DBH-N PROIEKTUEN BIDEZ LANEAN

2017-06-01

Erromatik mundura, eta mundutik Andoainera

 Erromatar Inperioa abiapuntutzat hartuta, proiektuen bidez ari dira lanean Andoaingo Leizaran institutuan, DBHko 3. eta 4. mailetako dibertsifikazio gelako ikasleak, Josune Iñarraren eta Leontxo Valverderen gidaritzapean. Helburu nagusia gazte horien gizarteratzean laguntzea da, eta bizitzaz duten ikuspegia zabaltzea; aldi berean, proiektuen bidez jorratu nahi dituzte curriculumak zehazten dituen xedeak. Zortzi ikasleko talde batean, zientzien arloko tutore da Valverde, eta humanitateen eremukoa da, berriz, Iñarra. Ikasleok haiekin lantzen dituzte irakasgai guztiak, espezifikoak izan ezik. Laugarren ikasturtez ari dira proiektuen bidez lanean.

2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan, “Erromatik mundura, eta mundutik Andoainera” izeneko proiektua landu zuten.

 
 

Maketak egin, eskala landu, baratzean lan egin, enpresa bat sortu, kontabilitatea eraman, kozinatu, egurrarekin sukaldeko armairuak egin, denetarik egiten dute proiektuen bidez Andoaingo Leizaran institutuko dibertsifikazio gelako ikasleek, erreferente diren bi tutore horien laguntzarekin. Leontxo Valverderekin, zientzien arloko gaiak lantzen dituzte: teknologia, matematika, naturaren zientziak… Josune Iñarrarekin, berriz, humanitateekin lotutako gaiak lantzen dituzte: euskara, literatura, gizarte-zientziak… Eskolako ordu gehienak bi tutoreokin igarotzen dituzte DBHko 3. eta 4. mailetako zortzi ikasleek, eta horrek parada eman die, gelako harremanak sendoago eraikitzeko ez ezik, edukiak beste era batera antolatzeko ere. Hala dio Valverdek: “Irakasgaietan, beti errepikatzen dira gauzak, matematikakoa fisikan, euskarakoa gaztelanian… Horrela antolatuta, askoz ere probetxu handiagoa ateratzen diegu eskola-orduei. Iruditzen zait eredu horrek primeran funtzionatuko lukeela, ikasle horiekin ez ezik, eskola osokoekin ere”. Hauxe zehaztu du Iñarrak: “Kontuan izan behar dugu ikasle hauek gizarte-egoera zailak bizi izandakoak direla, eta, hasieran, nahiko gatazkatsuak izan ziren gelako harremanak. Baina, denborarekin, talde-lanean ikasiz joan dira, eta hobetu egin dira ikasleen arteko erlazioak nahiz haiek gurekin dituztenak. Hasiera ez zen samurra izan, baina oso pozik gaude orain”.

Laugarren urtez ari dira lanean Leizaranen era horretara, proiektuen bidez. 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan, “Erromatik mundura, eta mundutik Andoainera” izeneko proiektua landu zuten 14 eta 15 urteko hamahiru gazterekin, eta, lortutako emaitzekin pozik daudenez, bide horretan jarraitzen dute lanean. Erromatar Inperioa abiapuntutzat eta Erromarako bidaia jomugatzat hartuta, ekintza-kate bat jarri zuten abian, hainbat eduki, praktika eta balio jorratzeko. Besteak beste, bost arlo hauek zerrendatu dituzte Iñarrak eta Valverdek:

- Giza eskubideen defentsa: taldearen aniztasuna aberastasun gisa ulertzea.

- Arlo kulturala: gelan eta gelatik kanpo, kulturak eta hizkuntzak errespetatzen ikastea.

- Hezkuntzaren arloa:  jakintzagaiak gizartean integratzeko tresna gisa erabiltzea.

- Ingurumenari dagokion arloa: baratzea lantzea, konposta egitea eta produktuak ekoiztea.

- Osasun-arloa: dieta orekatu bat prestatzen eta ondo elikatzen ikastea. Era berean, hemengo produktuak ezagutzea eta garaian garaiko elikagaiak kontsumitzen ikastea.

