ABENTURA TXOKOAK

2019-04-01

ZIGOR ITURRIETA. SUKALDARIA ETA KORRIKALARIA

 
 

Sarritan jartzen naiz pentsa-tzen, ea nola dakidan nik irakurtzen, idazten, gehi-tzen… eta ikastolan erakusten diren gainerako gauzez, garai horietako gela barruko oroitzapenik ia ez baitut. Nire barnean altxor baten gisa gordeta gelditu diren oroitzapen bakarrak, ikastola inguruko bazterretan lagunekin pasatako abenturak besterik ez dira. Bai, bazterretan esan dut, zeren gehienak ikastolatik kanpo izaten ziren; eta hori da harritzen nauen beste gauzetako bat, jolas-orduko eta bazkal-orduko tarteak bakarrik izanda abentura horiek bizitzeko, kristonak izaten zirela.

Gaur egun ikastolan ikasten duten ume guztiek eta gurasoetako askok, ez dakite zer zen Txaleta; gaur egun ikastolako sarrera dagoen tokian zegoen txalet bat zen, eta gure ikastola barruko jolas-gune maitatuena zen. 90eko hamarkadan eraitsi zuten eta berarekin batera joan zen gure altxorra. Eta altxorra esaten dudanean, benetako altxor bat  esan nahi dut, piratek eta horrelakoek izaten dituztenak bezalakoa. Txaletak bazuen soto bat, bertan komunak eta gela bat zeuden eta gela horretako horman, ia bi metroko altueran, ate txiki bat zegoen. Ate horren bestaldean metro bakar bateko altuera zuen gela “ezkutu” bat zegoen eta ikastolak trasteleku moduan erabiltzen zuen, behar ez zituen mahai eta aulkiak bertan gordez. Guk, dena txukundu, eta orduak pasatzen genituen bertan katamar gure linternekin jolasean, gainerako lagunak futbolean jolasten zuten bitartean.  Ikastolatik kanpoko joan-etorrietako batean, baldosez beteriko kaxa batzuk aurkitu genituen eta txaleteko gure txoko ezkutuko lurzorua lurrezkoa zenez, zulo bat egin eta bertan lurperatu genituen pirata onek bezala. Hartxe geratu zen gure altxorra.

Txaletak zuen beste altxorretako bat “naranjas de la txina” ematen zituen zuhaitza zen. Gerora, kakiak zirela jakin dugunez. Guk jaurtiki-tzeko arma bezala erabiltzen genituen, gure ikastola aurrean zeuden “frantsesetako” (gaur egun Nevers ikastetxea) arerioei botatzeko. 

Ikastolatik kanpo ateratzen ginenean, Pinudia zen gertuen gelditzen zen tokia eta ordu gehien pasatu genituena. Pinudia Durangoko toki beltzetako bat izan zen 80ko hamarkadan, bertara joaten baitziren heroina injektatzera herriko gazteak. Baina gure abentura askoren jolas-leku ere izan zen. Bertan antzinako jauregi erori bat zegoen basoak janda eta hura zen gure gaztelua, bere pasabide ezkutu eta guzti. 

Gure ikastola garaiko aurkikun-tza handiena azken urteetan egin genuen eta berau izan zen ikastolatik urrutien gelditzen zen tokia; Bitaño eta Momotxo auzoen artean zegoen zabortegia. Bertara astean behin bakarrik joaten ginen eta irrikaz itxaroten genuen egun hori, bagenekielako bertara joan eta beti bueltatuko ginela zerbaitekin. Altxor preziatuenak imanak ziren; telebisten eta irratien bozgorailuetatik ateratzen genituen. 

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi ikastolako sukaldea. Askotan aipatu dut ikastolako sukaldea eta baita bertako sukaldariak ere, Mila eta Lourdes. Han ere makina bat denbora pasa genuen saltseatzen eta haiek izan ziren sukaldaritzaren pozoia nire zainetan sartu zutenak.

Beraz, nondik ateratzen nuen nik denbora klasera joateko?