POSIBLE DA

2017-06-01

HARREMANEK BIZITZAKO ASPEKTU

GUZTIETAN dute ERAGINA. GAIZKI
TRATATUA DEN HAURRAK NOLAKO TRATUA EMANGO DIE BERE KIDEEI? NOLAKO
HARREMANAK ERAIKIKO DITU?

 
 

Posible da, bai, bestelako harreman-eredu bat posible da. Osasuntsuak, errespetuzkoak. Hitz horien benetako balioaz hausnartzeko parada eman ziguten Herri Hezitzailea, Eskola herritarra jardunaldien hirugarren ekitaldiek. Eta atxikimendua, taldeko parte izatea, mendekotasuna, askatasuna, jazarpena, parekidetasuna... hitzok guztiok berriro pentsatzeko aukera eman ziguten. Hitz hutsalak baitira, norberak bere buruari galdetzen ez badio hurkoa errespetuz hartzen duenentz beti? Eta haurra? Ikasleak? Errespetuz, errespetuak bene-benetan esan nahi duen zentzu horretan.

Gai arantzatsu bat jarri genuen jardunaldion erdigunean: Harremanak. Arantzatsua, hasteko eta behin norberetik hasten baitira harremanak, eta beraz, norbere buruaz hausnartzera eraman gaitu aurtengo jardunaldiak. Nola harremantzen naiz ni? Nola nire ikasleekin? Errespetuz, baina benetako errespetuz? Eta oro har haurrekin, jendartearekin, gizon zein emakune, bertan jaio zein kanpotik etorritakoekin? Norbere beharrei eta gabeziei begiratzea eskatzen du harremanez hausnartzeak, betetzeko noski, hobetzeko beti. Zorionez, hobetzerik bai baitago beti.

“Haurra etorkizuneko pertsona” da eskolarentzat, beraz, haurra subjektutzat hartzen al du eskola-sistemak? Gaur eta hemen, gure eskoletan dauden ikasleei arreta eskaintzen al die bene-benetan, ala etorkizuneko gizarte horretan pentsatzen ari da eskola? Horra Heike Freirek utzi zigun hausnarketa bat.

Eta Leo Pahkin Finlandiako Hezkuntza ahol-kularik ongizatea eta bikaintasun akademikoa eskutik doazela erakutsi zigun, Finlandiako Hezkuntza Sistemaren helburua pertsona onak sortzea eta herritar onak sortzea baita, eta horren xerka, urterik urte, emozioak, komunikazioa, zaintza, enpatia lantzen dituzte, espresuki. Haur guztien ongizatea zaintzeko.

Baina adibiderik bikainena etxekoek eman ziguten: Donamartiriko Arberoa ikastolakoek. Ongizatea helburu, ikastolako bizitza osoa, eta orobat jakintza ardatz horretara dute ekarria. Eta ongizatea arnasten da bai Arberoan. Komunikazio Ez Bortitza lantzen dute haurrekin, baina ez haurrekin soilik, baita familiekin eta irakasleen euren artean ere. Maialen Etxart irakasleak esan bezala, “tratu onak, ongizate nahia eta Komunikazio Ez Bortitza, ez dira ikastolan soilik aplikatzen ditugun gaiak, horiek bizitzara eramaten ditugu, bizitzako aspektu guztietara”. Ikastola zoriontsu baten adibide hunkigarria, Donamartirikoa, zinez.

Harremanek bizitzako aspektu guztietan baitute eragina. Gaizki tratatua den haurrak nolako tratua emango die bere kideei? Nolako harremanak eraikiko ditu? Nolako pertsona izango da? Nolako langilea, nolako nagusia, nolako irakaslea, nolako bikotekidea, nolako gurasoa, nolako adiskidea, nolako herritarra?

Bada posible da hazi osasuntsuak ereitea. Hurrengo gizartea ez dadin hau bezain gaixoa izan, hain mendeko, hain otzan, hain zorigaiztoko. Eta egungoa ere osasuntsuago bilaka dadin. Izan posible baita.