Nola bultza dezakegu eskola komunitatea osatzen duten kideen parte-hartze aktiboagoa?

2014-01-01

Hezkuntzari bultzada bat emateko nondik jo behar dugun geure buruari galdetzen badiogu, aurretik hezkuntzaren diagnosi moduko bat egitea ez legoke gaizki. Eta horretarako Foucaultek proposatzen duen diagnosiak egiteko era egokia ikusten dut: “Zer da berria gaur, lehen ez zegoena?” galdera erabiltzea, hain zuzen.

 
 
Beraz, zer da berria gaur hezkuntzan, lehen ez zegoena, edo nabarmen areagotu dena? Banoa saiakerarekin, zertzelada moduan ideiak botaz.
Nabarmena da, gure aita-amek eta are aiton-amonek ez bezala, gaurko gurasoek beren haurren heziketan bizitzen duten bakardadea. Hezteko eta gizartean izateko eredu bakarra edo monolitikoa suntsitu genuen duela hamarkada gutxi batzuk, eta gaur, familia bakoitzak bere modura heztea onartzen dugu, ez bakarrik onartu, baizik eta, besteren haurren jokabideak bideratzen laguntzea, edo haien balizko beharrei erantzutea, ezin onartuzko esku-sartzea bezala jotzen dugu, gainera. 
Nork bere haurren heziketaren ardura du, eta bakarrik bereena, honela ulertzen dugu gaurko gizartean. Eta hezkuntza ardura kolektiboetatik, komunitateenetik, ezabatu, eta ardura indibidualera mugatu dugu.
Heziketaren ardura indibidualizatu, eta bestetik, garai bateko “etxea” desagertu egin da. Ni ikastolatik edo beste ekintzaren batetik, edo lagunekin aritu ondoren, etxera bueltatzen nintzenean —ordurako nire lagun askok ez bezala, hori ere esan behar da—, beti bazegoen bertan norbait, askotan jende asko (amonak etxe azpian denda izateak ere laguntzen zuen). Nire etxean beti bazen norbait hartuko ninduena. Eta nire gurasoen garaian, berriz, hori haur eta gaztetxo guztien egoera zen, salbuespenik ia gabe (beraien ingurumarian bederen). Gaur hori ez da horrela, eta honek suposatzen du haurren zaintza bermatzeko gurasoek eguneroko plangintza bat egin behar izaten dutela, orduz ordu haurra non eta zeinekin egongo den zehaztuz.
Bizimodu zatikatu batean bizi gara (denborazko eta espaziozko zatiketa) eta haurrak ere, beste aukerarik gabe, fragmentazio horretan sartzen ditugu erabat, gu baino era bortitzagoan seguruaski. Kronosen edo orduen agintepean bizi gara.
“Nola hezi” galderaren aurrean, berriz, gurasoek informazio zaparrada jasotzen dute, baina, askotan, kontrajarriak diren ikuspegi eta aholkuak dira, eta norbere hautua egitea ez da lan makala horrenbeste zarataren artean.
Honekin guztiarekin esan genezake gaur egun gurasoek zailtasunez bizitzen dutela beren seme-alaben hezkuntza. Eta honek bi eratako ondorioak ere ekartzen ditu: eskolaren gain gehiegizko delegazioa (ezinak minez bultzatutakoa) edota eskolaren gain esku-sartze negatiboa, hau da, kontrolaren bidetik, presioaren bidetik, egin nahi den esku-hartzea.
Guraso-irakasle harremana, beraz, elkarlanean oinarrituz eraiki beharrean, batzuk besteen lana gainbegiratzen duten harreman-mota bezala garatzen da. Honek, gurpil-zoroan bezala, gurasoen bakardade sentimendua areagotu egiten du eta irakasleengan, berriz, presioa eragiten. Eta hau ez da irakasleen kolektibo honek jasaten duen presio bakarra; beste eremu askotatik ere badatorkie. 