Erromarako bidaia antolatzea helburu hartuta, bi urtetan zehar garatu dute “Erromatik mundura, eta mundutik Andoainera” proiektua, eta hamaika jarduera egin dituzte denbora horretan:

- Erromako patrizio-etxe baten maketa egin: jarduera horrekin abiatu zuten proiektua. Helburua garai bateko gizarteko estamentuetan bizitza nolakoa zen ulertzea zen, eta, horretarako, garai hartako film eta bideoak ikustea, eraikuntza nagusien ezaugarriak aztertzea, erabiltzen zituzten materialei buruzko informazioa bilatzea… Garai hartako irudietan oinarrituta, maketa bat egiteko diseinua landu zuten lehenik; materialak antolatu zituzten ondoren, eta maketa egin zuten azkenik. Valverdek dioenez, talde-lanean aritu behar izan zuten jarduera horretan, eta negozia-tzen ikasi behar izan zuten. Maketa bukatutakoan, Donostiako EHUko Arkitektura Fakultatean eta Leizaran ikastetxeko sarreran erakutsi zuten.

Iñarraren hitzetan, sinplea eman badezake ere, askorako ematen du maketa bat egiteak: “Hasieran, pentsatu genuen patrizio-etxe baten gela bat soilik egitea, baina, gustura ari ginenez eta asko ikasten ari ginenez, etxe osoa egitea erabaki genuen. Ikasleek Interneten begiratu behar izan zuten, bai eta entziklopedietan eta liburuetan ere, patrizioen bizimodua nolakoa zen jakiteko. Baina zer-nolako egiturak erabiltzen zituzten? Zein kolore erabiliko zituzten, eta zein ez? Zer jaten zuten? Sukaldean patatak jarri behar zituzten? Zer kolore jarriko zieten pertsonei larruazalean? Txorakeriak eman dezakete, baina sekulako zehaztasunetara iristeko aukera eman dezakete horrelako galderek”. Adibidez, ikasle batek maketan busto bat jartzea proposatu zuen Baina zer tamainatakoa egin behar zuten? Eskala lantzera eraman zituen horrek ikasleak, eta, horretarako, matematikako ordua erabili zuten. Izan ere, teorian, astean bi ordu zeuzkaten proiekturako, baina, praktikan, bestelako orduak ere erabili zituzten, proiektuak hainbat arlo lantzeko aukera ematen zienez. “Azken batean, maketa egiteak matematikan neurriak eta eskala lan-tzeko aukera eman zigun; plastikan, diseinua eta koloreak landu genituen; teknologian, materialak; hizkuntzen arloan, latina, euskara, gaztelania eta, oro har, Europako hizkuntzak; eta abar”, argitu du Iñarrak.

-Maketaren ezaugarriak azaltzeko bideo bat editatzea: Erromako patrizio-etxearen maketa eraiki ostean, bideo bat egin zuten ikasleek maketa horren ezaugarriak ondo islatzeko, eta, bide batez, informazioa tratatzen eta teknologia digitala erabiltzen ikasi zuten. Horretarako, beste maketa batzuen inguruko bideoak ikusi zituzten; zer kamerarekin grabatu erabaki zuten; zer programa erabili eztabaidatu eta adostu zuten, eta hausnarketa egin zuten jendeari erakutsiko ziotenaren gainean. Grabatutako irudiak aukeratu eta bideo-muntaketa egin ostean, ikastetxeko gainerako ikasleen aurrean erakutsi zuten. Hala kontatu du Iñarrak: “Grabazioak sakelakoarekin egitea adostu genuen, eta maketa pertsona baten ikuspegitik erakusteko aukera eman zigun horrek. Sakelakoa maketa barruan sartuz, xehetasun guztiak grabatu genituen, eta oso efektu politak lortu genituen”.

- Ikasketa-bidaia antolatzea: jarduera honen barruan bisitatuko zituzten lekuak hautatu zituzten; aurrekontuak eskatu zituzten, eta dirua lortzeari ekin zioten. Besteak beste, baratzeko produktuak saldu zituzten, bai eta haiekin prestatutako jakiak ere, hala nola marmeladak, tortilla, ogitartekoak…— Polboroiak, kamisetak edota zozketa-txartelak ere saldu zituzten.

