GELARA!

2016-11-01

Jolas garaia da, sei urte ditut eta ikasgelara hurbildu naiz arnasestuka, amak hamaiketakorako prestatu didan mokaduaz akordatu naizelako bat-batean. Irakaslea atean da eta alboan dagoen bankuan eseri naiz, oinak zintzilik, txorizo pamplona bokata irensten. Gainontzeko ikaskideekin lanpetuta ibili naiz ordura arte, zuhaitz artean sortua dugun txabola atontzen aritu baikara, eta hamaiketakoa bukatu aurretik, hainbat dira nekatuta inguratu diren ikaskideak ere.

Irakasleak galdetu digu: “nekatu al zarete jada?” eta gehienek baietz. “Deituko ditugu gainontzekoak orduan?”, eta aste horretan misio horretarako izendatutako arduradunek eskola inguru guztiak gurutzatuko dituzte “gelaraaa!!!” oihukatzen duten artean.
Batxilergora iritsi arte txirrinaren soinu desatsegina ezagutu ez duen belaunaldikoa naiz ni; Hernaniko Langile Ikastolan jolas garaiak geuk hasi eta bukatzen genituen irla pedagogiko horretakoa hain zuzen ere. Pupitre indibidualari beldurra geniona, talde-lanean hazi egiten ginela bagenekielako. Testu liburuak oso berandurarte zer ziren ere ez zekiten horietakoa, guk lan-tratoak egiten genituelako, ikasleen artean lehendabizi, irakasleekin ondoren.
Oroitzen dut, lurrean esertzen ginela, borobilean, bakoitzak etxetik ekarritako kuxinetan. Baina oroitzen dut behin, ikaskide batek kontzientzia hartu zuela eta beraz gela osoaren aurrean adierazi, irakaslea aulki batean esertzen zela. Irakasleari esan zion, modu salatzaile eta mesfidatian, eta hark galdetu zigun ea zer iruditzen zitzaigun hori, zergatik ote zen. Han ikasi genuen hierarkiaren esanahia lehendabizikoz, eta handik aurrera, nahi zuenak aulkia hartu ahal izan zuen eserleku. Parez pare sentitzeko-edo.
Astero (gehiagotan ez bazen), tarte bat eskaintzen genion taldeari. Honek harekin izandako haserreari, bestea mindu izanari, borrokatu izanari. Eta hor ikasi nuen, kolpeek adina min egin zezaketela hitzek, defendatzea zilegi zela, baina batik-bat, denok genuela taldean gertatzen zen ororen ardura.
Gaur egun hala ere, atzera begira jarrita, nahiko utopikoa zait jasotako hezkuntza molde hori, ez dakit ez ote dugun guk geuk ere oroitzapen bakoitza azukretu egungo hezkun-tza sistemaren gabezien aurka; ez dakit ez ote dugun gure eskola-bizipen perfektuekin alternatibarik badagoela frogatu nahi, baina egia dena da, eskola garaiek gordetzen dituzten ohiko traumak ukatu gabe, itzuli egingo nintzatekeela tarteka hara, txabola hartara, txorizo bokata eskuan, gelara itzultzeko gogoa sartu arte.