Hezkuntza-aparatuak, hezkuntza modu mekanizistan edo makinikoan ulerturta, hezkuntzaren emaitza eta kalitatea hobetze aldera esku-hartze geroz eta handiagoa ezartzen du: eskakizunak, txostenak, lan-lerroak, landu beharreko gai berriak edo aurrekoen xehetasunak, unitate didaktikoak, ebaluatzeko moduak, bete beharreko zereginak... pentsa litekeen oro arautuz eta hau beteko dela segurtatzeko sistemak ezarriz, hala nola, hainbat prozedura, ala ikuskaritza-aparatua bera.
Gizarteak, eta honen ahotsa bilakatzen diren komunikabideek (edo alderantziz da?), edozein arazoren aurrean soluzioak bilatzerakoan hezkuntzatik hasi behar dela esan eta askotan hau programa edo ikasgai berri bilakatzen da, honela arazoari aurre egingo zaiolakoan. Honek ere irakaslegoaren lana zaildu egiten du, kolektibo honek ase behar dituen eskakizunak berrestu egiten baitira, honela, ikaslea bere eginkizunaren zentroan jartzeko dituen baliabideak mugatuz. 
Eta bagatoz, bada, hezkuntzako triangeluaren hirugarren erpinera: haurra, ikaslea. Aurrekoetan esandakoek haurrari erreferentzia zuzena egiten diote jada. Haurra bizimodu zatikatura eramaten dugu... Haurrari hezkuntzako prozesuetan eduki behar lukeen zentraltasuna beste hainbat elementuk ebasten diote. 
Aipatutako 'hezkuntzatik hasi behar da' lelo horrek praktikan zein itzulpen izaten duen aztertzean honakoak topatzen ditugu: curriculuma zeharkako gai askorekin betetzen da, behin baino gehiagotan, haurrak helduengana iristeko erabili nahi izaten direla dirudi. Hauek ote dira hiritar arduratsu eta konprometituak hezteko biderik onenak? Ez dut uste. Iruditzen zait arazoen konponbide abstraktuak lantzea baino askoz ere baliagarriagoa izango litzatekeela beraien inguruarekin, bizitzarekin eta bizikidetzarekin zuzenean harremana eduki dezaketen arazoak lantzea, eta jarduera hauek irakasleen autonomia zabalenetik zedarritzea. 
Zer esan dezakegu, berriz, haurrek kontsumitzeko ekoizten eta zabaltzen diren hainbat produkturi buruz? Telebistako hainbat saio, aparailu elektronikoetarako hainbat joku, Interneteko hainbat gune...? Beraientzat guztiz erakargarriak gertatzen dira, baina haien aurrean duten paper pasibo eta inguruarekiko eta beste pertsonekiko isolatzaileak eta haietan transmititzen zaizkien baloreek (estereotipoen bidez, bereziki), heziketa positibo baterako oztopo galantak direla pentsarazten digute. Gizarte paradoxiko honetan, haurrak ez ditugu babestu behar, helduentzako pentsatuak direlako, desegoki izan daitezkeen edukietatik bakarrik, baizik eta espreski beraientzat disenaitutakoetatik ere bai, kontra-hezitzaileak izan daitezkeelako.
Gurasoak. Irakasleak. Haurra, gaztetxoa, ikaslea. Triangelu honetako hiru erpinak hezkuntza-komunitatearen eragile eta protagonista nagusiak dira. Eta beraien arteko harreman-dinamikak hezkuntza-komunitate zehatz bakoitzaren izaera deskribatuko digu.
Orain arte esandakoan hezkuntzaren inguruan bizitzen ditugun hainbat alderdi positibo aipatu gabe geratu dira. Arazoak baditugu, baina harro sentiarazteko elementuak eta potentzialtasun handia ere bai. Bizpahiru aipatuko ditut. Batetik, lorpen handia da gurean hezkuntza haur guztien eskubidea dela barneratuta edukitzea eta guztiei hezkuntzarako aukerak bermatzeko beharraren inguruan dugun kontsentsu zabala. Bestetik, hainbat eta hainbat profesional aitatuko nituzke eguneroko lanaz eta ekinaz kalitatezko hezkuntza errealitate egiten dutenak. Eta hirugarren bat ere aipatuko dut, euskarak hezkuntzan lortu duen presentzia eta normalizazioa, oraindik erronka asko ditugun arren gai honetan ere azken hamarkadetan egindako ibilbidea izugarria baita.
