Mahashakti yoga eskola. Yoga haurrekin lantzeko prestakuntza

2019-04-01

Yoga ezagutzen eta praktikatzen dutenak konturatuta daude yogak mesede egiten duela. Onuragarria den hori ahalik eta jende gehienarengana iristeko xedez, Mahashakti yoga eskolak ‘haurrentzako yoga’ proiektua eskaintzen du helduentzat: haurrekin yoga nola landu ikasteko formazioa. Haurrekin yoga lantzeko baliagarriak diren tresnak erakusten dituzte.

 
 

Gurasoak jabetuta daude seme-alabekin yoga lantzen dutenean egoera hobetu egiten dela. Irakasle askok yoga saioetan ikasitako erremintak gelan erabiltzen dituzte. Gaur egungo gizartearen abiaduran, gero eta dispertsio handiagoa dago. Etengabe estimuluak jasotzen ari gara, geure arreta harrapatzen duten estimuluak, eta horrexegatik, ez gara gure arretaren jabe. Arreta hori berreskuratzen laguntzen du yogak, eta horregatik eskatzen dituzte gurasoek zein irakasleek haurrekin yoga lantzeko erremintak. Eskari horrek bultzata eskaintzen dute Mahashakti yoga eskolan “haurrentzako yoga”. Ez da haurrei zuzendutako formazioa, baizik eta helduei bideratutakoa, haurrekin yoga nola landu erakusteko formakuntza. Lierni Garcia proiektuaren Euskal Herriko arduradunak garbi esaten du ez dela gauza bera helduei edo haurrei yoga saioak ematea. “Ingelesa edo Matematika helduei edo haurrei erakustea gauza bera ez den moduan, yoga ere modu desberdinean erakusten zaie haurrei edo helduei. Hori dela eta, ikastaro honetan haurrekin yoga lantzeko tresnak eta teknikak ematen dizkiegu helduei”.

Erreminta edo tresna horietako bat da arnasketa. Oso erreminta indar-tsua dela dio Garciak: “Arnasketaren bitartez emozioak landu daitezke eta daukagun energia kanalizatu daiteke. Jolas garaiaren ondoren, adibidez, ikasleak aztoratuta egon daitezke. Nahiz eta lasaitzeko esan, nahiz eta ulertu hala egon behar dutela, gorputza ez dago prest horretarako eta lagundu egin behar zaio. Jolas garaitik etorri eta bost minututan arnasketak eginez, energia kanalizatzen da eta beste egoera batera eramaten gaitu”.

Jarrerak edo asanak dira beste tresna bat. Kanpotik begiratuta, zerbait gimnastikoa dirudien arren, hori baino gehiago da. Gorputza mugituz energia askatzen da, tentsioak kanporatzen dira eta gorputza beste egoera batean geratzen da.

Beste tresna bat meditazioa da. Horren barruan kontzentrazio ariketak daude, esate baterako. Tresna honekin burua lantzen da. Meditazioak norbera bere buruarekin kontzentra-tzeko balio du. “Zure bere buruarekin kontzentratzen zaren momentutik, horrek esan nahi du zeure buruaren domeinua duzula, eta horrek buruko soinuak kendu eta zurekin egon ahal izatera eramaten zaitu. Horrek, zeure burua ezagutzen laguntzen dizu, noski. Eta zeure burua ezagutzea orekan egotea da”, azaltzen du Garciak.

Tresna horiek haurrekin erabiltzeko garaian, garrantzitsua da jolasa izatea bitartekoa eta oinarria. “Haurrekin jolasaren bitartez egin behar da yoga”, dio Garciak. “Adibidez, animalien oihuak edo kexuak eginez, arnasketa lantzen da eta gorputza beste egoera batean jartzen da”.

 

Yoga saioak eta yoga egunerokotasunean

Erreminta horiek bi modutara erabili daitezke:

1- Yoga saio batean: saioak egitura bat izaten du: non gauden kokatu, nora iritsi nahi dugun jakin eta horretarako zein tresna erabiliko diren erabaki. Normalean, saio baten hasieran aktibazio saio bat egiten da, barruan izaten den zurrunbiloa askatzeko. Gero, asanak egiten dira gorpu-tza lantzeko. Ondoren, erlaxazioa, lasaitzeko. Jarraian arnasketak edo pranayama, egoera berria integratzen laguntzeko. Eta azkenik, meditazioa, buruaren lanketa, atentzioaren kontrola. Beraz, yoga saio batean etengabe lantzen dira gorputza, emozioak eta burua. Burua azkenerako uzten da, gorputzak eta emozioek ez dezaten trabarik egin lanketa horretan.

2- Bizitzan txertatzea: eguneroko bizimoduan hainbat tresna erabil daitezke. Esate baterako, irakasle batek agian ez du denborarik izango ikasleekin yoga saio oso bat egiteko, baina jolas garaitik itzulitakoan ikasleak aztoratuta baldin badaude, arnasketa batzuk egin ditzake eskola hobeto emateko. Edo ikasgaia ematen ari denean ikasleak aztoratuta ikusten baldin baditu, liburuak itxi eta isiltasun ariketa bat egin dezake.

Garciak dio interesgarria dela yoga egunerokotasunean txertatzea: “Azken finean, yoga bizitzarako tresna bat da. Adibidez, oposaketa bateko ilaran zaude, erabat urduri, jendea erdi bultzaka eta zer egiten ote duzun galdetzen diozu zeure buruari. Bada, lehendabizi, lasaitu egin behar duzu. Horretarako, arreta bular aldera eraman dezakezu, horrela bakea sentitu dezakezu, arretaren kontrola hartu eta arnasa hartu. Ez da inor ohartzen eta hobeto sentitzen zara”. Lehen urratsa egoeraz ohartzea da; norberak bere gorputzarekiko, buruarekiko eta emozioekiko kontrola daukala esan nahi baitu horrek. Eta gero, tresnak edukita, beste egoera batean egotea lor daiteke.

Azken batean, yogaren helburu nagusia harmonian eta orekan bizitzea da, baina norberaren senari entzunez eta norbera izanez. “Yoga arretaren ezagutza da. Hau da, zeure gorpu-tzean, zeure emozioetan eta zure buruan atentzioa jarrita, zeure izatea ezagutzen zoaz. Norberak bere burua, bere beharrak eta abileziak ezagutzen dituenean, eta yogak eskaintzen dituen tresnen bitartez arretaren kontrola izatera iristen denean, harmonian egotera iristen da”.