‘Blogetan.eus’: euskarazko blog guztiak biltzen dituen ataria

2017-12-01

Azkue Fundazioaren webgunea berritu dute, euskal blogarien eta blogen irakurleen erreferentzia gune izateko asmoarekin. Zernahiri buruzko iritziak eta informazioa biltzen ditu atariak, baliagarri izan daitezkeenak ikasle eta irakasleentzat.

 

 
 

Nork bere interesekoa duen horri buruz idazteko txokoak dira blogak. Musikaz, teknologiaz, literaturaz, gizarteaz, matematikaz, naturaz, politikaz antzerkiaz, autoez... zernahiri buruzko blogak daude sarean, baita euskaraz ere. Bloga, alde batetik, erronka da idazlearentzat, baina ahalduntzeko tresna ere bada. Halaxe adierazi izan du Gorka Julio blogariak: “Beti esan izan dut blog bat sortzea ahalduntzeko tresna bat dela. Bakoitzak besteen aurrean zerbait esateko, asko irakurri behar du, pentsamenduak antolatu behar ditu, eta forma eman behar dio ideia bati. Horren ondoren, iritziak jaso behar ditu, edo ondorioak. Prozesu horretan, ekarpen bat egiten diogu, lehenik, geure buruari, baina baita jendarteari ere”. Era berean, irakurlearentzat, bloga bere arloan sakontzeko eta aldi berean interesgune berrietara zabaltzeko leiho bat da.

Blogetan.eus webgunea berritu egin dute, euskal blogarien eta blogen irakurleen erreferentzia gune izateko asmoz, eta, orain, euskaraz sortzen diren blog guztiak biltzen ditu atariak, ordena kronologikoan eta kategoriatan sailkatuta; horrez gain, pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du. Euskarazko edozein blogetan argitaratzen den edukia blogetan.eus webgunearen azalean agertzen da automatikoki. Azkue Fundazioaren proiektua da, eta lau ezaugarri nagusi ditu atariak: euskal blogarien bilduma izatea, pertsonalizatutako edukiak eskaintzea, blogarien datu-basea osatzea, eta Blogetan! lehiaketari tarte bat ematea.

Urte asko igaro dira, blogak irakaskuntzan sartu zirenetik. Askotan, ikasleek euren edukiak sortzeko leiho gisa erabili izan dituzte; baina ezin uka daiteke gune paregabeak direla blogak, hainbat irakasgairi lotutako informazioa eta edukiak bilatzeko ere. Haur eta gaztetxoen interesekoak izan daitezkeen euskarazko edukiak inon egongo badira, blogetan.eus atarian egongo dira. Izan ere, irakasle eta ikasleentzat arlo eta gai ugaritako informazioa eta iritziak bilatzeko gunea da blogetan.eus berritua. Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Akasusoren arabera, erabiltzaileek aukera izango dute beren nahien eta interesen arabera jasotzen duten edukia antolatzeko, gune pribatu baten bidez. «Blogak kategoriatan sailkatuta daude, eta erabiltzaileak aukeraketa egin dezake, hainbat iragazkiren bidez».

Blogetan.eus ataria gune dinamiko eta parte-hartzailea da, Akasusoren arabera. «Webgunean zerrendatuta dauden blogak edo oraindik erroldatu gabe daudenak proposa ditzakete erabiltzaileek, modu horretan euskarazko blogen bilduma osatzeko eta aberasteko». Beste sare sozialetan bezala, datu-basean dauden blogarietatik nahi dituenei jarrai diezaieke erabiltzaileak, bere gustuko blogetako edukiak soilik jasotzeko. Horrez gain, automatikoki bilduko dira atariaren azalean euskarazko blogetako eduki berriak. Blogak kategoriatan sailkatu dira: teknologia, kultura, zientzia, politika, aisia eta gizartea; eta hainbat azpikategoriatan banatua dago kategoria bakoitza. Hala ere, kategoriak eta azpikategoriak gehitzeko aukera ematen du programak.

Azkue Fundazioaren proiektu berriak erdigunean jartzen du euskarazko blogintza, eta tresna lagungarria jartzen die eskura irakurleei. Akasusoren arabera, blogarientzat zein irakurleentzat izan daiteke baliagarria ataria. «Sortzaileei beren blogen ikusgarritasuna eta irismena hobetzen lagunduko die, irakurleengana iristeko beste leiho bat zabaltzen duelako. Irakurleei dagokionez, euskarazko blogintzak eskain diezazkiekeen oparotasuna eta aniztasuna haien esku jarri nahi ditugu».

 

INFORMAZIOA:

Kudeatzailea

Azkue Fundazioa.

Kategoriak
Teknologia, kultura, zientzia, politika, aisia eta gizartea. Kategoria bakoitza hainbat azpikategoriatan dago sailkatuta.

Webgunearen izena 

www.blogetan.eus

Blogetan! Blog izarren bila lehiaketak atal berezia du webgunean. Aurreko edizioetako informazioa eta hurrengo edizioaren berri irakurtzeko aukera ematen du atal honek.