GURE GIDA. LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrirako hezkuntza eraikitzeko tresna

2014-06-01
Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma ez ezartzeko neurriak proposatu dituzte hainbat eragilek, horien artean da Hik Hasi. 2013ko ekainean hartutako konpromisoa betez, “Gure gida” izeneko ­txostenaren zirriborroa osatu dute hala. Xedea inposaketarik ez onartzea da, LOMCE aplika ez dadin estrategia komunak lantzea eta Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko ­urratsak egitea. 
 
 

Herri eta eskoletan lantzeko ­estrategia

 Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak, hots, LOMCE legeak zein ondorio izan ditzake euskal hezkuntzan? Eta lege hori ez aplikatzeko zer egin daiteke? Nola joka dezakete irakasleek, ikasleek eta gurasoek? Zein neurri izan daitezke eraginkorrak? Eta nola lortu hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa? Galdera horiek oinarri hartuta, eta urtebeteko lanaren ostean, Gure gida. LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko ­izeneko txostenaren zirriborroa ondu dute hainbat eragilek: ELAk, LABek, STEE-EILASek, Ikasle Abertzaleak, ­Ikastolen Elkarteak, UEUk eta Hik Hasik. LOMCE antidemokratikoa, zentralizatzailea, doktrinatzailea, ­uniformizatzailea, merkantilista, ­atzerakoia, segregatzailea eta elitista dela deritzote. Hezkuntza erreformak lekarzkeen ondorio horiek izan dituzte jomugan hiru helbururekin: ­erreformari modu kolektiboan aurre egitea, ez aplikatzeko moduak lantzea eta gizarteratzea, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistema propiorako bidean urratsak egitea.

Maiatzaren 10ean Agurainen aurkeztu zuten gidaren zirriborroa 100 lagun ingururen aurrean eta berorri ­osatzeko parte-hartze prozesua ireki zuten bertan. Jardunaldiaren hasieran Sortzen-eko kide Aiora Epeldek azaldutako eran, gidak tresna dinamikoa izan nahi du, idatzitakotik praktikara eramateko orduan tokian-tokiko errealitate, erritmo, dinamika zein apustuei laguntzeko bitartekoa: “Prozesu honetan hezkuntza-komunitate eta herritar ororen inplikazioa sustatzeko mekanismoak ikastetxe eta herri-auzo asanbladak, blogak, eragile eta antolakundeekin bilerak… martxan jarri nahi ditugu”. Ekarpen guztiak jaso ostean, irailerako behin betiko gida prest izatea da  helburua, LOMCE indarrean sartzen denerako hain zuzen. 

Gida osatzeko ez dira hutsetik ­abiatu, badira adostasun zabala duten hezkuntza-mailako ekimenak eta Euskal Herritarren Hezkuntza Eskubideen inguruko batasuna ere kontuan izan da. Horrez gain, hezkuntza-sistemaren hainbat ardatz markatu dira: eredu deszentralizatua eta zentroen autonomia; ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena; kritikotasuna ardatz izango duena; pedagogia berritzaileetan eta euskal curriculumean oinarrituko dena; hezkidetza helburu duena; eta inklusiboa, parte-hartzailea eta demokratikoa, laikoa, integrala izango dena; eta elkarbizitza nahiz lankidetza bultzatuko dituena. Hori guztia adostuta izan arren, gidaren zirriborroan ageri denez, LOMCEk lekarkeen errealitateak kontrako helburuak ditu, eta eragileen iritziz, horrexegatik da garrantzitsua Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen hezkuntza erreformari aurre egiteko moduak aztertu, landu eta praktikara eramateko bideak egitea: “Horretarako ordea, ezinbestekoa izango da hezkuntza-komunitatea osatzen dugun guztion eta jendartearen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa”.

 

Pertsonak ardatz, konpetentzietan ­trebatzea xede  

 Gidaren alderdi pedagogikoa eta kurrikularra lantzeko hainbat adituren laguntza izan dute erakunde eta ­eragileek. Horietako bat da Mondragon Unibertsitateko irakasle Mariam Bilbatua. Aguraingo saioan ere berak eman zuen atal horien berri. 

