ITZIAR AGIRRE Zer da jolas librea, eta zertarako balio du?

2018-04-01

 

 

 
 

Jolasa, jokoa, olgeta, juego, play, game... Sinonimoak al dira? Gauza berdinari egiten al diote erreferentzia? Fenomeno konplexua da jolasa eta terminologia aldetik nahiko nahasmen dago, bai Euskal Herrian bai atzerrian. Beraz, ez da erraza jolasaren definizio bat ekartzea, asko daudelako eta gainera kontrajarriak direlako. Baina Bugart-ena nabarmenduko nuke: “Estresik gabeko testuinguru erlaxatu batean animalia edo gizakiek beren borondatez hasten eta gauzatzen duten jokabide errepikatua. Osatu gabea da eta ez funtzionala. Berekin dakartza plazera, dibertsioa eta emozioa”. Lerro gutxitan karga handia dauka: 

    - “Estresik gabeko testuinguru erlaxatu batean”. Zer esan nahi du horrek? Jolasa gauzatzen dela behar biologikoak edo erritmo biologikoak aseta daudenean, eta umea edo kumea seguru sentitzen den momentuan. Seguru sentitzeari uzten badio, arrisku bat dagoelako, edo gosea daukalako... jolasa da desagertzen lehena.

    - “Animalia edo gizakiek beren borondatez hasten eta gauzatzen duten jokabide errepikatua”. Azpimarratzekoa da “beren borondatez” dionean: jolasa berez sortzen da, ez dauka norbaitek esan beharrik ‘goazen jolastera!’. Eta horrek jolas librea darkarkigu gogora. “Jokabide errepikatua” dio, bestalde: behin eta berriro gertatzen da, ez da asetzen. 

    - “Osatu gabea da eta ez funtzionala”. Ez dauka helburu jakin bat, eta ez da helburu hori lortzen denean bukatzen den zerbait. Hurrengo egunean gai berarekin jolastu daiteke. 

    - “Berekin dakartza plazera, dibertsioa eta emozioa”. Sentsazio horiek berreskuratzea da xedea, zeren eta jolasa ezaugarritzen duten faktoreak dira. Gainera, helduaroan beharko dituen jokabideak garatzeko edo trebatzeko aukera ematen dio jolasak kumeari edo umeari. Biologoek esaten dute egokitu zaion nitxo ekologikora egokitzeko baliagarria zaiola. Beraz, bizi den lekuaren araberako jokabideak jolastuko ditu. Zaldiek beharko dute ihesa garatu, orduan jolasa korrika egitea izango da. Katuek beharko dute ehiza garatu, orduan jolasa izango da atzamarka egitea. Umeek ere helduoi ikusten dizkiguten hainbat alderdi jolasten dituzte, eta imitatzen gaituzte. 

Euskal Herrian nahiko ohikoa da jolasa hiru motatan bereiztea: sentsore-motorea, sinbolikoa eta arautua. Sailkapen hori ez da faltsua, baina jolasa hori baino konplexuagoa da. Lehen motari erreferentzia eginda, sentsore-motoreak munduaren ezaugarriak identifikatzen joateko aukera ematen dio umeari. Mugimenduarekin eta objektuekin oso lotuta dago: objektuak ezaugarritzeko aukera ematen du eta esperimentazioarekin oso lotua dago. 

Irudimena eta fantasiarekin sartuko ginateke jolas sinbolikoa deitu dugun horretara: jolas sinbolikoak esanahiarekin dauka zerikusia. Adibidez, erratz batek kirten luzea dauka, gogorra, barrena aldiz latza… eta hori deskubritzen du umeak esperimentazioaren bidez. Sinbolikora sartzen denean, erratz horri beste esanahi bat egozten dio, eta bihur daiteke zaldi. 

