MEXIKOKO KALNEMAXTILOYAN ESKOLA. Autogestioa, hizkuntza propioa eta magia

2018-11-01

TXERRA RODRIGUEZ 

Hizkuntza-aholkularia

 
 

Mexikoko Puebla estatuan igaro ditut hiru aste emankor, Cuetzalan herrian, hain zuzen ere. Garabidek eta Emunek sustatuta, Tosepan izeneko kooperatiba-taldeko nahualt hiztunekin aritu gara elkarlanean. Euren kooperatibetan hizkun-tza-planak martxan jartzeko lankidetzan aritu gara. Baina, horrez gain, Kalnemaxtiloyan eskola ezagutzeko parada ere izan dut. Baina, eskolarekin hasi aurretik, testuingurua apur bat zehaztea gura izango nuke.

Tosepan kooperatiba-taldeak 41 urte bete berri ditu. 440tik gora tokiko kooperatiba txiki ditu taldeak, eta 36.000 familia bazkide inguru guztira (180.000 pertsona, gutxi gorabehera). Kooperatiba produktibo txiki horiez gain, taldeak baditu beste zerbitzu batzuk ematen dituzten kooperatibak: osasun-zerbitzuak, aurrezki- eta kreditu-zerbitzuak, etxebizitza-zerbi-tzuak, formazio-zerbitzuak, prospek-tiba-zerbitzuak, turismo ekologikoko zerbitzuak, komunikazio-zerbitzuak, emakumeentzako zerbitzuak…, eta, zelan ez, eskola bat, Haur Hezkuntza, Lehen eta Bigarren Zikloko ikasketekin (1-12 urte bitarteko umeentzat). 

Ekonomia sozial eta solidarioa da Tosepan, ezer izatekotan. Komunitatea da hemen gunea, komunitatea da enborra, eta, gero, enbor horretatik hainbat adar ateratzen dira: agroekologia, arbasoen jakintzak, jateko ohitura osasuntsuak, ama lurraren defentsa, metodologia pedagogiko berrituak eta errealitatera egokituak, autonomia, etxebizitza iraunkorra, identitatearen gorazarrea, energia- eta elikadura-burujabetzak eta, azken aldian, gero eta gehiago, hizkuntza propioaren harrotasuna (baita erabilera ere). 

Kooperatiba ia integrala da Tosepan, autonomia eta determinazio askearen ardatzen inguruan eraikia, autoeraketa duena bide eta ipar. Euren helburua da burujabetzarako ahalik eta esparru eta gune gehien (berr)eskuratzea: elikadura, energia, segurtasuna, ekonomia, lurraldea, hizkuntza eta, jakina, hezkuntza. Hori lortzeko, hortaz, Tosepanek komunitatea antolatu gura du, horiek guztiak (berr)eskuratzeko. 

Eta zurrunbilo horren guztiaren erdian arraun egiten du Kalnemaxtiloyan eskolak. 2006ko urriaren 2an ireki zuten eskola. Egun horretan, 1968an, Mexikoko poliziak ikasleen matxinada baten kontrako sarraskia egin zuen, 200etik gora gorpu utziz. Egun horretan ireki zen eskola eta, zelanbait, ikasle-mugimenduarekiko gertutasuna erakutsi zuen keinu horrekin. 

Eta zergatik sortu zuten eskola? Tosepanekoek behin eta berriro aipatzen dute Mexikoko eskola oso txarra dela. Eta, gainera, eskolara sartutakoan, umeek galdu egiten dute komunitatearekiko harremana: beste modu batera jaten dute, beste modu batera pentsatzen, beste modu batera hitz egiten, beste modu batera janzten dira. Horri aurre egiteko sortu zuten eskola, euren jakintzen arabera hezi eta irakasteko. 

Horretarako, hasi, Montessori pedagogiarekin hasi ziren. Japoniako lagun baten bidez izan zuten haren berri, baina berehala ohartu ziren pedagogia horrek norbanakoari garrantzi gehiegi ematen diola, eta eurek gurago dute komunitatea indartzea. Gainera, sasoi hartan Arizmendi ikastolako proiektua ezagutu zuten, eta inspirazio-iturri handia izan zen hori haien metodologia pedagogikoarentzat. Beraz, eurek esaten dute Montessori egokitu bat darabiltela, euren errealitateari eta egiteko moduei egokitutako Montessori bat, hain zuzen ere. Une honetan euren metodologia jasotzen, sistematizatzen eta batzen ari dira, eta, hortik abiatuta, etorkizunerako aldaketak, moldaketak eta doitzeak aplikatzen hasi nahi dute.