 

ILDO PEDAGOGIKOA

1. Eskubide murrizketen aurrean hezkuntza eskubidea bermatzea 

Bilbatuak gidaren aurkezpenean azaldutako eran, globalizazioak eragindako desabantaila egoerei, belaunaldi berriak beraien testuinguruan errotzeko zailtasunei eta helduarora igarotzeko oztopoei erantzun integrala eman behar zaie. Izan ere, pertsonen eta jendartearen garapena prozesu kolektiboa da, ez prozesu indibiduala. Beraz, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako eraikitako hezkuntza-sistemak kontuan hartu behar ditu bertako herritarrak eta horien beharrak: “Oinarrizko Hezkuntzara etorrita, garapen pertsonal eta kolektibo baten bermea izan behar da hezkuntzak. LOMCEk ikasleen aukerak murriztu nahi dituen eran, gure hezkuntza politika, praktika eta erantzukizuna hezkuntza eskubidea bermatzera bideratu behar da. Jendartean ditugun desabantaila eta desoreka sozial, ekonomiko, pertsonal, kolektibo… konpentsatzea lortu behar dugu, haur eta gazte orori aukera berdinak ­izateko baldintzak sortuz”.

2. Eskola inklusiboa 

Hezkuntza eskubideak oinarri ­izanik, kalitatezko hezkuntzarako ­ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzen duen eskola jotzen du inklusibotzat gidak. Horretarako, gidaren egileek diotenez, irakasleek euren praktikaren gainean modu sistematikoan hausnartu behar dute, egunerokotasuneko eta gertuko jendarteari erantzun egokia eman eta etengabeko berrikuntza kultura eraikiz: “Kalitatezkoa izango da, ikasle bakoitzak bere gaitasun, potentzialtasun ­eta aukerak ahal bezainbeste garatzen dituena. Horretarako, beharreko zerbitzu, bide eta bitartekoak eskaini behar dira. Argi ikusten da, orain arte ez bezala, eskola inklusiboak hezkuntza-politikaren eta -sistemaren ­ikuspegia eta iparra izan behar duela. Ildo estrategikoa baino gehiago, sistemaren kultura izan behar da”.

3. Ikaskuntza-komunitateak hobekuntzaren oinarri gisa

Gidako alderdi pedagogikoa osatu duten adituek diote kalitatezko eskolak bertako hezkuntzako langileen garapena ahalbidetu eta bermatu behar duela. Ildo berean, uste dute irakasleen esku dagoela praktikaren hobekuntzarekin lotutako ezagutza garatzea. “Hezkuntzako langile ekipoak eskoletako errealitatea eraldatzeko indar-gune dira”. Zentzu horretan, gidan proposatu dute, LOMCEk ezarri nahi duen ikastetxeetako zuzendaritza eta kudeaketa ereduaren aurrean, lidergo partekatuaren eredua jarraitzea, “fokua hezkuntzako langileengan jartzea, horien konpetentzien garapenean, eta ez lidergo bakarrean eta boterean”.

4. Herri hezitzailea

Gidan irakur daitekeenez, ikasgelatik at badaude beste ikaste eremu batzuk ere (kalea, herria, aisialdiko espazioak, etab.) pertsonentzako ­ikasteko espazio esanguratsu izan daitezkeenak. Beraz, eremu horiek guztiak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen du: “Herria subjektu hezitzaile moduan ulertzen dugu, eta hemen kokatzen dugu ikasleen eskubideen bermearekiko komunitateko eragileen erantzunkidetasuna eta partaidetza printzipioak”. Azken xedea litzateke herritarren bizi-kalitateari eragitea, herritarren izaera eta demokrazia parte hartzailearen eta solidarioaren balioetan aritzeko asmoz.