- Turismo-gida osatzea: Erromarako bidaiaren prestaketari lotuta, Erroma hiriari buruzko turismo-gida bat sortu zuten guztien artean. Banaka edo binaka, Erromako eraikuntza, plaza edo monumentu bat aukeratu zuten, eta haren gaineko informazioa bilatu, eta euren hitzetan azaldu zuten idatziz; beste gida turistiko batzuen ereduak hartu, eta testu mota horien ezaugarriak aztertu zituzten; argazkiak aukeratu zituzten; hiri baten planoa interpretatzen ikasi zuten; autobus eta metroko geltokien kokapena eta ibilbidea ikertu zuten; italieraren oinarrizko hiztegia aukeratu zuten, eta, lan guztiak bildu ondoren, forma eman zioten turismo-gidari. “Azken batean, pertsona edo bikote bakoitzak Erroman bisitatuko genuen zerbait aukeratu zuen, eta horren inguruko deskripzioa egin zuen; hoteletik leku horretara autobusez, trenez edo oinez nola irits zitekeen ere zehaztu zuten. Hala, hizkuntzarekin loturiko gaiak ez ezik, ikasleen ardura ere landu nahi izan genuen. Horrela, norbait galduz gero, bazekien nora joan behar zuen, bai eta toki hartara nola heldu ere”, dio Iñarrak.

Gainera, Erroman bertan, plazak, eraikuntzak zein monumentuak bisitatzerakoan, ikasleek eman zituzten azalpenak: pertsona edo bikote bakoitzak gidarako landutako informazioa aurkeztu zuen ikaskideen aurrean. Valverdek dio askoz gehiago motibatzen duela norberak landutako zerbait besteen aurrean aurkezteak edota azalpenak ikaskide baten ahotik jasotzeak. “Gainera, gure ikasleek bazekiten nora eta zertara zihoazen. Monumentu baten aurrean, hala esan zuen ikasle batek: ‘2.000 urte dauzka honek? 2.000 urte zutik?’. Ez da gauza bera eduki hori aurretik landuta eramatea edota norbaitek ‘eraikin hau halako urtetan egin zuten’ esatea zuri. Askoz ere zentzu handiago du norberaren baitatik jabetzeak gauzak zer eta nola diren”.
 
- Bidaiaren egunerokoa egitea: Erroman ikusten, ezagutzen, senti-tzen, bizitzen… ari zirenaren gainean, oharrak hartu zituzten ikasleek, eta, han esperimentatutakoan oinarrituta, eguneroko bat osatu behar izan zuten Andoainera itzulitakoan. Xede nagusia bidaian bizitakoaren lanketa emozionala egitea izan zen.  

- Enpresa kooperatibo bat sortzea:  Proiektuaren hasieratik, enpresa bat sortzea erabaki zuten, kontuan hartuta finantzaketa lortzea dela gaitzena ikasketa-bidaia bat prestatzerako orduan. Enpresa baten organigrama zein den ikasi ahal izan zuten hala, bai eta gastuak eta irabaziak kontrolatzen edota kontabilitatea eramaten ere; matematikako hainbat gaitasun garatu zituzten hala.

Enpresaren bitartez, baratzeko ekoizpena, sukaldean eraldatutako produktuak eta bestelako salmenta-kontuak bideratu zituzten. Hasteko, ikasleek baratzea lantzen zuten, garaian garaiko eta hemengo produktuak ezagutzeko, lurra lantzen ikasteko, norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasunak garatzeko, eta, bide batez, hainbat produktu salduta, ikasketa-bidaiarako dirua ateratzeko. Bestetik, baratzeko elikagaiekin nahiz dendan erositako beste batzuekin, zenbait jaki prestatu zituzten: hain zuzen ere, errezeta jakin bat prestatu zuten astero, garaiko produkturen bat oinarri hartuta, eta errezeta horren txostena egin zuten. Eta jaki horietako batzuk saldu ere egin zituzten.  Iñarrak dioenez, eguneroko bizi-tzarako baliagarriak diren ekintzak egiten ikastea zen xedea. Azkenik, bestelako produktuak ere saldu zituzten (kamisetak, bitxiak, zozketa-txartelak…).  Eta horren guztiaren kontabilitatea eramaten ikasi zuten.
Horretarako guztirako, Leizaran ikastetxean Gizarte Integrazioko goi-mailako modulua egiten ari diren ikasleen laguntza izan zuten. Era boluntarioan, enpresa aurrera eramaten lagundu zieten, bai eta gelan sortzen ziren liskarrak bideratzen ere. “Kontuan eduki behar dugu ikasleak hainbat tokitan egon daitezkeela une berean: batzuk baratzean, beste batzuk sukaldean, beste batzuk gelan edota informatikako aretoan… 4-5 boluntariok eman zuten izena guztira, eta bakoitza ikasle talde txiki batekin egoten zen. Adina tarteko, ikasle haiekin gurekin ez bezalako harremana sortzeko balio izan zuen. Gazte haiek gertuko erreferente bilakatu ziren gure ikasleentzat”, dio Valverdek.
Baratzearekin nahiz sukaldearekin lotuta, beste hainbat ekintza ere egin zituzten ikasleek proiektuaren baitan; hala nola, sukaldeko armairua egin egurrarekin eta hari giltza jarri; eguzki-plakaren bidez udan baratzea ureztatzeko bonbarekin dabilen ur-depositu bat jarri; baratzeko erremintak gordetzen dituzten txabolaren teilatua konpondu…