Izan ere, Kalnemaxtiloyan eskolak Mexikoko hezkuntza-sistematik kanpo kokatzen du bere burua. Eskola-liburuxka badute hango ikasleek, baina ez du laguntzarik jasotzen estatutik, eta ez dio Mexikoko eskoletan derrigorrezkoa den curriculumari kasu egiten. Hango jakintzetan oinarritutako heziketa-sistema jarri dute martxan (edo, agian, zehatzago esanda, ari dira martxan jartzen, prozesua amaitu barik dago eta). Azken finean, eskolarekin (bai eta beste proiektuekin ere) autonomia bilatzen dute, erabakimena euren eskuetan izatea eta eurentzat egindako hezkuntza-proiektua aurrera eramatea. Beste berba batzuekin esanda, eurek eurentzako egindako eskola, euren buruen gainean ikasi eta irakasteko. Hori da azken helburua, baina, jakina, oraindik hastapenetan daude, eta ez dute lortu helburua erabat gauzatzea.

Eskola, gainera, doakoa da, mugimendu kooperatiboak dituen irabaziekin ordaintzen dira eskolako gastuak (irakasleen soldatak, materialak…). Beraz, umeak eskolara eraman ahal izateko, nahitaezkoa da gurasoak mugimendu kooperatiboko kide izatea. 

 

Zelakoa da, bada, eskola? 

Kanpo aldean, ortuak dituzte, oiloak, erlategiak, kafe-landareak… Olgetarako, berriz, egurrezko txinboak eta saskibaloirako eta futbolerako balio duen zelaia. 

Eraikinak, berriz, banbuz egindakoak dira (hangoen etxe tradizionalak ere horrelakoak dira). Eraikinak energetikoki iraunkorrak dira, energia gutxi kontsumitzeko diseinatuta daude. Orain, gainera, eguzki-panelak jartzen ari dira, erabateko burujabetza energetikoa eskuratzeko. 

Eskola barruan, berriz, ez dago hormarik. Umeek egurrezko mahaiak eta aulkiak dituzte, eta ez da plastikoa inon ikusten. Gosaria eskolan bertan egiten dute egunero, eta itzelezko garrantzia du jan-ereduak. Hango elikadura-ohiturak erabiltzen dituzte eskolan, garaian garaiko eta tokiko produktuak bakarrik kontsumituz.

Umeak eta irakasleak jantzi tradizionalekin jantzita joaten dira eskolara. Zuri kolorea aldean ibiltzen dira hara eta hona, eta sandaliak eramaten dituzte oinetan. 

 

Eta zer ikasten dute, bada?

Egunero, haur guztiek (irakurtzen eta idazten jakin orduko) ortua lantzen dute, han hasten dute eskola-eguna. Hortaz, bakoitzak badu bere esperimentuak ortuan egiteko betarik. Testulibururik ez dute erabiltzen, baina dagoeneko badituzte 800 orrialdetik gorako ikasmaterialak: inguruko landareak, animaliak, kantak, erritualak, dantzak…

Proiektuka antolatzen da irakaskuntza osoa. Ikasturtea amaitutakoan, ikasle bakoitzak proiektu bat egin behar du. Adinak gora egin ahala, proiektu hori korapilatu egiten da eta konplexuago bihurtzen da, baina guzti-guztiek dute proiektu hori aurrera eramateko betebeharra. 

Gurasoek ere hartzen dute parte eskolan. Egunero, familia batek egiten du jatekoa, txandaka, eta umeei zerbitzatu egiten diete eta txikienei laguntzen diete (koskortu ahala, ume horiek mahaia jartzen eta jasotzen hasten dira, baita garbiketak egiten ere).

Baina eskola ez da bakarrik lau hormen artean gertatzen dena: komunitatea ere eskola da. Komunitatera joaten dira umeak, ipuinak jasotzen dituzte, erritualak, dantzak, elezaharrak, landareen eta animalien izenak… Ikasturte honetan, adibidez, inguruko herrietako toponimia (handia eta txikia) batzen aritu dira eskolako umeak, euren amama eta aitaitei galdetzen.

Hala ere, komunitateetara ez eze, kooperatibetara ere joaten dira. Astean behin, gelak utzi eta taldeko kooperatiba batera egiten dute txangoa. Han ematen dute eskola-eguna, kooperatibako kideen ondoan, eta haiek egiten dutenetik ikasten dute. Gainera, koskorrenek kooperatibagintza ikasgai derrigorrezkoa dute eta, horrez gain, ekologismoa, bakezaletasuna eta horren tankerakoak ere izaten dituzte ikasgai.

Mugimendu kooperatiboko eskola da. Hortaz, zentzuzkoa denez, umeek ere batzarrak egiten dituzte egunero. Batzar horietan, eskolaren egunerokoari lotutako gaiak lantzen dituzte, eta, jakina, eurei eskatutako eran-tzukizuna adinaren arabera handitzen doa.