 

ARLO KURRIKULARRA

1. Nolako jendartea nahi dugun halako hezkuntza-sistema eraikiko dugu

Gidak jasotzen duenez, hezkuntza-sistemak rol garrantzitsua dauka jendartearen kohesioan eta garapenean. Pertsonen eta jendartearen garapena prozesu kolektibo gisa ulertzen du, eta ez prozesu indibidual moduan: “Pertsonen eskubideak bermatu, beharrei erantzun eta hauek komunitateko kide gisa garatzeaz gain, komunitateko beharrak ­ere ardatz gisa hartu beharko liratekeela pentsatzen dugu”.

2. Curriculumaren antolaketa  

Euskal Herriko Hezkuntza-Sistemak bi xede defendatu beharko lituzke pedagogia-adituen arabera; batetik, pertsona gisa garapen integrala lortzea, pertsonaren alderdi guztiak aintzakotzat hartuz eta garapena posible egingo duten bideak eskainiz; bestetik, euskal herritar gisa norbere nortasuna eraiki ahal izateko jakintza eskuratzea eta jakintza horiek modu kontziente eta integratuan erabiltzea.

3. Oinarrizko konpetentziak curriculumaren ardatz

Jakintza eta trebetasunetatik harago doan ahalmen integratu gisara ­ulertzen dituzte gidaren egileek konpetentziak, eta pertsonak egoera konplexuetan moldatu ahal izateko prestatu behar direla uste dute: “Mundua interpretatu, bertan modu egokian moldatu eta etorkizuna eraikitzeko konpetente izango diren herritarrak eta jendartea izan beharko lituzke helburu gure hezkuntza-sistemak”.

4. Oinarrizko konpetentziak garatzeko marko metodologikoa

Sormena eta parte-hartzea ikaskuntzarako oinarrizko gako bihurtzen dira gidak zehazten duen marko metodologikoan. Izan ere, arazo konplexu, dimentsio anitzeko eta globalei erantzuteko gai izango diren pertsonak garatu nahi badira, ezagutzaren erreprodukzioa baino haratago, sormena, auto-erregulazioa eta barne motibazioa bermatzen duten espazioak sortu behar dira ikaste-irakaste prozesuei lotuta. 

5. Ebaluazio-markoa

Ebaluaziorako egoera errealak proposatuko lirateke eta ezagutza ­anitzen erabilera ahalbidetzen duen ebaluazioa egin beharko litzateke gida osatu dutenen irudiko, eta hasieran aurre-ezagutzak, esperientziak zein jarrerak bermatzen dituztenak, prozesuan auto-erregulazioa sustatzen dutenak, eta bukaeran hausnarketa bultzatzen dutenak.

 

LOMCE aplika ez dadin proposatzen diren neurriak

 1. Pedagogia eta curriculuma 

LOMCEk indar berezia ezartzen du datuen eta informazioaren ezagutzetan eta horien inguruko ebaluazioan, benetako hezkuntza berritzaile ­eta integrala oztopatuz. Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diete LOMCE ez onartzeko, eta horren ordez, Euskal Herriko errealitatea eta oinarrizko konpetentzien garapena kontuan ­izango dituen curriculuma eta pedagogia lantzeko. Herriz herriko curriculumak eta ikastetxeetako proiektuak indartzea ere proposatzen dute gidan.

2. Hezkuntza pertsonen eta jendartearen garapenaren zerbitzura

LOMCEren oinarrian hezkuntza ulertzeko guztiz ikuspegi atzerakoia gailentzen da prozesu eta konpetentzien garapena alde batera utzi eta ­edukien transmisioan oinarrituriko ­ereduak lehenetsiz. Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen zaie euren curriculum dekretuetan “LOMCEk inposatu nahi dituen ikuspegi atzerakoi, merkantilista eta doktrinatzaileak” ez sartzeko, ­eta “hezkuntza integral, laiko eta aurrerakoi” baten alde egiteko.