Atzerriko ikerketetan, lau jolas sinboliko mota bereizten hasita daude: meet believe, pretend play, dramatic, eta social dramatic play. Make believe eta pretend play izango lirateke Euskal Herrian sinbolikoa deitzen dugun hori: kanpoko objektu bati egoztea esanahia, umearen gorputzarekin zerikusirik ez daukan zerbaitetan eraikitzea esanahia. Honek aukera ematen dio umeari bere gorputzetik kanpo esperimentatzeko eta egoerak bizitzeko. Zalditik erortzen dena, edo beldurtzen dena playmobileko pertsonaia bat izango da, kanpoan dago egozpena. Dramatic play delakoan, aldiz, bere gorputzean bizi du. Beraz jolasaren intentsitatea edo bizitzeko modua aldatu egiten da, eta umeari ematen dio aukera bizitzeko eta berak sentitzeko, bere gorputzean. Social dramatic deituan, bere gorputzean bizi duen hori ez du berak bakarrik bizi, beste batekin baizik. Beraz, berarekin partekatu beharra dauka zein den, bestea zein den, hura zer den, non dauden, zein den gaia, zer egingo duen bakoitzak… Horrek eskatzen du beste aktibitate mental bat jolaste hutsak eskatzen ez duena. 

Horrekin batera, aztertu behar da jolasa nola garatzen den adinean aurrera goazen heinean. Lehenengo esanahia egozten hasten da, modu zehatz batean: egozten zaio esanahia objektu bati, adibidez erratz bati. Objektu horrek objektu errealaren itxura izateak errazten dio umeari esanahia egoztea. Umea hazten doan heinean, esanahia egozteko gaitasuna garatuz doa eta objektuak ez dauka zertan errealaren itxura izan beharrik. Eta iristen da une bat, 5-6 urterekin, ez daukana objektuaren beharrik ere, ideien mundua nahikoa du jolasteko. 

Bestalde, lehenengo kanpo objektu bati hasten da esanahia egozten, eta gero jolas sinboliko dramatikora joko du, eta bere gorputzean bizitzen hasiko da, sekuentzia motzekin, urte eta erdi ingururekin. Sekuntzia motzena izan daiteke, adibidez, goilarea hartu eta panpinari jaten ematea. Poliki-poliki sekuentzia hori konplexuago bilakatzen joango litzateke: lehengo panpina-goilarea-pardela, gero panpina-goilarea-pardela-lotarako manta… Eta horrela sartzen da gero sozio-dramatikora, beste batekin negoziatzera: nik goilarea, zuk manta, eta biok adostea gaia, adostea rola, espazioa prestatzea… Hau adinean aurrerago agertzen da. Dena dela, ez dira faseak eta etapak elkarren atzetik gertatzen, gainjarri egiten dira; beharraren arabera joango da bata edo bestea aukeratzen.

Esaten da gero umea jolas arautura pasatuko dela, baina adibidez sozio-dramatikoan funtzionatzeko arauak egon badaude; agian ez dira hain esplizituak, ez hain ezagunak, baina egon badaude, eta umeek argi dituzte: lehenen iristen denak edo jolasa hasten duenak proposatzen du gaia; denek eskatu behar dute baimena jolasteko; denek izan behar dute rolen bat, ezin duzu sozio-dramatikoan istorioan sartu gabe gelditu; eta denek jolastu behar dute, ekintza egon behar du; eta besteen proposamenak onartuz, jolasaren sekuentzia mantendu egin behar da, beraz proposamenek izan behar dute onargarriak edo jarraitzeko modukoak. 

Arau inplizituak ere badaude: fantasiaren eta errealitatearen arteko muga argi izan behar dute uneoro. Eta ez dira konfunditzen, gu errazago konfunditzen gara, argi daukate noiz ari diren jolasean eta noiz ez. Horrek guztiak jada oinarria prestatzen du araututako jolasera pasatu ahal izateko, guk jokoa deitzen dugunera. 

 

Zer egin dezakegu helduok? 