- Kulturartekotasun-jaia antolatzea: ikastetxe osoarekin batera, kulturartekotasun-jaia ospatu zuten. “Kontuan izan behar da gure ikasleen % 25 inguru etorkinen familietakoak direla. 27 naziotako jendea daukagu orotara. Horrexegatik, kanpokoa ezagutu ostean, egokia irudi zitzaigun Andoain osatzen duten komunitate guztiek elkar ezagutzea, eta, gastronomia ai-

tzakiatzat hartuta, denok ikastetxearen inguruan elkartzea”. Hala, ikasleen jatorrizko herrialdeetako jakiak jarri zituzten dastagai ikastetxeko areto nagusian, eta hezkuntza-komunitate osoak hartu zuen parte jaialdian. Besteak beste, elkarrekin bizitzen, pertsona gisa garatzen, eta egiten eta ekiten ikastea izan dira jarduera horrekin landu nahi izan dituzten gaitasun orokorrak.  

- Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin “Maite zaitut” abestia hainbat hizkuntzatan grabatzea: kulturartekotasunari lotuta gogoeta bati ekin zioten Leizaranen: “Denok hain desberdinak izanik, zerk lotzen gaitu?” Argi ikusi zuten euskara zela guztiek zuten tresna komuna, denei balioa ematen ziena. Hala, bururatu zitzaien “Maite zaitut” abestia euren gelako ikasleen jatorrizko hizkuntzetan grabatzea ideia polita izan zitekeela, eta Porrotxekin harremanetan jarri, eta euren nahia aurrera eramatea lortu zuten. “Garate estudioetan egin genuen grabazioa. Guretzat, festa-egun handi bat izan zen. Sekulako parranda egin genuen ikasle eta irakasleok!”.

Iñarrak eta Valverdek argi dute ezinbestekoa izan dela sareko lana “Erromatik mundura, eta mundutik Andoainera” proiektua garatzeko. Jende askoren laguntza behar izan dutela diote. Eta gorabeherak gorabehera, zailtasunak zailtasun, “erabat asebete” ditu proiektuak. “Dimentsio pedagogiko handiko proiektua izan da. Esan daiteke curriculumeko arlo gehienak ukitu dituela. Proiektu horren bidez, aldez aurretik zekizkiten zenbait gauza praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek, eta ez zekizkiten beste hainbat ikasi egin dituzte”.  
Curriculumak eskatzen duena bete dute, gainera, eta egoki garatu ahal izan dute DBHko 4. mailako programazioa. Ikasleek euren titulua lortzeaz gain, ikasketetan aurrera egiteko bidea ireki dute. Dibertsifikazio gelako ikasle horiek gizartean integratzeko eta gizartetik at ez geratzeko egindako ahaleginak ere “izugarrizko oihartzuna” izan duela diote irakasleek, bai ikasleengan, eta baita herriko jendearengan ere. “Garrantzi handia eman genion hasiera-hasieratik ikasleen autoestimua lantzeari. Euren buruari buruz zeukaten pertzepzioa aldatzea izan zen erronka. Ikasturtean zehar, poz handia eman digu beraien bilakaera ikusteak. Gauza asko egiteko gai direla ikusi dute ikasleek. Prozesua ez da erraza izan. Bakoitzaren gorabeherei, autoestimu faltari, eskolara ez etortzeari eta eguneroko liskarrei aurre egin behar izan diegu. Baina bukaerako emaitza ikusteak erabat estali ditu prozesuan zehar pasatako une txar guztiak”.