Trebiñun bizirik irauteko eginahalean

2014-06-01

Argantzon Ikastolak CD/DVD bat osatu du Bonberenea Ekintzarekin, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ­pailazoekin, eta beste hainbat artistarekin elkarlanean. Bi ­helburu betetzeko burutu dute proiektua: alde batetik, Argantzon Ikastolari laguntzeko, diru arazo larriak baititu; eta bestetik, arazo horien arrazoi nagusia ­mahaigaineratzeko, Trebiñuren egoera, hain zuzen ere. 

 
 
2003ko urrian ireki zituen ateak Argantzon Ikastolak, 11 ikasle eta bi irakaslerekin. Orduz geroztik, piskanaka, hazten joan da eta gaur egun 50 ikasle ari dira bertan ikasten eta sei ­irakaslek egiten dute lan. Haur Hezkuntzako 0-3 eta 3-6 zikloetan eskaintzen ditu eskolak, eta Argantzungo haurrez gain, inguruko herri askotatik ere hartzen ditu ikasleak, hala nola, Tuiutik, Grandibaldik, ­Añastrotik, Burgetatik, Panguatik, Mirandatik, Araikotik, Done Estebandik, Gasteiztik…
Denbora gutxian emaitza handiak lortu ditu Argantzon Ikastolak: batetik, herriaren dinamizazioari bultzada handia eman dio eta komunitatearen euskara maila hobetzeko balio izan du; bestetik berriz, ingurunean erreferentziazko hezkuntza zerbitzua bilakatu da. Horrez gain, ­ikastolak Argantzungo populazioa mantentzen lagundu du eta herriko “betiko” jendearen eta jende “berria”ren arteko topaleku ere bihurtu da. 
Trebiñun euskaraz ikasi ahal izateko aukera bakarra Argantzon Ikastolak ematen du. Etengabeko ahalegina egin behar izaten du eguneroko lana finantzatzeko. Trebiñun bada eskola publiko bat. Gaztela Leongo curriculumean oinarritzen da eta euskarak ez dauka inolako presentziarik, ezta ikasgai bezala ere. Zentro horretan, Haur Hezkuntzako datuei erreparatuta, ikastolan baino haur gutxiago daude gaur egun matrikulatuta, baina ikastolak Gobernuari kontzertazioa eskatzen dion ­arren, Burgosko administrazioak ­esaten du Argantzundik oso gertu badela eskola publiko bat plaza libreak dituena, eta beraz, ez dagoela arrazoirik ikastola kontzertatzeko.
Euskal Herriko Ikastolen Elkartasun Kutxari, familiei, irakasleei eta herritarrei esker dirau bizirik ikastolak. Urtean zehar zenbait egitasmo antolatzen dituzte dirua ateratzeko. Ahalegin horren emaitza da Pirritx, Porrotx eta Marimotots Garratz eta Mingotsekin Trebiñun izeneko CD/ DVDa ere. 
Euskal Herriko hainbat txokotako artistak bildu dira, eta, eskuzabaltasun osoz, ahotsa, musika eta irudia jarri dituzte. Irakasleak, rockeroak, pailazoak, ikasleak… guztiek batera zortzi abestiz osatutako CDa, eta ­erreportajea eta bideoklipa biltzen dituen DVDa osatu dituzte. Horixe ­izan da elkarlanaren emaitza.
Ikastolako guraso baten ekimenez sortu da proiektua. Guraso hark aspalditik zerabilen buruan ikastolarako diska bat egiteko ideia eta Bonbereneari eman zion bere asmoen berri. Joxe Mari Agirretxe Porrotxi ­ere esan zioten zein zen Argantzon ­Ikastolaren intentzioa eta ideiari forma ematen hasi ziren elkarlanean. Bonberenearen bidez Lisaböko Karlos Osinagarekin eta Dut nahiz Kuraiako Joseba Poncerekin harremanean jarri ziren eta haiek ere prest ­azaldu ziren Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin CDaren grabazioan parte hartzeko.