Puntu honetan, espazioaz, denboraz, materialez eta esku-hartzeaz hitz egin nahi nuke. Espazioari helduta, kanpokoak eta barrukoak bereizi behar ditugu. Kanpo-espazioari erreferentzia egiteko garrantzitsua da risky play kontzeptua azaltzea, arrisku jolasa alegia. Herrialde nordikoetan nahiko onartua eta ikertua da, eta eskola eremura ere ekarri da: umeak arriskua jolastu behar du. Jolas honen barruan mota desberdinak bereizten dituzte: adibidez, altuera jolasak, altuera batera igo eta erortzeko arriskua esperimentatzea; edo espazioan galtze jolasa, basora eramatea mugarik gabe; edo abiadura jolasa… Kanpo espazioak, naturak, aukera interesgarriak ematen ditu horretarako, mundua ezagutzeko, gure gorputza probatzeko, arriskuak kudeatzeko…

Helduok, ordea, arrisku jolasa eragozteko joera daukagu, min hartu baitezakete gure altxor txikiek. Baina babestu behar horrekin, badago arriskua umeak behar duen hori ere eragozteko. Eta justifikatuta daude gure beldurrak: umeak behar duen bezala mundua deskubritu, guk instintiboki, animaliek bezala, behar dugu deszendentzia babestu; orduan babes behar hori aktibatzen da. Kontua da ikustea zenbateraino eragozten duen umearen beharra, gehiegizkoa ote den. Konfiantza izan behar dugu arriskua kudeatzeko daukaten gaitasunetan.

Haurrak esperimentatu egin behar du testuinguru berrietan, seguru sentitu ahal izateko eta ondoren esanahi bat egoten hasi eta, beraz, sinbolikora edo dramatikora pasa. Ikerketek diote, ordea, zenbaitetan dramatikoa gehiago agertzen dela kanpo espazioetan barrukoetan baino, eta berez kontraesana dirudi, kanpoan gehiago esperimentatu behar du seguru sentitzeko, etxea aldiz espazio segurua da. Horren aurrean, ikertzaileek aztertu egin zuten ea zer gertatzen zen barneko espazioekin, eta aurkeztu zuten hipotesia zen kasu askotan barruko espazioak ez duela baimentzen jolas sinbolikoa, esanahia egozteko aukera hori. Eskoletara jota, etxe txokoak jarri ditzakegu horren adibidetzat: karratu bat izan ohi dira, hormetan armairuekin, erdian mahai bat lau aulkirekin… Hau da, gaia oso definituta dator. Orduan, umeak etxea ez den gai bat jolasteko beharra baldin badauka, ezin du espazio neutro batetik abiatu, baizik eta beste esanahi bat duen espazioari esanahi hori kendu behar dio lehenik, ondoren beste bat egozten hasteko. Beraz, eskaintzen dieguna oso baldintzatua dago, eta esanahia egozteko aukera mugatu egiten du. Ikertzaileek horrekin lotzen zuten dramatikoaren edo jolas sinbolikoaren kopuru murritza.

Zentzu horretan, interesgarria da haurrei espazioa konfiguratzeko gaitasuna aitortzea eta horretarako aukera ematea. Gure etxeetan ze espazio har-tzen du jolasak? Logela, egongela…? Eta aukerak emanez gero ze konfigurazio edo aldaketa egiten dituzte? Eta gure presentzia berdina al da barruko espazioetan edo kanpoan? Presenteagoa gaude logelan, ala mendian? Berdin egiten al ditugu proposamenak batean ala bestean? 

Denborari dagokionez, esan dugu jolasak sekuentzia bat baduela eta konplexuago bilakatuz doala. Eta sekuentzia konplexuetara iristeko, sozializazio kooperatibora edo sozio-dramatikora heltzeko, umeak denbora behar du: erabaki behar du gaur bere beharra zein den, gaia zein den, kideak ere aldi berean erabaki behar du bere gaurko beharra zein den, elkarri proposatu, akordiora iritsi, testuingurua prestatu… Zenbat eta jolas konplexuagoa, orduan eta denbora gehiago behar du. Baina denbora hori ez bada eskaintzen, edo moztu egiten bada etengabe, haurrak badaki ezin duela iritsi konplexutasun maila handietara eta jolas sinple batean gelditzen da. Nola bukatzen da jolasa egunerokoan? Zeinek erabakitzen du jolasa noiz eta nola bukatu? Aukera ematen badiogu umeari, ikusiko dugu jolas batekin asetzen denean aldatu egiten duela gaiz. Interesantea da ikustea ez bakarrik nola hasten den jolasa, baita nola bukatzen den, zeinek ixten duen atea; zantzuak emango dizkigu esku-hartzeari dagokionez. 

