227. editoriala: Eskolak funtzionatzen duenean

2018-04-01

 

JOAQUIM RUYRA ESKOLAN EZ DUTE INPROBISATZEN. EZ ZAIE PROBATUZ ETA ESPERIMENTUAK EGINEZ BERRITZEA GUSTATZEN. FUNTZIONATUKO DUTELA BADAKITEN JARDUERAK EGITEN DITUZTE. 

 

 
 

Logela batean bizi diren bost kideko sendiak; auzoko liskar guztietan sartuta egon ohi diren familiak; guraso biak langabezian dituztenak; iritsi berri direnak eta bertako ez hizkuntza ez kultura batere ezagutzen ez dutenak; lapurreta egiteagatik edo drogekin trafikatzeagatik behin eta berriz atxilo hartutakoak… Pentsa genezake 24 ikasleko gela batean, 22 haur horrelako testuinguru batetik datozenean, nekez eman daitekeela eskolarik, eta egin daitekeela ezer fundamentuzkorik.  

Gure aurreiritzi eta estereotipoek “gaixoak…”, “familia horiekin…”, “sikiera hemen eskolan dauden denboran egon daitezela pozik…” eta antzeko pentsamenduetara eraman gaitzakete. Eta, bai, familiak eta testuinguru sozialak garrantzi handia dute haur baten garapenean, baina eskola ere oso inportantea da; kasu batzuetan, hil ala bizikoa bihurtzeraino. 

Argi erakusten du hori Joaquim Ruyra Bartzelonako metropoli-eremuko ingurunerik pobre eta gatazkatsuenetako batean dagoen eskola publikoko jardunak, aldizkari honetako gai nagusian jasotzen den moduan. Haurrak ikastetxean zoriontsu izatetik haratagoko helburuak dituzte bertan: haurrek ikas dezaten nahi dute, emaitza onak eman ditzatela, nor izan daitezela, eta bizitzan aurrera egiteko baliabideak izan ditzatela. Eta horretarako sabaia oso goran jartzen dute eta ikasle guztiak euren onena ematera bultzatzen dituzte. Maximoen curriculuma ezartzen dute ikastetxean, espektatiba altukoa, ikasle guztientzat. Haurrak gustura sentitzea nahi dute, bai, baina horrekin batera, ongizate eta zoriontasun horrek eraldaketa sozialerako balio diezaiela. Ez daitezela egon gaur egun dituzten baldintzetan, edo are okerragoetan, bizitzera kondenatuta. Alegia, haur horiei ere eskolak aukera akademiko bat eman diezaien lan egiten dute.

Eta, Joaquim Ruyran ez dute inprobisatzen. Ez zaie probatuz eta esperimentuak eginez berritzea gustatzen. Funtzionatuko dutela badakiten jarduerak egiten dituzte, alegia, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta egituratzen dute euren eguneroko praktika pedagogikoa. 

Eta jarduteko modu horrek eman ditu fruituak.

Joaquim Ruyrako ikasleen % 92k jatorri atzerritarra dute eta ikasleen % 40k ez dute ikasturte osoa bertan egiten. Uste guztien kontrara, ordea, bertako ikasleek kanpo ebaluazioetan ematen dituzten emaitzak Kataluniako batezbestekoaren oso gainetik daude, eta arlo batzuetan Kataluniako ikastetxe prestigiotsuenetakoak baino hobeak ere badira. Ez daukate horretarako errezeta magikorik; bai, ordea, izen abizenak dituen lan egiteko modu bat: ikas komunitatea. Horixe dute arrakastarako giltza.

Zuzendaritza taldeak argi du: ikas komunitatea ezaugarritzen duten arrakastarako jardunbide guztiak zorroztasunez aplikatzen badira, eskolako errealitateak hobera egiten du, zentzu guztietan. Zorroztasunez eta zehaztasunez martxan jartzen den edozein eskolatan funtzionatzen duen eredua da, berdin Brasilgo faveletan edota Cambridgeko eliteko eskoletan. 

Probatuta badago eta funtzionatzen badu, zergatik ez kopiatzen saiatu?