Erriberako ikasleak Errigora goratzen

2017-12-01

 

Azaroaren 2an, Nafarroako Erriberako Lodosako Ibaialde, Vianako Erentzun eta Tuterako Argia ikastoletako ikasleek egun-pasa egin zuten Ablitasen, Aragoiko mugan. Helburua, Errigora ezagutzea: zertarako sortu zen, zer ekarpen egiten duen eta Erriberako euskal taldeei nola eragiten dien entzun eta hausnartu zuten, baita parte hartu ere bertan antolatutako HERRILANEAN. Izan ere, aurten,  Errigorak HERRILANA hartu du kanpainako lelotzat, eta ideia horretan jarri nahi izan dute arreta eta egin nahi izan dute indarra; Errigora,  behetik gorako HERRILAN erraldoi, alai, anitz, praktiko eta komunitarioa dela deritzotelako.

 

 
 

Ablitaseko ekitaldian, ikasleekin batera, hainbat hezitzaile, Jose Mari Agirretxe “Porrotx” pailazoa eta Josu Txapartegi “Txapas” aritu ziren abesten, dantzatzen, Erriberako produktuak dastatzen eta herriko olio errota bisitatzen. Porrotxek azalpenak eman zizkien ikasleei Errigoraren gainean, eta, errotako langile Carlosek oliba-olioa ekoizteko egiten den prozesu osoaren ibilbidea erakutsi zien, eta hark emandako azalpenak euskarara itzuli zizkien ikasleei pailazoak.

Ondoren, Erriberako produktuak dastatuz hamaiketako ederra egin zuten. Horrez gain, lan ere egin zuten 6-15 urte bitarteko neska-mutilek, kaxak (saskiak) osatzen, hurrengo egunetan Euskal Herri osoan banaketa lanetan ariko ziren bolondresentzat produktuak prestatzeko.

 

Zer da Errigora?

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Norabide horretan, egunetik egunera gero eta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osatutako sare anitzak. Txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dute, “Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa”.

 

Zeintzuk dira Errigoraren helburuak?

  • Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun.
  • Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea.
  • Herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

 

“Zubigintza”, iazko leloa

Zubiek amildegian bidea egiten dute. Aparteko munduak lotzen dituzte. Bazterrak erdigune bihurtu. Ametsak errealitate.

Zubigintza amildegiak gurutzatzeko artea da. Bizkarrez dauden munduak elkarri begira jartzekoa. Ertza abiapuntu bihurtzekoa. Alegia egia egitekoa. Horixe da, hain zuzen, Errigoraren langintza: zubiak eraikitzea.

Zubiak eraiki dituzte euskal herrien artean. Ablitas eta Arrasate lotzen dute, edo, Ainhize eta Tutera. Euskal herritarren arteko zubiak eraikitzen dituzte, auzolanean eta bizipozez.

Zubiak eraiki dituzte: lurra eta euskara lotu dituzte, auzolana eta elikadura-burujabetza, nekazariak eta euskaltzaleak, ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuak...

 

Hiru kanpaina urtean

Urtero, hiru kanpaina prestatzen dituzte. Lehenengoan, udaberriaren hasieran, oliba-olioa banatzen da. Bigarrengoan, udaren atarian, hainbat kontserba-pote edo lata banatzen dira: orburuak, esparragoak, tomatea, piperrak… Eta, hirugarrengoan, udazkenean, hainbat produkturekin osatutako kaxak edo saskiak bana-tzen dira. Azken salmenta horren % 25 Erriberako euskararen aldeko elkarteei ematen zaie hango euskara egoera hobetzen joan dadin.

 

Izandako lorpenak

Errigora osatzen duten ekoizle, sarekide eta kontsumitzaileei esker, Nafarroa hegoaldeko uzta Euskal Herriko 200 herritan baino gehiagotan banatzen da. 6.000 etxetara heldu zen iaz (aurreko urtean baino %20 gehiago), 86.500 litro olio (%15 gehiago) eta 208.000 ontzi kontserba (%30 gehiago) banatu ziren. Produktu guztiak bi moldetan eskaintzen dira: konbentzionala eta ekologikoa.

Errigoraren bolondres sareak ere, gero eta jende gehiago du. Gero eta gehiago dira auzolan ariketa horretan ari direnak. Eta kontsumitzaileen ikuspegitik ere, gero eta gehiago dira bertoko produktuen alde egiten duten kontsumitzaile arduratsuak, bertako ekoizpen eta merkaturatze ereduaren alde egiten dutenak. 

Azaroaren 3an, Ablitaseko herri kooperatiban, kanpainan parte hartu duten 25 ekoizleak elkartu ziren. Errigorak zabaldu dizkien plaza berriak, kontsumitzaileekiko sortzen ari diren harreman zuzenak eta etorkizunera begira ekimenak sor ditzakeen merkatu eta zirkuitu alternatiboak izan ziren mintzagai. Iniziatiba herritar batek izan dezakeen erreferentzialitate eta indarraz jardun ziren.

Azaroaren 4an, berriz, saskiz saski, katelanean, milaka herritarren eskariei erantzuteko, Euskal Herri osotik joandako bolondres asko hurbildu zen Ablitasera. Batzuk urrunagotik eta besteak hurbilagotik, baina guztiak ilusio eta alaitasun osoz duten onena emateko asmoz. Gustura prestatu zituzten ondorengo asteetan 200 herri baino gehiagotan banatuko diren saskiak edo kaxak.