2015 urtearrila: Gure esku dago

2015-01-01

Bada adostasuna, bada ekimena, bada bidea, bada esperientzia.  Gure esku dago. Borondatea behar da: hasi etxetik eta kalera; kaletik erakunde gertuko eta gorenekoetara.

 
 

Urte zaharraren amaieran gauza txarrak surtara botatzeko garaia izaten da, eta berriaren hasiera, nahikari eta gurariak eskatzekoa. 2014ari begira jarrita, euskal hezkuntzak badu surtarako gairik: murrizketak, LOMCE, Falloux legea dela-eta Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen aurkako erasoak; Nafarroan Euskal Herria aipatzearen aitzakian Euskara eta Literatura ikasgaiko 22 liburu erretiratzeko sorgin-ehiza; Ziburuko ikastolaren aurkako erasoa; ­Iruñeko haur-eskoletan euskaraz matrikulatzeko ezintasunak, etabar.

Ezaren gudaz baietza sortuz, kontraren kontra bide asko urratutakoa da Euskal Herria, euskal hezkuntza propioaren  aldeko urrats asko egina. Gatazkak eta krisiak sormenerako, herrigintzarako eta eraikuntzarako akuilu ­izan ditu herri honek. Eta 2014an surtara botatakoak 2015a berotzeko erregai izango dira, beste behin.
Aldarrikapenetik festa egin dugu, bada, pasa den 2014 honetan ere, Zangozan, Argantzunen edo Senpereko lakuan, kasu. Izan da adostasunik, LOMCErekiko kontrakotasunak eragile asko batu ditu Hezkuntza Plataformen Topagunean, kalean, manifestazioetan... proposamen eraikitzaileak egin dira ildo beretik ELA, LAB, EILAS, Sortzen Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, UEU, Ikastolen Elkarteak eta Hik Hasik, arlo pedagogiko eta juridikoan aditu direnen laguntzaz eginiko Gure GIDA proposamen sorta kasu, adostasun eta ekimen horren erakusle. Arlo pedagogikoan, zabala izan da adostasuna, halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako curriculuma izan nahi duen Heziberri 2020 planaren baitako Hezkuntza Pedagogikoaren Markoa garatzeko unean ere, LOMCEren aurka zihoalako batetik, baina nagusiki gaitasun edo konpetentzien arloan sakontzen zuelako...
Euskal hezkuntzarekin konprometituak gauden irakasle, langile, guraso,  sindikatu eta eragileok badakigu zer behar dugun: haurra, nerabea, pertsona bere  ­osotasunean zainduko duen kalitatezko euskal hezkuntza-sistema propioa, gizarte konplexu honi erantzungo dion gizakia hezten lagunduko duen eskola horizontala; aniztasuna eta konplexutasuna bizitzen jakingo dituena, desberdinkeria eta informazio uholdeak kudeatzen jakingo dituen biharko eta gaurko herritarrak sortzen lagunduko duen eskola euskalduna, irekia eta inklusiboa. Bada adostasuna, bada ekimena, bada bidea, bada esperientzia.  Gure esku dago. Borondatea behar da: hasi etxetik eta kalera; kaletik erakunde gertuko eta gorenekoetara.
Etorriko da kontrako haizea, eza, guda. Erreformak,Falloux ez bada beste lege bat, testu-liburuak ez badira, beste erasoak... baina nork bere gelatik, eta ondokoarekin; nork bere ikastetxetik, herritik egin dezagun urratsa 2015 honetan, har dezagun bidea, gure esku dago-eta.
Eta eskuz esku, urratsik urrats, hezkuntza akordio zabal bat erdiestera bultzatu arte dagokiona, kalitatezko eskola euskalduna ekinez egiteko urtea ­izan dadila hasi berri duguna.