Naroa GAINTZA: Senti nazazu...

2015-02-01

Gaur borobilean eseriko gara  elkar ondo ikusteko.

- Nola sentitu zara Peru? - Ez dakit, zergatik?
- Eta zu, Arane? Zu nola sentitu zara?- Ni ondo…
- Zuk zer diozu, Aitor? - Ba…
Ia gehienek burua makurtzen dute, ez dute sentitu dutena azalerazi nahi besteen aurrean. Beldur dira, agian horrek min emango die, edo besteen begietara gutxiago sentituko dira, akaso barre egingo diete...
Burua makurtzen ez dutenek harridura aurpegiarekin begiratzen dute…
Otsaila izango zen hau entzun nuenean:    -Ez dut nahi, ez dut eskolara joan nahi, ez naiz zoriontsu.  
Larri utzi ninduen ikasle hari entzundakoak. Nire lehenengo urteak ziren irakaskuntzan, ikasleak euskalduntzea zen nire helburu nagusia, beste helburuak ez nituen oso argi, egia esan…
- Nola sentitu zara Maialen? - Ba… alai! Asko gustatu zait jolasa.
- Eta zu Jon? - Ez oso ondo, ez dute esan dudana kontuan hartu…
- Eta zu Julen? Zelan sentitu zara? - Gaur triste samar nago, ez dut hitz egin nahi…
Inork ez ninduen inoiz galdetu zelan sentitzen ziren nire ikasleak beraien ikasgaietan, euren jarreraz hitz egiten zidaten soilik, egiten ez zuten guztiaz, jarrera txarraz eta eramango zituzten notei buruz. Akademikoegiak ziren helburu denak eta ez zen ume haien errua alde kognitiboa horren garatua ez izatea…
Nolako eragina du pertsona batek taldean?  Nolakoa taldeak pertsona batengan? Eta
irakasleak? Zer nolako  eragina izango du irakasle batek ikasleengan?
Hau buruan dudalarik, andereño Ikernerekin gogoratu naiz. Bere pultseren musika gogoratzen dut marrazkiak koloreztatzen zituenean,  bere altzoan eseri eta goxotasunez hitz egiten ninduenean, beti euskaraz... Andereño Ikerne gogoratzen dut kariño handiz.  Ostiraletan errenkada luze batean eseri eta
erregaliza banatzen zigun, bakoitzari bi.
- Nola sentitu zara, Udane? - Oso ondo,
- Nola sentitu zara zu, Naia? - Ni ez nau
inork lagundu, txarto sentitu naiz.
- Julen , zelan zaude gaur?  - Hobeto nago, eskerrik asko.
Gabriel ere gogoratu dut, nerabezaroan hurbildu zitzaidan irakaslea. Ez nintzen ez
ikasle fina izan sasoi batean, klaseko orduak milaka hitz idazten ematen nituen, musika,
igeriketa eta literatura interesgarriagoak ziren niretzat matematika edo fisika eta kimika baino. Egun batez, Gabriel 10 minutuz elkartu zen nirekin, begietara begira hitz egin zidan, konfiantzaz, berak ez ninduen izorratu nahi, lagundu nahi ninduen baina ez zekien nola…  
- Nola sentitzen zara taldean, Nerea? - Ez oso ondo.
- Eta zu, Mikel? - Batzuetan ondo, besteetan ez hainbeste…
Laurak, unibertsitateko irakasleak, nire poema eta narrazio bilduma eskatu zidan irakurtzeko, bera idazlea zen eta nik bere lana miresten nuen. Hala zioen nire letren artean utzi zuen post-itak: “Garrantzitsuena baduzu: pasioa, deskribatzeko grina eta indarra. Ez
utzi guztiz amatatzen orain pizturik duzun sumendia”. Euskarako irakasle izan nuen Laura, hurbila eta nortasun handikoa. Geroztik idazten jarraitu dut, euskaraz batez ere.
- Arkaitz, garrantzitsua al zara taldean?
-Noski, besteak bezain garrantzitsua.
- Eta zu, Maider? -Baietz uste dut, denok gara inportanteak taldean, ez?
Nirekin hurbilak izan ziren irakasleak gogoratzen ditut, ulertu nindutenak, nire azalean modu batean edo bestean jarri zirenak… Maitasunez tratatu nindutenak… Emozio haiek, momentu inportante haiek, euskaraz bizi izan nituen, irakasle haiek eredu ziren niretzat, eurek eta ziurrenik euren hizkuntza ere, agian horregatik eta bidetik gertatu zitzaizkidan beste esperientzia on batzuengatik aukeratu nuen euskara bizitza honetan aurrera egiteko.
- Zer kontatuko diguzu gaur, Beñat? - Oso pozik nago, talde osoak helburu bat lortu du.  
Nire 12. ikasturtea da irakaskuntzan eta azkenengo 5ak Euskal Girotze Barnetegietan eman ditut lanean. Barnetegiak; pertsonak euren emozioekin batera hazteko eskolak. Sentitzen ikasteko etxeak, modu kontzientean emozioak lantzeko tokiak, ikasle parekideak eraikitzeko eremuak, taldea indartzeko lekuak,  euskaraz sentitu eta bihotza euskaratzeko planetak. Barnetegiak; eskoletako
errealitatetik urrun dagoen sistema.
- Zer esan nahi duzu, Leire? - Nik beldurra nuen baina Jonek eskutik eraman nau eta konfiantza eman dit.
XXI. mendeko eskola planteamendu konpetitiboak, pertsona ez zoriontsuak hezten ditu. Sistema kapitalistak, kontzientzia materialistak, ikasle bakoitzari ez egokitutako helburuak,  curriculum itogarria, goxotasun ezak, …  
- Joan aurretik zerbait esan nahiko zenukete?
- Ni oso gustura sentitu naiz!
- Nik ez dut errenkadetan eseri nahi gelan, horrela ez dugu elkar ikusten.
- Orain guztiekin jolasten dut!
- Nire lagunekin euskara gehiago hitz
egin dut.
- Niri hasieran ez zitzaidan gustatzen nire sentimenduei buruz hitz egitea, ez nagoelako ohituta, baina gero normala iruditu zait.
Gaur egun, barnetegietan ikasi eta sentitutakoa eta gero, nire helburua ikasleak goxotasunez tratatzea da, norberari behar dituen aukerak eskainiz. Horrela, agian, egunen batean, atzera begiratzean nirekin gogoratuko dira eta nire hizkuntza aukeratuko dute.