Urko AROZENA: Koherentzia

2015-07-01

Goizeko hamaikak. Kafe bat hartu nahian nabilela, lehen zalantza azaldu da: bidezko merkataritzakoa aukeratuko dut, ala merkexeagoa dena? Azukre zuriz ala stevia naturalez gozatuko dut? Esnea Euskal Herriko behiren batena ote da? Eta zer jaten ote du behiak? Baserrian hazitakoa ala haztegi handi horietako batekoa ote da?

Makina begira daukat, zain. Badirudi horrelako galderak egiten dituzten bezero asko dauzkala, baina ez du laguntzen erantzunetan... Galderak datozkit, behiaren ingurukoak: pozik bizi ote da? Zer pentsu jaten ote du, merkea ala bidezko merkataritzakoa? Behiaren osasun emozionala eta energetikoa zainduko duena, ala arduradunaren interes ekonomikoen araberakoa?
Une batez, makinak harridura azaldu duela iruditu zait... Makina bat da, ­ezinezkoa!
Sosak hartu bidenabar, galderak eta galderak: eta belarra? Zer ongarrirekin indartu ote dute? Zer egoeratan zabaldu ote du baserritarrak? Zer neurritan, belarrarekiko errespetuz, lurrarekiko ­errespetuz ala teknikariek, multinazionalen esanei fin jarraituz, aholkatzen dituzten basakeriak eginez?
Eta belar-hazia? Noren eskuetatik pasatu da hazia? Baserritarrak kontzientzia guztiarekin bere arbasoek egiten zuten eran zaindu ote du, ala Monsanto eta horrelako terroristen esku ote dago?
Kafe honek kalte egingo didalakoan nago...
Eta baserritarra? Errespetatua sentitzen ote da?  Gizarte honek lehen sektore deritzon horrekiko errespetu minimoa azaltzen duela iruditzen ote zaio? Egiten duen lanak (gu guztiok ekologikoki elikatzea, maitasunez zaindutako barazkiak eta belarrak eskaintzea...) merezi duela uste ote du?
Nire ezbaian murgilduta, atzealdean mugimenduak nabari ditut. Makina erabili nahi duten beste bezero batzuk azaldu dira. Txanda utzi diet haiei, hausnarketaren muinera iristeko behar dudan denbora errespetatzeko asmoz.
Makinak ez du muzinik egin. Makina bat da. Ez du jarrera bat edo bestea hartzen; aginduak betetzen ditu, ez du zalantzarik.
Nire baitan, belar-hazia haurrak bezala ikusten ditut: inozenteak, etorri berriak. Orain, baserritarra, teknikaria eta makina gu geu gara, eta gure barrura zer, noiz eta nola sartu erabaki genezake. Gu gara, irakasle eta guraso zereginetan, lurra nola zaindu edo lurra zanpatu erabaki genezakeenak; gure seme-alabak eta ikasleak maitatuko eta ­onartuko ditugun eta duintasunez eta errespetuz lagunduko diegun, ala haiek eta gu kontuan hartu gabe eta beldurrean oinarrituta gizarteko makina zintzoak izan daitezen lagunduko dugun erabaki behar dugunak. Ikaragarri lagundu genezake, maitasunaren aldera lerratzen bagara. Zirrarak ditugu bidelagun.
Duintasunez eta errespetuz, jarrera argi bat hartzea erabaki dut. Kafea hartzea ez zait komeni, urduri jartzen nau, egun osorako daukadan energia lehenago kontsumiarazten dit; gainera, ­egunaren amaieran pazientzia gutxiago dut. Maite ditudanei maitasuna adieraztea zailago egiten zait.
Nire bizitza da. Nire esku dago. Nire ardura da.
Ni nirekiko koherentea izaten saiatzen banaiz, koherentzia horretara gerturatuko naiz. Ni koherentea banaiz, ingurukoak koherenteagoak izan daitezen lagunduko dut, haiek hala nahi badute.
Hara, bada! Kafea hartzeko denbora pasatu zait!