Materialei dagokienez, haurra zenbat eta txikiagoa jostailuak zehatzagoa izan behar du esanahiari dagokionez. Ikerketa batean proposatzen da umea zenbat eta helduagoa, materialak izan behar zuela gutxiago definitutakoa, umeak egozten diolako esanahia. Merkatua kontrako norabidean doa, ordea. Ume txikiei objektu indefinitu, amorfo eta esanahi zehatz gabeak ematen dizkie, eta zenbat eta zaharrago, orduan eta zehatzago. 

Bestalde, interesgarria da ikustea helduari zer gustatzen zaion: adibidez Lego piezak asko gustatzen bazaizkio, jostailu horrekin batera emango dizkio umeari bere presentzia eta begirada, eta hor sortzen da harremana. 

Azkenik, helduaren esku-hartzearen inguruan, hiru ideia gako:

    1. Jolasa gidatu vs. Jolas librea: Oso bogan dagoen gaia, hemen nahiz munduan. Jarrera bakoitzak umea ikusteko modu batekin dauka zerikusia. Eta bi jarrerek dituzte beren zailtasunak. Jolasa gidatzearen atzetik honako ikuspegia dago: ‘ez badiot laguntzen, agian ez da gai iritsi behar lukeen lekura iristeko’. Honen arriskua da nire proposamenera datorrela umea, eta ez bere beharrera, nik gidatzen baitut jolasa. Alderantziz, libre uztearen atzetik dagoen ikuspegia honakoa da: ‘Umea gai da bere nitxo ekologikora egokitzeko eta aske utzi dezakegu’. Nik honetan sinesten dut, baina baditu bere arriskuak ere. Zer gertatzen da umearen jolasa ez bazait gustatzen? Horren aurrean moztu egin ohi dugu jolas hori. Arrisku-jolasak, adibidez, umea zuhaitzera igotzen denean, edo borroka jolasetan ari direnean... Ikerketek diote gehien mozten diren jolasak zaratatsuak, kaotikoak, zoroak, mugimendu askokoak, biolentziazkoak, borroka jolasak… direla.Horiek ere jolasak dira, ordea; plazera dagoen bitartean, jolasa da. Helduok beldur izaten gara haurrek marra gorria zeharkatu ote duten, baina ongi bereizi ohi dute jolasa eta errealitatea.

    2. Noiz eta zertarako behar gaituzte umeek jolasean?: Ikerketen arabera, 5 kasutan behar gaituzte: laguntza behar dutelako; zerbaiten funtzionamendua ulertzen ez dutelako; justizia behar dutelako; gure begirada behar dutelako; edota jolas kide gisa nahi gaituztelako. Interesantea da uztea eta sinestea umea gai dela gure presentzia eskatzeko behar gaituenean, eta errespetatzea bere beharra edo eskaria. Bestela oso erraz inbaditu dezakegu bere espazioa, baldintzatu eta geurera ekarri, eta bere jolasaren ibilbidea moztu.

    3. Gure inpaktua jolasean: Iaz eskolan egin genuen ikerketa baten arabera, lau inpaktu mota zeuden eskolan irakaslearen esku-hartzearen ondorioz: jolasa eten egiten zen; jolasa aldatu egiten zen; jarraitu egiten zuen; edo aberastu egiten zen. Bada, inpaktu ohikoena zen jolasa etetea; eta frekuentzia gutxien erakutsi zuen inpaktua zen jolasa aberastea. Behatu behar dugu gure esku-hartzeak zer eragin izan duen. 

Francesco Tonucci psikopedagogoaren hitzak ekarrita “jolasten uztea” da gure ardura. Umearen jolasa hobetzeko zerbait egiteko nahia izan ohi dugu, baina igoal hori baino sinpleagoa da kontua: ez daukagu ezer egin beharrik. Umearen gaitasunetan sinestu eta konfiantza izan behar da.