Irakasle guztiok izan beharko genuke feminista

2017-03-01

HEZKIDETZAN HEZI GINTEZKE,

HEZKIDETZAN HEZI GENITZAKE GURE IKASTETXEETAKO HAURRAK. ERABAKI KONTUA DA. LEHENTASUN KONTUA DA. BAINA JUSTIZIA KONTUA ERE BADA.

 
 

Martxoak badakar zortzigarrena aurki. Eta gogoratuko dugu, oraindik ere, pobreziak emakume aurpegia duela, emakumezkoek lan baldintza, postu eskasagoak, soldata txikiagoak dituztela, eta gogoratuko dugu egunik egun gure herrietan emakume eta neskak bortxatuak direla, erailak izan direla, eta izango direla. Gogoratuko dugu emakumeak direla etxeko lanaz eta zama familiarraz arduratzen direnak. Beste urtebetez gogoratuko dugu. Orain, gure esparruan, eskolan, gure ikastetxean, gure gelan, gure haurrekin, zer egiten dugu diskriminazioa bukatzeko, neskei eta mutilei aukera berdinak eskaintzeko, batzuei besteei baino gehiago ez exijitzeko, mutilei neskei baino arreta gehiago ez eskaintzeko? Guk geuk, geure postutik, zer egiten dugu gizarte parekideago baten mesedetan?

Betaurreko moreak janzteko unea da, oraino jantzi ez baditugu. Gainontzean neskei otzan, isileko izaten irakatsiko diegu, eta mutilei zabar, oldarkor. Horretarako sortua izan delako eskola, bere hastapenetatik. Eta gu ere, betaurreko moreak jantzi ezean, horren konplize gara. Gu ere feminista izan ezean, hezkuntza sexista erreproduzitzen ari gara.

Patioa da sistemaren sinbolo argia: mutilak erdigunean jolasean, eta neskak bazterretara behartuak. Hor historiako, filosofiako, matematikako, zientzietako edo etikako eskolan baino gehiago ikasten du haurrak, larrutik. Eta patioko sentimendua testuliburuek, afixek, materialek sendotuko diote gero.

Edo hezkidetzan hezi gintezke, hezi genitzake gure ikastetxeetako haurrak. Erabaki kontua da. Lehentasun kontua da. Baina justizia kontua da: zergatik hezi behar ditugu mutilak pribilegioetan, boterean? Zergatik hezi behar ditugu neskak mendeko?

Martxo honetako hik hasi berezia egin dugu. Ia osoki hezkidetzari eskaini diogu, merezi duelako. Merezi duelako irakasleok gure jardunaz hausnartzea, zer aldagai diskriminatzaile ditugun egunero eskuartean, horrek zer ondorio pertsonal eta akademiko dituen aztertzeak merezi duelako. Denok baikara izan berdintasun irakasle.

Eta aldizkari honekin batera, Chimamanda Ngozi Adichieren Guztiok izan beharko genuke feminista liburua jasoko duzu, irakasle. Suedian 16 urteko ikasle guztiek jasotzen dute liburu hori etxean, bereziki neskak baina baita mutilak ere beste era batera hezteko euskarri bat izan dezaten. Eta hik hasi-k aukera berbera eman nahi die Euskal Herri osoko ikasleei, eskura dezatela feminismoa, jantzi ditzatela betaurreko moreak, diskriminazioa antzematen ikasteko lehendabizi, eta, ondoren, gainditzeko tresnak eskura ditzaten. Guztiok izan beharko genukeelako feminista. Sinpleki azaltzen du zergatia Adichiek, sutilki egunerokoan bustitzen gaituzten tantak ikusarazten ditu, baina baita ikusezin diren hariak ere, sustraietan daudenak eta goi hodeietan funtzionatzen dutenak. Irakasleok ere ikusi behar ditugunak, desberdinkeria-irakasle izan ez gaitezen.