3. Espainiako Gobernuak kontrolaturiko ebaluazioei aurre egin

Ikastaldiaren amaieran LOMCEk dakartzan lau azterketak –Lehen Hezkuntzan bi, eta bana DBH eta Batxilergo amaieran– ez egitea proposatzen dute eragileek. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Espainiako Estatutik “inposaturiko ebaluazioei uko egitera” dei egiten die, ­eta hezkuntzako langileei, familiei eta ikasleei azterketetan ez parte-hartzera. Desobedientzia jendetsua izatearen garrantzia azpimarratzen da, “erabaki horiek langile, ikasle eta familia ugarik eta ikastetxe askok edo gehienek aurrera eramaten badituzte, arazoa administrazioek izango dutelako”.

4. Eskola demokratiko eta parte-hartzailea 

LOMCEk ikastetxeetan parte-hartzea gutxitzea eta zuzendaritzaren ­agintea handitzea dakarrela argudiatuta, ikastetxe bakoitzean kide guztien (zuzendaritza, hezkuntza-langileak, familia, ikasleak eta herritarrak) parte-hartzea eta erabakitze-ahalmena bermatzeko eskatzen da gidan, eta erabaki guztiak modu parte-hartzailean eta dmeokratikoan hartuko diren konpromisoa hartzeko. Ikastetxeetan batzarrak sustatzea eta herri eta auzoetan hezkuntza mahai edo batzordeak bultzatzea ere proposatzen du.

5. Ikasle euskaldun eleaniztunak

LOMCEk gaztelania hezkuntza-­ibilbidearen oinarrizko hizkuntza ­izatea derrigortzen duela dio gidak, hau da, beti bermatu beharko dela gaztelaniazko oinarrizko hizkuntza modua. Horrek benetako euskalduntzea oztopatuko duela argudiatuta, eskoletan euskara hizkuntza-ardatza izatea proposatzen da. Horrez gain, herriko eragileekin batera, ikastetxeko eremutik haratago zabaltzeko hizkuntza proiektua lantzeko eskatzen da eta euskararen zein gainerako hizkuntzen gutxieneko ezagutza mailak zehazteko: Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean, euskaraz eta gaztelaniaz C1 maila izatea (EGAren parekoa), eta B1 maila atzerriko hizkuntzan.

6. Berdintasuna, hezkidetza eta eskola inklusiboa

Hezkuntza-erreforma berriak ­ikasleen arteko sailkatze edo mailatzea dakarrelakoan eta berdintasunaren aurkako atzerapausoa delakoan, ikastetxeei banaketa goiztiarrik ez ­egiteko eskatu diete eragileei, eta familiei horrelakorik ez baimentzeko. Horren aurrean, aukera berdintasuna bermatuko duten materialak eta zerbitzuak eskura jartzeko galdegin dute eta eskoletako programak hezkidetzan oinarrituta diseinatzeko.

7. Kalitatezko hezkuntza guztientzat 

“LOMCEk erkidegoetako gobernuak bultzatzen ditu hainbat ebaluaziotan ikastetxeek lorturiko emaitzak publiko egitera. Horrek, guk nahi dugun heziketa inklusibo eta integralarekin zerikusirik ez duten irizpideetan oinarrituz, ikastetxeak sailkatzea bultzatzen du, euren arteko konpetentzia bultzatuz eta ‘eliteko’ eta ‘bigarren mailako’ ikastetxeak sortzeko ­arriskua handituz”, hala ageri da gidan. Horren aurrean, gidaren egileek ikastetxe eta zuzendaritzei proposatzen diete ikastetxeen artean lehiatu eta “eliteko” ikastetxe izatera bideratzeko espezializazio kurrikularrari, bikaintasun “karrerari” edota antzekoei uko egiteko, eta espediente akademiko ona duten ikasleentzat plazarik ez gordetzeko eskatzen dute.

