0-3. Hezitzaileen formazioa. Inma Ajona eta Edurne Lekunberri, Egunsenti Iruñeko udal haur-eskola

2015-02-01

Haur-eskola, ikerketarako laborategi handi bat

 
 

Reggio Emiliako esperientziak liluratu egin zituelako hasi ziren Egunsenti Iruñeko udal haur-eskolako jardunean aldaketak txertatzen. Proiektu pilotu bat jarri zuten martxan orain dela urte batzuk. Gela batekin hasi ziren, baina pixkanaka eskola osora zabaldu zuten esperientzia eta gainontzeko haur-eskolentzat ere erreferente bilakatu zen. “Reggio Emiliako eredua gurean txertatzea ez da egun batetik besterako kontua izan, urteetako ahaleginaren emaitza baizik. Gainera, gure xedea ez da Reggio Emiliako esperientzia Iruñean kopiatzea, hango praktikatik ideia batzuk hartu eta horiek Egunsentiko jardunera egokitzea baizik. Reggiok katigatu egin gintuen, eta gutxika proiektua eskola osoan aurrera eramatea lortu dugu”, hala kontatu zuten Inma Ajona haur-eskolako zuzendariak eta Edurne Lekunberri hezitzaileak 0-3 zikloko profesionalei zuzendariko otsaileko formazio-saioan. Eskolako funtzionamendua, antolaketa eta lan-modua azaltzeaz gainera, haurren heziketa errespetuzkoa izan dadin kontuan izaten dituzten hainbat gako ere eman zituzten.

Haurrek bata bestearekin harremanean ikasten dutela dioen premisatik abiatzen dira Egunsentin, eta Reggio Emilian bezala, umeek egiteko, esperimentatzeko eta sentitzeko aukera izan dezaten proposamenak prestatzen dituzte hezitzaileek. Horrez gain, dokumentazioari ere berebiziko garrantzia ematen diote, egiten duten guztiaren arrastoak uzten dituzte, argazkiak ateraz, bideoarekin grabatuz, idatziz jasoz... Eta hala euren eguneko jardunaren gaineko hausnarketa egiten dute: zerk funtzionatu du? zerk ez? zer aldatu behar da? Gainera, Reggio Emilian egin ohi duten gisara, Egunsentin ere, bikote pedagogikoka egiten dute lan, hau da, gela guztietan bi hezitzaile daude eta biak arduratzen dira haur guztiez, horrek hainbat abantaila ematen dizkiela uste baitute. Haurrarekiko begirunezko jarrera izatea eta haren erritmoak errespetatzea ere oso kontuan izaten dute Egunsentin; Reggio Emiliako eredua gogoan, itxaroten jakitearen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriz. Baina Reggio Emiliaren eragina ez da soilik funtzionala, baita espaziala, egiturazkoa edota administratiboa ere. Horren erakusle dira adibidez, testuinguru didaktikoari ematen dioten garrantzia edota sukaldariak nahiz laguntzaileak ere zuzenean Udaletik kontratatutako langileak izatea eta ez kanpokoak.

