2015eko uztaila: Aurrera, gogoz eta irrikaz

2015-07-01

Formazioan jasotakoak fruituak emango baditu, funtsezkoa da besteekin partekatzea, elkarrekin lan egitea eta jakintza sozializatzea. Hain zuzen ere, horixe ahalbidetu nahi dute Udako Topaketek.

 
 

Duela 20 urte, 1995eko ekainean ­ikusi zuen argia hik hasi aldizkariaren lehen zenbakiak. Euskal irakaskuntzaren arloko partaide guztien informazio, eztabaidagune eta elkargunerako bitarteko izateko jaio zen. Irakaskuntza euskalduna eta autonomoa aldarrikatzen zuen, zatiketa administratiboak gaindituz Euskal Herri osorako izango zena. Argi zuen zeregina: herritarrek kalitatezko euskal hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzea.

20 urte geroago ere, zeregin horretan jarraitzen dugu, euskal hezkuntza josteko lanean. Baina ikasturte hau, lanerako ez ezik, ospakizunetarako ere ­izan da. Ilusioz bizi izan dugu ikasturtea eta halaxe ospatu dugu Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren 20. urteurrena: euskal hezkuntzaren komunitatea osatzen dugun guztiok elkartuz, eta denon artean eztabaidatuz, hausnartuz eta ­eraikiz.
Azaroan Reggio Emiliaren gainean egindako jardunaldiak eta apirilean “II. Herri Hezitzailea, Eskola Herritara” ­izenburupean eginikoak izan ditugu bilgune nagusi. 1.400 pertsonatik gora elkartu ginen jardunaldiotan. Eta ­orain, Udako Topaketekin ospakizunen gailurra erdietsi nahi dugu . 47 ikastaro eskaini ditugu orotara, eta aurten, lehen aldiz, Donostian ez ezik, Bilbon ere ­egingo ditugu topaketok. Guztira 600 lagunek baino gehiagok hartuko dugu parte. Ez dago esan beharrik: formazioa da Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren zutabe garrantzitsuenetariko bat, sorburutik.
2.000 pertsona inguru hezkuntzaren gainean eta euskaraz formatzen aritzea, bada zerbait! Argi dago hezkuntzako profesionalon prestakuntza beharrezkoa dela gizarteko aldaketen aurrean nola jokatu jakiteko eta sortzen ­ari diren eskakizun berriei erantzuteko. Baina, formazioan jasotakoak fruituak emango baditu, funtsezkoa da besteekin partekatzea, elkarrekin lan egitea ­eta jakintza sozializatzea. Hain zuzen ­ere, horixe ahalbidetu nahi dute Udako Topaketek.
hik hasi aldizkariaren 200 zenbaki, gida pedagogikoak, Hazi Hezi aldizkaria, monografikoak, Udako Topaketak, bidaia pedagogikoak, jardunaldiak, material didaktikoa… Hamaika publikazio, egitasmo eta proiektu bideratu du Hik Hasik egunez egun eta urtez urte. Baina hori guztia ez zatekeen posible izango bidelagunik gabe, irakurlerik gabe, formazioetan parte hartzen duten profesionalik gabe, esperientziak eta ekarpenak bidaltzen dizkiguten irakaslerik gabe, proposamenak ­egiten dituzten eskolarik gabe, aholkuak ematen dizkiguten arloan arloko aditu eta unibertsitateko irakaslerik gabe, eguneroko funtzionamenduan laguntzen gaituzten Hik Hasiko kiderik gabe… Finean, zuek guztiok gabe.
Eskerrik asko 20 urte hauetan alboan izan zaituztegun denei eta ekin diezaiogun hamarraldi berriari gogoz eta ­irrikaz. Segur aski, erronka eta proiektu berriz beterik egingo baitigu ongi-etorria datorren ikasturteak ere.