8. Ikastetxeen autonomia eta hezkuntza-sistema osoaren gaineko kontrol eta kudeaketa demokratikoa

Itunpeko ikastetxeei erraztasunak ematen zaizkie, baina lan-baldintzen hobetzean edota kudeaketa eta kontrol publikoan pausurik eman gabe. Ondorioz, ikastetxe guztietan hezkuntza-komunitatea osatzen duten estamentu guztien parte-hartzea eta erabakitze-ahalmena guztien esku izatea proposatzen du eta hori bermatzeko ikastetxeetako organo nagusiak demokratikoki antolatuta ­egotea. Horrez gain, kontrol publikoa areagotze aldera, funts publikoen erabilerari buruzko datuak gardentasunez adierazteko eskatzen da.

9. Eskola-porrota eta langabezia ezkutatzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketa

DBHn zailtasunak dituzten ikasleentzat Oinarrizko Lanbide Heziketa sortu du LOMCEk. Gida osatu duten eragileek eskola-porrota eta langabezia ezkutatzeko bidea dela uste dute eta ikasleak hara ez bideratzeko eskatu diete ikastetxeetako orientatzaile eta familiei, kasu berezietan izan ezik (nolabait egungo HLPP/PCPI-ekin gertatzen den antzeko zerbait izango litzateke).

10. Lanbide Heziketa duala

LOMCEn bertan forma zehatzik ­ematen ez bazaio ere, Lanbide Heziketa duala legearen ardatzetako bat da. Kasu horretan, enpresek hezkuntza-sistemaren helburu eta diseinuan esku-hartze zuzena izango lukete. ­Eta gidan aipatzen denez, enpresek etengabe eskulan merkea lortzeko tresna ere izan daiteke. Ondorioz, gida ondu duten eragileek proposatzen dute ardura pedagogikoa eta kurrikularra beti ikastetxeen esku izatea eta ­inoiz ere ez enpresen esku, eta ikasleen eskubideak babestu eta lan baldintza egokiak sustatzeko beharra azpimarratzen dute.

 

Neurri horiek aurrera eramateak ekar ditzakeen ondorioak

 Gidan proposatzen diren hainbat neurrik ondorio positiboak dakartzate, eta ez kalte administratibo judizialik, ez langileentzat ezta ikasle eta familientzat ere. Horien artean daude herri hezitzaileari dagokiona (aurreko ataleko 4. puntua), ikasle euskaldun eleaniztunak bultzatzen dituena (5. puntua), berdintasuna, hezkidetza eta eskola inklusiboa indartzen dituena (6. puntua) edo ­ikastetxeen autonomia eta kontrol eta kudeaketa demokratikoa eskatzen duena (8. puntua).

Beste zenbait neurri hartuz gero, berriz, gobernu batak edo besteak ­ikuskariak bidal ditzakete eta neurria hartzearen gaineko ardura dutenei espedientea zabal diezaiekete. Neurri horietakoak dira aurreko atalean landutako bi: hezkuntza pertsonen eta jendartearen garapenaren zerbitzura jartzeko neurria (aurreko ataleko 2. puntua), eta guztientzat kalitatezko hezkuntza bermatzera bideratua (7. puntua). 

Azkenik, proposatutako zenbait neurrik kalte administratibo eta judizialak izan ditzakete langile, ­ikasle nahiz familientzat. Beste bi neurri daude horien artean: pedagogia eta curriculumari dagokiona (aurreko ataleko 1. puntua) eta Espainiako Gobernuak kontrolaturiko ebaluazioei aurre ­egitera bideratua (3. Puntua). 

Kasu horietan, gobernuek (Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak ­edota Nafarroako Gobernuak) ­ikuskariak bidal ditzakete eta ikastetxeetako zuzendaritzei edota hezkuntzako langileei espedientea ireki curriculum “ofiziala” betetzen ez aritzeagatik edota derrigorrezko azterketak ez egiteagatik. Kasu horretan inhabilitaziora iristeko arriskua legoke. Ikasle eta familien kasuan bestalde, kanpo-azterketak ez egiteari dagokionez, DBH eta Batxilergoko probak egiten ez dituzten ­ikasleak edota gainditzen ez dituztenak titulazio ofizialik gabe gera daitezke.