Proiektuka lanean

Egunsenti haur-eskolan proiektuka egiten dute lan, baina zer esan nahi du horrek? Lekunberrik formazio-saioan esplikatu zuenez, proiektuak beti ideia batetik sortzen dira, eta ideia horren atzean, normalki, behaketa eta interpretazioa egon ohi dira. “Horrek guztiak, baina, jarrera zehatz bat eskatzen du: entzuteko jarrera eta begirunezko jarrera. Kutsu subjektibo bat ere badauka, guk behatu dugunaz, gure interpretazioaz, gure nahiaz ari baikara”. Proiektu bat martxan jartzeko hezitzaileak ideia bati bueltaka hasten direnean, proiektu horren gaineko xehetasunak ere zehaztu egin behar izaten direla gaineratu zuen Lekunberrik. Proiektu hori testuinguru batean garatuko denez, Egunsentin asko zaintzen dituzte espazioa eta giroa. “Guretzat espazio-giroa hirugarren hezitzailea bezalakoa da, ez dago hor kasualitatez”. Loriz Malaguzziren hitzak gogoan, Lekunberrik adierazitako eran, espazio horretan bada testuinguru sozial bat ere: “ni naiz gu garelako”, hau da, besteekin harremanean ikasten du haurrak.
Testuinguru horretan hezitzaileek proposamenak prestatzen dituzte haurrentzat. Helburu nagusia izaten da umeei egiteko, esperimentatzeko, sentitzeko, ekiteko… ahalik eta aukera gehien eskaintzea. Gero, haurrek eurek erabakitzen dute proposamen horretan parte hartu edo ez, eta helduak haurraren erabaki hori errespetatzen du. Nola prestatzen dituzte, ordea, Egunsentiko hezitzaileek proposamenak? “Gela berean gauden bi hezitzaileok haurren ordutegien arabera sartzen gara eskolan, bata lehenagoa eta bestea beranduagoa. Biok batera gaudenean, adibidez, argi tailerra tokatzen bazaigu, bata haur talde txiki batekin tailerrera joaten da ­eta bestea gainontzeko haurrekin gelan geratzen da. Tailerrera doan hezitzaileak zer egiten du? Hamar bat minutu lehenago, haurrik gabe gelatik irten, tailerrera joan eta proposamena prestatu”. Proiektuek planifikazio-lan handia izan ohi dute atzean.
Reggio Emiliako ezaugarri garrantzitsuetariko bat da dokumentazio-lana. Han bezalatsu, egiten duten guztia oso ongi dokumentatzen dute Egunsentin: argazkiak atera, bideoz grabatu, idatziz jaso… Horrek proiektuaren gaineko nahiz hezitzaileen euren jardunari buruzko hausnarketa egiteko balio die: Zerk funtzionatu du proiektutik? Zerk ez? Zer aldatu behar da? Galdera horiei erantzunez, norbere buruaren behaketa eta bakoitzaren jokabideen gaineko gogoeta egiten dute. “Askotan ez gara zer eta nola egiten dugun konturatzen. Baina argazkian edo bideoan gure burua behatzen badugu, beti ikusiko dugu aldatzeko moduko zerbait”.  
Erantzunkizunak partekatuz
Bikote pedagogikoka egiten dute lan Egunsentin. Horixe da Reggio Emiliatik hartutako beste ezaugarrietako bat. Gela guztietan bi hezitzaile daude, eta biak arduratzen dira gelako haur guztiez, hau da, haurrek ez daukate erreferentziazko hezitzaile bakarra, bi baizik. Zergatik erabaki dute bikoteka funtzionatzea? Horrela lan egiteak izan ditzakeen hainbat abantaila zerrendatu zituen Lenkunberrik formazio saioan: Horietako lehena da bateragarritasuna edo osagarritasuna, hau da, hezitzaile batek ez duena besteak du, beste hitz batzuekin esanda, bi hezitzaileak elkar osatzen dira; bigarrenik, haurren gaineko ardura partekatzeko aukera ematen du; hirugarren tokian, ikuspuntu diferenteak dituzte bi hezitzaileek eta horrek haurrak epaitzeko arriskua murrizten laguntzen die, izan ere “juizioak egiteko joera handia izaten dugu hezitzaileok, normalki, haur batek zerbait egiten duenean hezitzaileari zerbait mugitzen zaio barnean, baina akaso beste hezitzaile bati beste zerbait mugituko zaio, hortaz, bikoteka lan egiteak barneko sentimendu horiek partekatzeko aukera ematen du, eta beraz, ez dut esango ‘ume hau horrelakoa da’, baizik eta ‘momentu horretan ume horrek era honetara edo beste horretara jokatu du’ esango dut”; laugarren abantaila giza harreman bat baino gehiago izateak ematen duen aberastasuna da, bai haurrek eta bai familiek aukera baitute bi pertsonarekin kontaktua izateko, “gainontzean, haur batek tokatu zaion hezitzailearekin konektatzen ez badu, zer egingo du ikasturte osoan zehar? Eta berdin gertatzen da familiekin ere, aldiz, bi hezitzaile badaude, bi eredu diferente dituzte eskura haurrek zein familiek eta harreman on bat eraikitzeko aukerak bikoiztu egiten zaizkie”; bosgarren tokian, hezkuntza lanetan sortzen diren emozioak, zalantzak, proiektuak, ideiak, ilusioak, hausnarketak, eztabaidak… partekatzeko aukera ematen du; seigarrenik, hezitzaileek ­ikasteko aukera dute beti, elkar behatu eta kritika positiboa egiteko aukera ematen baitu bikoteka lan egiteak; azkenik, talde txiki, ertain eta handiekin lan egiteko aukera ematen du, bakarrik egonez gero, berriz, ezinezkoa da talde txikiekin lan egitea.
Hala, haurrak talde txikitan joaten dira tailerrera, Reggio Emilian bezala. Kide gutxiko taldeak izateari garrantzia handia ematen diote Egunsentin, dokumentatzeko, behatzeko eta prozesu indibidualak jarraitzeko aukera ematen duelako. Lekunberriren hitzetan, modu horretan haurrentzat errazagoa da ikerketan murgiltzea eta beste haurrekin, hezitzailearekin nahiz ingurunearekin harreman ona eraikitzea, “haur batzuk talde handitan galdu egiten baitira, talde txikietan aldiz, harreman estuagoak sortzen dira eta gero harreman horiek tailerretik kanpo ere iraun ­egin dezakete”. Hezitzaileek tailer batean proposamen bat prestatzen dutenean oso kontuan izaten dute zein haurrekin joango diren tailerrera, zein proiektu ari diren lantzen une horretan eta momentu zehatz horretan haurrak nola dauden. “Aurrez pentsatutako haur horiei tailerrera joateko proposamena egiten diegu, baina norbaitek joan nahi ez badu, bere erabaki hori errespetatzen dugu eta beste haur bat gonbidatzen dugu haren ordez”. Proposamenak haurren interesei begirakoak izan ohi dira. Erabiltzen diren material guztiak berriz, desegituratuak izaten dira: poteen tapak, egur zatiak, kateak… Plastikozko jostailurik ez, baizik eta material errealak erabiltzen dituzte.

