ALTZAGA IKASTOLA. GU BAGOAZ... URRIAK 12, ALTZAGA ZABALIK

2016-11-01
 
 

Gu bagoaz… Hori  izan zen urriaren 12an ikastolara etortzeko gonbidapena luzatzeko erabili genuen leloa. Argi genuen. Eusko Jaurlari-tzak inposatutako egutegian gorriz agertu arren, euskaldunok ez dugu egun horretan zer ospatu. Ikastolako egutegian, egun hori gure hezkuntza-proiektuarekin bat datorren martxoak 8a gatik ordezkatzea onartu zen klaustroan zein OOGn, baina lege-arazoak direla medio ezin izan genuen gure erabakia bete. Horregatik, oztopoen gainetik, beste bide bat bilatu genuen. Egutegi ofizialetik kanpo, ikastolako ateak hezkuntza-komunitate osoari ireki genizkion eta amesten dugun ikastola bilakatu genuen egun horretan Altzaga. 70 haur, 60 familia, 15 irakasle, jantokiko 10 hezitzaile, Kalezulo gaztetxeko 20 gazte eta hainbat ikasle ohi elkartu ginen Bekoako patioan 11:00etatik 13:00etara.

Emozioz eta ilusioz betetako eguna izan zen, magikoa hein batean; elkarlana eta komunitateak sortzen duen energia berezia usaindu eta dastatu egiten baitziren. Familiak etorri baino ordu eta erdi arinago, tailerrak dinamizatu behar genituen irakasle, hezitzaile eta gazteok bildu ginen, nork bere ardurapean egongo zen tailerrerako materiala eta espazioa prestatzeko. Mugimendu handiko uneak izan ziren, hunkigarriak, eta proiektu komun batek sortzen dituen pertsonen arteko hari ikusezinak erraz ikusten ziren, aurretik elkar ezagutzen ez genuen pertsonen artekoak ere. Gogoa, ausardia, prestutasuna eta elkarrekiko laguntza arnastu egiten ziren.
Bederatzi gunetan banatu genuen espazioa: Gure ametsetako ikastola hiru dimentsiotan (birziklatutako materialekin maketak, eraikuntzak…); Aurpegiak margotu (Ama lurra, Galtzagorri, Ortzi, Maritxu teilatuko, Mari, Akerbeltz…); Esperimentazio-txokoa (irina, lurra, ura, arrautzontziak, intxaurrak, egurrezko piezak…); Irakurketa-txokoa (Altzagako eta Euskal Herriko historia, bestelako ereduak zabaltzen dituzten ipuinak, urtekariak, liburuak…); Ortu ekologikoa berpiztu (ekainetik zaindu gabeko ortua martxan jarri); Ametsen txokoa hizkiz eta irudiz (graffitiak eta oihalezko horma-irudia –artilez, zintaz, makilekin, errotuladorez…–); Sukaldaritza-tailerra (umeekin batera jaki goxo eta osasuntsuak prestatu eta jateko); Txalaparta-tailerra eta oreka lantzeko Slackline soka.
Adin askotako eta mila koloretako pertsonak elkartu ginen giro ezin hobean, gure aniztasunaren eta aberastasunaren adierazle. Tailer batetik bestera, elkarrengandik eta elkarrekin ikasiz, komunitateaz gozatuz eta beste edozein egoeratan pentsaezinak diren elkarrizketak eta konexioak sortuz. Pantxiketa tximeleta ere, gure euskararen zaindaria, ikastolara etorri zen eguna gurekin gozatzera. Gure ikastola publikoa benetan eremu publiko bilakatu zen.
Eta orain zer? Orain, erein dugun hazia zaindu eta ekimen honi jarraipena emateko zenbait aukera aztertzen hasita gaude. Martxoak 8a, adibidez, guretzat esanguratsua den eguna, parekidetasuna eta hezkide-tzarekin lotutako egun ospagarria, “jai” bihurtuko dugu. Ikastolara lanera joan arren, inoiz baino bereziagoa, parte-hartzaileagoa eta sorpresaz betea bilakatzeko asmoa dugu egun hori. Ildo beretik, datorren urteko urriaren 12rako ideiak biltzen hasi gara eta beste jai arrotzen egunetan egin genezakeenaz pentsatzen.
Bai, Altzagan bagoaz. Bagoaz LOMCEtik, HEZIBERRItik eta metodologia zaharkituetatik. Duela hiru ikasturte gure metodologiaren inguruan hausnartzen hasi ginen eta dagoeneko sozio-konstruktibismoan oinarrituta, proiektu bidezko metodologiaren aldeko hautua egin dugu. Testu liburuetatik eta etxerako lanetatik aldentzen hasi gara dagoeneko  maila guztietan, eta emozioak, aniztasuna eta hezkidetza gure eguneroko lanaren ardatz bilakatu dira.
Eta batez ere Altzagan bagoaz aurrera. Urrats txiki baina sendoak eta ausartak emanez. Ezinak zalantzan jarriz, elkarlanean aurrera. Ekimenari eutsiz, protesta eta irudikatzetik haratago, bidea eginez. Indarrez jantzitako oinetako mingarriak erantzi eta oinutsik geure bideari ekin diogu. Altzaga aske bat nahi dugulako. Txikitasunetik handitasunera. Ametsetatik errealitatera.
Zorionak Altzaga!
Zorionak Erandio!

Bideoa ikusgai:   

http://erandiokoaltzagaikastola.blogspot.com.es/