Ikastolen adierazpena: Hezkuntza, legez eta bidez.

2015-01-01

Ikastolen Elkarteak aurten antolatutako Hezkuntza, legez eta bidez topaketen barruan, ikastolek ­adierazpen publikoa egin dute, bidean egon litekeen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legeari begira, eta, indarra titulartasunean jarri ­beharrean, denon ­partaidetzarekin helburu ­orokorrak bideratzea ­proposatu dute, zerbitzu publiko gisa antolaturik. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta zuzendari Imanol Igeregik eman dute ezagutzera.

Hauxe da, ikastolen ­adierazpena:

 
 

Hezkuntza, legez eta bidez

Asaldura handiko giroa bizi dugu Hezkuntzan; mehatxu, erronka eta aukeraz betea, gizartean, oro har, hainbat faktorek eraginda bizi dugun bezalaxe, baina Hezkuntza munduan ezaugarri propioekin. Euskal Herriko Ikastoloi biderkatuta datozkigu mehatxu eta ­erronkak, administratiboki lau puskatan zatituta daukagun lurraldean saretuta gaudenez.
LOMCE eta Falloux legeei aurre ­egin beharrean gaude, gure hezkuntza-sistemari zuzenean erasotzen dioten bi mehatxu handi baitira. Euskarazko testuliburuen sorgin-ehiza abiatu duen Nafarroako Gobernua ere hor dugu; eta baita Euskararen Legean iragarritako aldaketa ere. Azkenik, Heziberri 2020 ere hor dugu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza berritzeko Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa.
Aukera, erronka eta mehatxu horien aurrean aldarrikatu dugu, gure izaeraren ardatz den gisan, Hezkuntza Sistema propioa behar dugula Euskal Herrirako, horrek bakarrik ziurtatuko digulako gure ikasleen, gure seme-alaben hezkuntza euskalduna, eleaniztuna, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa.
Xede hori eskuratzea une honetan ezinezkoa bada ere, urratsak egin behar dira Hezkuntza Sistema propiorantz, eta egun badugu horretarako aukera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatuta egon arren. Hezkuntza Legeaz ­ari gara. Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 egitasmoan aurreikusten du, eta lege baten beharra azpimarratu dute alderdi politiko nagusiek ere.
Mehatxu, erronka eta aukera horien aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu hezkuntza-munduan gabiltzan guztioi. Ez baita dagoeneko hezkuntza-alorrean gabiltzanon eskaera bakarrik; gizarteak eskatzen digu.

Nora jo, zer egin, norantz bideratu Hezkuntza Sistema propioa lortze aldera, datozen urteetan?