Helduaren jarrera, errespetuzkoa

Lekunberrik esplikatu bezala, ­Egunsenti haur-eskolako hezitzaileen zereginik garrantzitsuena haurrari ziurtasuna ematea da, ziurtasunik ­ezean haurrek ez baitute ikasiko, eta ez baitira garatuko. “Haurra seguru senti dadin helduak eskuragarri egon behar du eta haurraren ondoan egoten jakin behar du, hark nahi duena errespetatuz”. Entzuten eta itxaroten jakitea ere oso inportantea da, Lekunberriren ustez, baita beti begirunez jokatzea ere. “Askotan haurrek gorputzarekin esaten digute zerbait ez dutela nahi; guk nahi hori interpretatzeko eta errespetatzeko gauza izan behar dugu. Adibidez, haur bati mukiak kendu behar badizkiogu, aurrez esan egin behar diogu zertara goazen eta zergatik egingo dugun hori; egin ezin duguna da bat batean joan eta berari ezer esan gabe sudurrean tiraka hasi”.
Bestalde, hezitzaileak haurrarekin batera ikasteko jarrera eta nahia ­izatea ere garrantzitsua da, Lekunberriren irudiko, baita haien elkarrizketa mailan sartzeko prest egotea ere. Horrez gain, haurrek euren ikaskuntza prozesua gara ditzaten, hezitzaileek baldintzak sortu behar dituztela dio. “Adibidez, gure egitekoa da proposamen interesgarriak eskaintzen jakitea, materialak eta espazioak zaintzea, eta ezer egin edo ezertan esku hartu baino lehen behaketa lana ­egin eta horren gainean hausnartzea. Entzuten ere jakin behar dugu, eta horrek ahozkoa ez den komunikaziora adi egotea esan nahi du. Haurrak baditu 100 modu hitz egiteko. Hezitzaileak erne egon behar du haurrak zer nahi duen eta zer ez jakiteko eta erantzun egokia emateko”. Haurrei denbora eman behar zaiela gaineratzen du eta prozesuak ez direla aurreratu behar, hots, une bakoitzean haurrek ­ikasteko duten era onartu behar duela hezitzaileak. Proposamenak prestatzeko orduan Egunsentin kontuan izaten duten beste aspektu bat estetika da, konbentzituta baitaude estetikoki atsegina eta erakargarria denak gonbidatzen duela haurra lan egitera. Azken batean, Loriz Malaguzzik zioen bezala, eskolak ikerketarako laborategi handi bat izan behar duela iruditzen zaie Egunsentin, “non dakizkigun gauzak egiten diren, baina batez ere, ez dakizkigun gauzak gertatzea espero dugun”.