Itsaso GUTIERREZ: Amatxori esango diot…

2014-12-01

“Amatxori esango diot erosteko bi erloju, bata niretzat, eta bestea zuretzat, Maite. Zurea handiena”. Gaur ikastolan orduak ­ikasi ditugu. Erlojuak. Makiltxoa bostean jartzean eskua jaso behar genuela esan digu Maitek, gure andereñoak. Ni konturatu naiz. Bostean zegoenean esan diot, “Maite, Maite, bostean dago”, eta irribar egin dit. Nirekin pozik jarri da, eta bihar erloju bat oparituko diot. Amatxori esango diot.

Ainhoa nire laguna da, oporretan kanpinera joaten naiz berarekin, eta bere aitarekin, eta bere amarekin. Nik ez dut aitarik. Ama eta biok bizi gara bakarrik etxean. Ez dut inoiz izan. Baina lagun pila bat ditut. Ainhoa, adibidez. Berarekin egoten naiz ­ama lanera doanean. Eta bere amarekin. Berak badu aita, baina lanean egoten da. Ainhoaren amak txutxeak erosten dizkit.
Lorea ere nire laguna da, eta Ekain. Eta Jokin. Beno, Jokinek batzuetan jo egiten nau. Maitek esaten du haserretzen delako jotzen duela, eta ez egiteko kasurik. Baina niri ez zait gustatzen. Gero amatxori esango diot gaur ere jo nauela. Amatxok Jokinek jotzen banau, nik ere bera jotzeko esaten dit; edo, ez berarekin jolasteko. Baina, Jokin jotzen dudanean, Maitek ez egiteko esaten dit. Nik Jokin pozik egotea nahi dut. Horregatik batzuetan berarekin jolasten dut, ez haserretzeko, agian horrela ez du hainbestetan joko. Erlojuren bat izango al du berak? Utziko diot nirea, amak erosten didanean.
Nire lagunik handiena Ekain da. Ekainekin batzuetan piratetara jolasten dut. Eta kotxeekin. Karrerak  egiten ditugu, eta ­zirkuituak. Badakizu, ikastolan badugu ­ere etxe handi-handi bat. Batzuetan panpinak hartzen ditugu eta kanpinera goaz. Ainhoak ere gurekin jolasten du, ez beti. Gaur ez. Ez zuen nahi. Badugu oihal erraldoi bat. Lurrean jarri dugu. Eta janariak eraman ditugu. “Landas”etan egon gara. Eta piszinan plisti-plasta egiten. Eta toboganetik bota da Ekain. Eta busti ditu panpinak ­eta pirata itsasontzi bat aurkitu dugu eta oihalaren azpian ezkutatu gara. Beno, gure itsasontzia zen. Zeren bale batek jan gaitu. Eta Maite andereñoak zapiak jarri dizkigu buruan, piratek bezala, eta kartoizko ezpatak egin dizkigu. Eta balearen sabela puskatu dugu. Eta ate bat ireki, eta atera gara. ­Eta panpinak salbatu behar genituelako bueltatu. “Bagoaz lagunak, abordatzera!”. Eta atera ditugu. Ekainek platerak ekarri ditu eta jaten eman diegu, gose ziren-eta. Lo egiteko ordua iritsi da, eta mantitakin goxo-goxo utzi ditugu dugun saski urdin batean. Buruko zapia kendu du Ekainek, eta ni, orduan makiltxoa bostean zegoela ikusi dut eta Maiterengana joan naiz. Irribar egin dit.
Maitek “jasotzeraaaaa!” esan du. Hamaiketakoa jan eta atarira. Euririk ez zuenez  egiten baloia eraman dugu. Nik futbolean jolastea gustuko dut. Ainhoa sokasaltoan egoten da Lorearekin eta horiekin. ­Ekainekin ekipo egiten dut. Berak beti nahi du atezain izan. Maitek txandakatzeko esaten dio. Baina Ekainek beti nahi du izan atezain. Ni ez naiz inoiz izaten. Arratsaldetan bai, Ekainen aitatxorekin. Ez dit inoiz golik sartzen. Denak gelditzen dizkiot! Amatxok ez du jolasten, uste dut bere zapatek ez dakitela korrika asko egiten. Ekainen amarekin gauza garrantzitsuak hitz egin behar ditu. Bankuan egoten dira beti. Maitek ez du ezta ere atari orduan gurekin jolasten, segurunik ez du jakingo. Sokasaltoan jolasten ­egoten da, Lorea, Ainhoa eta horiekin.
Gaur Loreak neskek ezin dutela pirata izan esan du. Eta esan diot, ezetz, Ane pirata dela, eta neska dela. Loreak, neskek ezin dutela kotxeekin jolastu esan du, telebistan ikusi duela.  Eskuan nuen kotxea ezkutatu dudanean Maitek lasai egoteko esan dit, ­jolastu dezakedala. Amari galdetuko diot. Neskek panpinekin jolastu behar dutela ­esaten du Loreak, bere aitatxok hala esan diola, eta amonak. Horrela dela. Ekainek ­esan dio ezetz. Nik Maiteri esan diot, ni panpinekin jolasten dudala, etxean panpinak eduki baditudala. Badut Spiderman bat, ­eta Desdentado. Gerrak egiten dituzte eta mundua salbatzen dute, ilargiraino doaz zeruan zehar. Loreak esaten du ni mutila naizela futbolean jolasten dudalako. Amari zer naizen galdetu behar diot. Eta esan ere egiten du, neskak eta mutilak ezkondu ­behar direla pozik bizitzeko. Aitarik ez dudalako amatxo triste dagoela eta betirako bakarrik. Ez zait gustatu; nire amatxo nirekin dago, ez bakarrik, eta pozik. Gero esango diot, hiru erloju erosteko bat niretzat, beste bat Maiterentzat, eta handiena berarentzat, pozik jartzeko.