Testuinguru honetan Euskal Herriak, herri txikia izanik, aurrera egin nahi baldin badu, hezkuntza-hobekuntza aurrerabide, berrikuntza, geroa eta balio erantsi bihurtzen da, benetako lehengai, herri honen inbertsiorik hoberenetakoa. Bistan da, inoiz baino gehiago, hezkuntzak lehentasuna izan beharko duela.
Alderdi politikoek eta hezkuntza-­alorreko hainbat eragilek Eskola Itun ­eta Hezkuntza Lege berrien beharra ­adierazi dugu, behin baino gehiagotan.
Lege baten beharra azpimarratzen dugunean, zio hauetan oinarritzen dugu aldarrikapena:
- Gure gizartearen egituraketak, beste arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntza Legearen beharra du.
- Une honetan, sistemako ikastetxe erdiek baino ez daukate lege baten babesa.
- Lege baten egikerak, eskatzen dituen prozesuak eta hausnarketak, hezkuntza-arloko epe ertaineko helburuen eta lehentasunen definizioa argitzen lagunduko luke. Beste esparru batzuetako esperientziek erakutsi bezala, legearen erreferentzia ezinbestekoa ­izaten da hezkuntza-arloko helburuak eta neurriak planifikatu eta garatzerakoan.
- Hemen egindako lege batek, bide batez, kanpotik datozen lege atzerakoi eta zentralistei aurre egiteko edo, gutxienez, haien eragina minimizatzeko baliabideak eman ahal dizkigu. Zehazki, LOMCEri aurre egiteko tresnak ­eman ahal dizkigu.
Jakin badakigu lege batek, berez, ez dituela arazo guztiak konponduko, ez eta gai guztiak bideratuko ere; baina hezkuntzaren eremuko iparra definitzeko erabat lagungarria izan daitekeelakoan gaude. Adostasun zabalen gainean eraikitako sistema batek aldaketa sakon eta erreala uste baino arinago ­eragin dezakeela uste dugu. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari hezkuntza-lege bati ateak zabalduko dizkion prozesua lehenbailehen abian jar dezaten eskatzen diegu. Heziberri 2020 proiektuaren hirugarren egitasmoa, legearena, hain zuzen, lehentasunez bultzatu beharko lukete. Hobe gaur, bihar baino.
Aipatutako legeak eta bere baitan bilduko lituzkeen edukiek, Hezkuntza Sistema propio baterako atea zabaltzeaz gain, bereziki helburu eta lehentasun hauei erantzun beharko lieketela uste dugu, sendotasun osoz:
1. Titulartasuna gorabehera, zerbitzu publikoaren arabera hezkuntza-eskubidea gauzatzea eta garatzea, kontuan izanik hezkuntza eskubide unibertsala dela eta, beraz, euskal herritar guztion oinarrizko eskubidea, euskal gizartearen kohesioa sustatzeko eta gizarte-desberdintasunak gainditzeko lanabesa.
2. Euskara ardatz duen elebitasun ­erreala eta eleaniztasuna bideratzea, Europako Erreferentzia Markoak proposatzen duen hizkuntzen lorpen-maila erreferentziatzat hartuta eta eskola bakoitzak bere hizkuntza-errealitatera egokituta.
3. Konpetentzietan oinarrituriko euskal curriculumaren dimentsioa ­uztartu eta bermatu beharko lituzke Hezkuntza Sistemak.
4. Aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa garatzearekin batera, ikasle guztien eskola-errendimenduaren hobekuntza. Hots, bikaintasuna helburu izan behar dugu Hezkuntza Sisteman, horrek ikasle guztiengan eta ikastetxe guztietan eragin positiboa baitu.
5. Irakasle-jarduera eta funtzio berrituaren eraketa, irakasleriaren hasierako eta etengabeko prestakuntza eta ­irakasle-eskakizuna berrituz, hezkuntzako eta kudeaketako lidergoa ikastetxeetan sustatuz eta irakasle-jardunaren ­ebaluazioa eta banakako zein taldeko aitortza eginez. Eta, gorago aipatutako zerbitzu publikoaren definizioa aintzat hartuta, egoki deritzogu zerbitzu publikoa osatuko luketen ikastetxe guztietako profesionalen lan-baldintzak analogia-irizpideen bidez homologatuz joateari.
6. Hezkuntza Sistemaren eta bertan diharduen ikasleriaren beharrei bidezko erantzuna emateko, ezinbesteko jotzen dugu hezkuntza-baliabideen banaketa ekitatiboagoa egitea. Ez dago ­ikasleen beharrei ekitatez erantzuterik, baliabideen banaketa ez bada bidezkoa. Halaber, ikastolok behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu, gu gauden eskola-eremu bakoitzean, edozein beharrizan bereziko ikasleen eskolatzean gure matrikulazio-tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest gau­dela.
Topaketa hauetan, zerbitzu publikoaren ezaugarriei buruz jardun dugu. Adierazpen honetan, beraz, garapen handiagoa eman nahi izan diogu ezaugarri honen definizioari, alegia: nola ­ulertzen dugun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, hots, Euskal Hezkuntza zerbitzu publiko den aldetik. Bestalde, aztergai izan dugu lege batera eraman lezakeen prozesua.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa

