, euskarazko irakaskuntza gora doanean, Frantziako Estatuak jopuntuan jarri ditu ikastolak. Halaxe adierazi du Hur Gorostiagak, barneko elkarrizketan.
Ondo ari garenaren seinale izan daiteke. Ondo euskalduntzen, euskalgintzan eta irakaskuntzan. Baina larria da egoera. Larria erasoa. Eta are larriagoa izan daiteke, hezkuntzak arduratzen gaituen euskal herritar guztiok, aurre egin ezean.