Nire azterketa arazoetan zentratu da haiek soluziobidean jartzeko modua irudikatzeko gai bagara dauzkagun elementu positiboen eragina berretu egingo baita hauek espreski kontuan hartu gabe ere. Ez dut, beraz, hezkuntzaren ikuspegi negatibo eta ezkor batetik egiten; inondik inora; alderantziz baizik.
Izan ere, arazo-multzo honi hezkuntza-komunitate elkartu, kohesionatu, konprometitu, dinamiko, aktibo, indartsu, ekintzaile... batek, elkarlanaren bidez, urrats txikien eta handiagoen bidez, aurre egin diezaioke beste ezein elementuk ez bezala. 
Hezkuntza-komunitate kontzeptuak berekin dakar hezkuntza ardura kolektiboa denaren ideia, hau da, elkarrekintza eta testuinguru egokiak beharrezko direla eginkizun horretarako. Izan ere, indiarren atsotitzak dioen bezala “haur bat hezteko tribu osoa behar dugula”. Ardura kolektiboa izateak ez du esan nahi batzuon eta besteon ardurak berdinak direnik. Baina besteari erantzukizun izpirik ostu gabe, bere ardura hobeto bete dezan nik zerbait egitea baldin badaukat, hori Hezkuntzaren onerako izango da. Zer egin dezake amak edo aitak irakasleak berezko duen halako ardura betetzea errazteko? Zer egin dezake irakasleak gurasoek berezko dituzten ardurak betetzea errazteko? Etab.   
Hezkuntza-komunitatea ez da hor dagoen zerbait, etxe bat den bezala, baizik eta hezkuntza enfokatzeko modu bat da; irakasle-ikasle-guraso harremanak beste modu batera ulertzeak eta harreman horiek sustatzeak duen potentziala ulertzeak hezkuntza desberdin bat garatzeko aukera ematen baitigu.
Aurreko batean kirol elkarte bateko gurasoei eskaintzen zitzaien aurkezpen saioan egoteko aukera izan nuen. Eta benetan txalogarria iruditu zitzaidan bertan transmititu zena. Besteak beste, esaldi bat oso deigarri egin zitzaidan, horrelakoak gutxitan entzuten ditudalako, eta ez nuelako halakorik espero: gurasoek partidetan jarrera txarrak badituzte (bortizkeria, irainak, jarrera desegokiak...) egiturak huts egiten duela esan nahi du. Hau da, elkarteko arduradun zen aldetik horrelakoak gertatuz gero, gertaera horietan beren ardura propioa azpimarratzen ari zen, eta horrelakoak saihesteko beren jarrera eta baloreak zeintzuk ziren eta gurasoekin elkarlana eta konplizitatea nola bilatzen zuten, azken finean elkartetik pasatzen zen gaztetxoari bere garapenean ahalik eta marka positiboenak uzteko. Arduradun honek hezkuntza-komunitate kontzeptua oso barneratua zuela ohartu nintzen, bere hizkeran ere nabari zena, komunitate hitza erabiltzen baitzuen.
Garai beretsuan, derrigorrezko hezkuntzako talde baten tutoreak gurasoekin egiten zuen bileran ere izan nintzen. Eta aitortu behar dut, bien konparaketa egitea ezinbestekoa 
egin zitzaidala. Derrigorrezko hezkuntzako tutoreak modu askoz ere mugatuagoan hitz egin zuen, hezkuntza-komunitatearen erreferentzia ez zeukan barneratua, bere eginkizunetaz hitz egin zuen, zehaztuta zeuden gaiez, prozedurez, arauez, ebaluaketaz... Baina aipatzen ari garen triangeluko elkarrekintza  sare konplexua iradoki gabe geratu zen, eta gurasoak bilera hartatik zerbaiten faltaren sentsazioaz irten zirela seguru nago, asebete gabe, estimulu positibo askorik jaso gabe.
Hezkuntza-komunitateak ez ditu biltzen interes kontrajarriak dauzkaten agenteak, inondik inora, baizik eta helburu berdin bat konpartitzen dutenak, hauxe: haurraren edota gaztearen hezkuntzan (eta helduon garapenera ere zabal genezake ideia) modu positiboan eragitea. 