Arestian esan dugu hezkuntza zerbitzu publikoa dela, eta, eskubide unibertsala eta, beraz, euskal herritar guztion oinarrizko eskubidea izanik, euskal gizartearen kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko lanabesa dugula.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ikuspegi publiko herritarrean kokatzen dugu, hots, komunitateari lotuta ­ikusten dugu, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu.
Euskal gizartean, hainbat titulartasun motatako ikastetxeak daude. Aldiz, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikora bildu ahal izango dira funts publikoekin hornituriko ikastetxeak, hots, ikastetxe publikoak, ikastolak eta itunpeko ikastetxeak, bakoitzaren nortasunari eutsita, eta hezkuntza-zerbitzuaren ­ezaugarriak beteko dituzte, eta ikasle guztien hezkuntza-eskubidea bermatuko dute, inolako bazterkeriarik gabe.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan, erantzukizun kolektiboa eta gizartearen partaidetza nabarmendu nahi ditugu. Alde batetik, zerbitzuaren planifikazioa, kontrola eta ebaluazioa administrazio publikoaren ardurapean egongo dira. Bestetik, zerbitzuaren diseinua, antolaketa, kudeaketa eta garapena botere publikoei eta hezkuntza-komunitateari egokituko zaizkie.
Horren arabera, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa gauzatzeko, botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza-komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztuko eta banatuko dira. Finantzaketa eta kontrolak, berriz, publikoak ­izango dira, berorren kudeaketa eraginkortasunean, gardentasunean eta kontrol sozialean oinarrituko baita.
Ikastetxeen autonomia, nortasun instituzionala eta kudeaketa bermatzeko, ikastetxeen eta botere publikoen arteko harremanak hitzarmenetan oinarrituko dira, askotariko titulartasun-ereduen osagarritasuna, aldeen nortasuna eta ezaugarriak zainduta.
Gizarte aurreratu eta moderno batean, herri-ekimena, hots, titulartasun soziala, ausardiaz sustatu behar da. ­Ikastetxeen hezkuntza-proiektuak hezkuntza-komunitate osoarena izan behar du (gurasoak, langileak, ikasleak eta tokian tokiko beste eragile batzuk), estamentu bakoitzak adostasunez proiektuan parte hartzen duen heinean zehaztuta. Demokrazia parte-hartzailea (ez bakarrik formala) zerbitzu publikoaren kalitatearen bermea da, zerbitzu publikoen antolamendurako giltzarri. Aurreko ezaugarri guztiak betetzen dituelakoan, aukeran herri-onurako kooperatiba hobesten dugu.
Demokratikoki kudeatutakoa izan behar du. Ikastetxeen hezkuntza-proiektuaren jabe hezkuntza-komunitate osoak izan behar badu, logikoki, haien kudeaketa partaidetzan eta demokrazian oinarritu beharko ditugu. Barrura begira, eskola osatzen duten estamentu guztien titulartasun partekatua bultzatu nahi dugu, betiere, estamentuen erantzukizun eta ardura-­banaketa adostuan oinarrituta. Kanpora begira, berriz, horrelako planteamendu batek administrazio publikoaren eta eskola-komunitatearen arteko deliberamendu elkartua adierazten du, ­erabakiak hartu eta gauzatzerakoan.
Gogoetagai uzten dugu, era berean, udalek kudeaketa-arlo honetan ­izan behar duten parte-hartzea, gure ­ikuspegitik, zerbitzu publiko baten egituran protagonismo handiagoa hartu behar bailukete udalek. Partaidetza horrek zerbitzuari gertutasuna eta aberastasuna emango lizkioke, herritarren beharraz ondoen jabetzen den erakundea horixe baita.

Legerako ibilbidea eta ikastolen konpromisoak

Honelako prozesu bat abian jarriz gero, prest gaude ondorengo konpromisoak hartzeko, ordezkatzen ditugun ikastolen izenean:
- Ikastolok eskola-akordio zabal eta ireki baten partaide izan nahi dugu, begi-bistakoa baita horren beharrizana euskal gizartearen egoeran.
- Partaidetzarako jarrera erakusten dugunean, partaidetza aktibo eta eraginkorra eskatzen dugu. Era berean, ­erantzukizunez eta adostasunaren alde jokatzeko konpromisoa azaltzen dugu.
- Eskola-akordioaren abiapuntua norberaren hezkuntza-eredua izango denez, guk geurea aurkezten dugu eztabaidarako ekarpen modura, eta, proiektu partekatu baten garapenean, gurearen aitortza eskatzen dugu.
Urrats berriak, bestalde, adostasun zabalen testuinguruan egin behar dira, iraunkorrak izan daitezen. Hezkuntzak antolakuntza eta planifikazio egonkorrak behar ditu, emaitza egokiak eskuratu ahal izateko, gobernuak aldatzen diren bakoitzean epe laburreko joan-­etorrietan ibili gabe.
Azkenik, hezkuntza-alorreko talde, sindikatu eta alderdi politikoei parametro hauetan jokatzeko eskatzen diegu, eta, era berean, prest gaude akordio zabala eta eraginkorra lortzeko behar bezalako arduraz, erantzukizunez eta malgutasunez jarduteko.•

Bilbo, 2015eko azaroa

EUSKAL HERRIKO IKASTOLAK