CDan, musikari ezagun ugari
Abestietarako gaiak zehaztea ­izan zen lehen egitekoa. Letrak idazteko hasieratik gertu zeuden Gorka Lazkano gurasoa eta Ekaitz Lotina ­irakaslea. Beste abesti batzuetarako hitzak berriz, Ruben Sanchez eta Iñaki Viñaspre bertsolariei eskatu zizkieten. Tolosatik ere lortu zuten beste abesti baterako letra, Txoan Ormazabalek egina. 
Hitzak osatu zituztenean, musikariei pasa zizkieten. CDko kantak Joseba Ponce “Mingots” (Dut, Kuraia) eta Karlos Osinaga “Garratz” (Lisabö) musikariek konposatu eta jo dituzte. Euskal rock musikaren bi ­erreferente horiekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hartu dute parte, abestiei ahotsa jarriz. Imanol Ubeda “Narrats”-ek ere (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) egin du abesti bat. Musikariok sortutako kantuez gain, Imanol Urbietaren “Alavatik Arabara”-ren bertsioa ere sartu dute CDan. Beste hainbat musikari ezagunek ere kolaboratu dute diskoan: Mikel Abrego (bateria), Mikel Zelaia “Mirri” (haizeak), Joseba Irazoki, Juantxo Arakama “Sofanbeltz”, Natalia Garmendia… Eta Karlos Osinagak berak grabatu ­eta nahastu du guztia, Tolosako Bonberenean. Argantzon Ikastolako arduradunen esanetan, sortu dena “harribitxi” bat da, “haur nahiz heldu dantzan jarriko dituena, apurtzailea, freskoa, zortzi hit biltzen dituen lan gazia, eta goxoa”.
DVDan, pailazoen beste ­abentura bat
Elkarlanaren emaitza da DVDko erreportajea ere. Argantzon Ikastolako kideen lana izan zen Trebiñuri eta ikastolari buruzko informazioa biltzea eta gidoiko ideia nagusia sortzea. Gero berriz, pailazoekin batera gidoiari forma ematen joan ziren eta ondoren, lokalizazioak, pertsonaiak, atrezzoa, etab. osatu zituzten: “Lan berria izan da guretzat, baina esperientzia oso polita eta aberatsa”.
Hala osatu zuten erreportajea, Katxiporretako Isa Fernandez de Agirreren gidaritzapean. Oraingo honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek abentura dibertigarria biziko dute Trebiñuko lurraldean eta historian barna. Mapan agertzen den hori laku bat delakoan, bainujantzi eta guzti abiatuko dira Panpoxa furgonetan; baina, bertan, sorpresa ederra hartuko dute! Trebiñuarrak ezagutuko dituzte, eta, halaber, Argantzon ­Ikastola. Erreportajeaz aparte, beste 3 bideo ere biltzen ditu DVDak: “Irria” kantaren bideoklipa, making off-a eta kredituak laguntzeko hanka-sartzeen bildumatxoa. 
Argantzon Ikastolako kideek ­azaldu dutenez, proiektuak hainbat eragile elkarrekin lanean aritzea ekarri du eta “horrek besteengandik ikastea ahalbidetzen du”. Ikastolako komunitateari begira ere onurak baino ez dituzte ­ikusten: “Familiak eta irakasleak inplikatzen direnean, batasuna sortzen da, eta horrek hain beharrezkoa den gertutasuna dakar. Proiektua norberarena dela sentitzeko balio du eta hori oso garrantzitsua da”. Gainera, ikastolako ordezkarien hitzetan, Trebiñun egoteagatik ikastolako lana egunero aurrera eramateko dituzten zailtasunei aurre egiteko, beharrezkoa da proiektua maitatzea, lanera ilusioarekin joatea eta oztopoei aurre egiteko indarrak batzea: “Ekimen honekin jaso dugun eskuzabaltasuna eta maitasuna ikaragarria izan da. Ilusioz bete gaituzte, indarberrituta aurrera goaz”.