Hezkuntzaz modu generikoan hitz egin dugu, eta hezkuntza-komunitateaz ere bai. Ekintzara pasatzerakoan ordea, zedarritu egin behar dugu kasuan kasu. 
Adibidez, emandako kirol-taldearen kasuan hezkuntza-komunitatea kirol elkarteko langile/bolondresek, haurrek, gurasoek eta baleude beste eragileek osatuko lukete (patrozinadoreek, udalak...). Ikastetxe baten hezkuntza-komunitatea begibistan da nortzuk osatuko luketen. Herri batekoa ala auzo batekoa, berriz, bertako ikastetxeetako hezkuntza-komunitateek eta haurrei zuzendutako gainerako ekintzenek eta udalak, besteak beste. Interes bereziak dituzten haurren hezkuntza-komunitateak ere defini genitzake, etab.
Azkenik, gizarte baten hezkuntza-komunitateaz ere hitz egin behar da. Murrizketek eta batez ere LOMCE legeari oposaketak euskal hezkuntza-komunitatea piztu egin duela 
esan daiteke. Adiera zabal honetan sakonduz, komunitateak edo gizarteak, bere etorkizuneko gizabanakoak nola hezi eta zer transmititu nahi dien erabakitzeko eskubidea du, eta ez eskubidea soilik, baizik eta gizarte arduratsu eta konprometitu batean hau lehen mailako eginbeharra ere bada. Gizarte aurreratu batean hezkuntzaren inguruko eztabaida beti mahai gainean egongo da, ez noraezean nabigatzeko eta haizearen arabera norabidea goizetik gauera aldatzeko, baizik eta modu eraikitzaile, positibo eta kontsentsu bilatzailea erabiliz, esperientzia eta ezagutzaren oinarritik, hezkuntzak behar dituen baliabide eta testuinguruak etengabe hobetzen eta garatzen joateko. Dekretazoek, ideia iluminatuek eta mirarizko formulek ez dute balio, nahastu besterik ez dute egiten. Konformismorik eta autokonplazentziarik eza, lana, elkarlana, konplizitatea, komunikazio eta eztabaida aberatsa, elkarrekin eraikitzea... dira bide emankorrak.  
Hezkuntza-komunitate zabalarekin egiten den lana, beraz, hezkuntzaren giltzarri eta estrategia nagusiak eztabaidatzekoa eta zehaztekoa da. Baina, tokian tokiko hezkuntza-komunitateak eguneroko praktikara, arazoetara, abaguneak eskaintzen dizkigun aukeretara jauzi egitea ekarriko du. Eta bigarren maila honetan lan handia egin daiteke parte-hartze prozesuen bidez hezkuntza-komunitatearen potentzialtasuna norbereganatuz eta ahaletik eginera paseaz.  Proiektuak eta helburuak gure egiten ditugunean haiekiko gure inplikazio maila areagotu egiten da. Hau gizakiari orokorrean aplika diezaiokegun esaldia da. Proiektu eta helburuak gure egiteko ezinbestekoa da autonomiaz jardutea; autonomia nork bere buruari legeak ematea bezala ulertuta eta ez nahi dena egitea. Eraikuntza kolektiboko prozesuez mintzatzen ari gara. Bi baldintza baino ez ditut 
ikusten: batetik, prozesua zapuztu dezakeena alde edukitzea (adibidez, ikastetxearen kasuan zuzendaritza edo udalaren kasuan, alkatetza), eta bestetik, gai hauetan esperientzia eta ezagutza duen erraztaileren baten laguntza edukitzea. Baldintza horiek gabe ere prozesu interesgarriak gerta daitezke seguru aski, baina horiek edukiz gero prozesu emankorra bermatuta dagoelakoan nago. 
Hezkuntza-komunitateak bizitzeko elkarrizketa esparruak sortu eta garatzea da bidea. Baina ez edonolakoak. Kontuz! Edozein elkarrizketak ez du balio hezkuntza-komunitatea aktibatzeko. Partehartzaileentzako elkarrizketa esanguratsuak behar dute izan. Bide honetan lan handia, emankor eta aberasgarria egiteko dago, denon mesederako. Hala gerta bedi!!