Ostegunak egun bereziak izaten dira eskolan. Egun hori baliatzen dute ikasleek egiten dutena komunitateari erakusteko. Hori dela eta, ostegunetan hainbat ekintza egiten dituzte. Esate baterako, gu han egon ginen bitartean, sokazko kometak haizatzen ibili ziren. Gainera, ostegunetan merkatua egiten dute, eta trukatu edo saldu egiten dituzte eurek geletan landutako bitxiak edo jakiak. 

 

Hizkuntza-eredua

Hasieratik, eskolak nauat hizkuntzaren aldeko hautua egin du. Hala ere, hasieran ez zuten murgiltze-ereduaren alde egin, nahiz eta hizkuntzak presentzia izan. Dentsitate minimo bat eman diote hasieratik hizkuntzari, eta gainditu nahi izan dute Mexikon komunitate indigena batzuetan dagoen hezkuntza elebiduna. 

Orain dela urte batzuetatik, eta Euskal Herritik iritsitako eraginagatik hein handi batean, murgiltze-eredu moduko bat ari dira esperimenta-tzen. Haur-eskolan, behinik behin, hizkuntza nagusia nauata da. Nauat hizkuntzan ikasten dute irakurtzen eta idazten. 

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere ari dira murgiltze-eredura hurreratzen, baina, maila hauetan, zailtasunak handixeagoak dira. Alde batetik, maila horietan dauden irakasle batzuek ez dute gaitasun nahikorik eskolak nauat hizkuntzan eman ahal izateko. Beste alde batetik, irakasgai gehienetan nauat hizkuntzan erabiltzeko moduko materiala falta zaie. Eta, azkenik, irakasgai batzuetan, terminologia teknikoa zelan eman eztabaidatzen ari dira oraindik orain. 

Hortaz, pausoak ematen ari dira, borondatea badago. Gainera, orain hizkuntza biziberritzeko plana jarri dute martxan irakasleen artean, eta horrek ere eragina izango du ikasleengan. Horrez gain, etengabe ari dira ikasmateriala egiten eta taxutzen, eta horrek ere luzera begira oinarri sendoa ekar dezake. Irakasleak eta eskolako zuzendariak oso motibatuta daude prozesu honekin, eta horrek, berandu baino lehen, badirudi emai-tzak izango dituela. 

Hala ere, ezin da ahaztu eskolak oraindik korapilo batzuk askatu behar dituela hizkuntza-ereduari dagokionez. Batetik, irakasleak trebatu beharko ditu, ikasmaterialak egiten jarraitu, metodologian eta pedagogian murgiltzera eraman. Bestetik, gero eta haur gutxiago heltzen ei da hizkun-tza jakiten. Transmisioa higatzen ari da, umeak dira gutxien dakitenak eta, antza, mordoiloen berba egiten dutenak. Eta hori gertatzen ari da mugimenduko kideen seme-alaben artean. Hirugarrenik, haur horiek gaur egungo mundu-ikuskeraren barruan sozializatzen ari dira: telebista, musika, informazio-teknologiak… Horretan ere eragin beharko du eskolak, nahiz eta jakin eragin horiek txikiak izango direla. Eta, azkenik, gurasoen konplizitatea eta erabakimena lantzen jarraitu beharko dute. Gurasoek hautu kontzientea egin dute (Mexikoko hezkuntza-sistematik kanpo dago eskola, ez ahaztu), gurasoek erabaki dute euren seme-alabek beste hezkuntza mota bati oratzea. Baina zer gertatuko da lehen eta bigarren mailan benetako murgiltze-eredua martxan jartzen bada? Hori, nire ustez, ikuskizun dago. 

 

Azken berbak

Zerotik hasitako eskola-eredua da, ikusi ahal izan duzunez, Kalnemaxtiloyan eskolakoa. Ari dira apurka-apurka euren egitekoak, euren helburuak eta euren metodo propioak probatzen eta esperimentatzen. Zailtasunak handiak dira: ekonomikoak, materialari dagozkionak, irakasleen prestakuntzari dagozkionak, curriculum berri eta ezberdin bat egiteari dagozkionak… Hala ere, mugimenduak eta irakasleek horiek guztiak gainditzeko borondatea badute.

Eta, batzuetan, borondate horrek eragin biderkatzailea du. Magia egiten ari dira Cuetzalan aldean, benetako magia. Eta, horretarako, kimika behar dute, borondatea, elkarlana, indarra. Bilatzen ari diren hori ezin da azaldu arlo “teknikotik” soilik, bilatzen ari diren horrek bihotzarekin eta sentimenduekin ere zerikusia du.