Aritz Mendiola ETIKETA

2019-06-01

 

 

 
 

Klaseak paretako erlojuari begira ematen dituen horietakoa izan naiz beti. “Aritz, zenbat da 8 x 4?” galdetzen zidatenerako nik hainbat dragoi akabatuta nituen. Baina, dirudienez, irakasleei ez die grazi askorik egiten matematikako klaseak leihotik begira pasatzen dituen ikasle batek. Ez zen denbora asko pasa “alfer” etiketa jarri zidatenera arte. Koitaduak nire aita eta ama, hori entzutera derrigortu zituztenean… “zuen semea alfer hutsa da! Ez du sekula lanik eginda ekartzen eta beti dabil leihotik begira!”. Andereño, ulertzazu, askoz ere interesgarriagoak ziren lainoetan aurkitu ahal nituen sorgin edo robot erraldoi edo superheroi haiek matematikak baino.

Handik aurrera nire “alfer” etiketa garatzen joan zen eta ikaskideek ere parte hartu zuten, eta handik atera ziren “maricon” delakoa edo “friki”, azken hori gehiago gustatzen zitzaidan. Beste batzuek nahiago zuten nire fisikoari erreparatuz definitzea eta “dumbo” edo “orejon” deitzen hasi zitzaizkidan. Ez dakit zergatik, baina beti erdaraz definitzen ninduten.

Nire ikastolako oroitzapena beti izan da mikatza. Biraoak gutxieneko bihurtu ziren, ez naute inoiz jipoitu, baina bai umildu, bai publikoki eta bai pribatuan. Eta oso serio diot ez dagoela munduan ume batentzat gauza okerragorik. Orduan ikasi nuen ezberdina izatea gaizki zegoela, futbolean aritu behar nintzela, neskak bakarrik gustatu behar zitzaizkidala eta zure lagunekin “frikikerietara” jolastea ez zela batere produktiboa.

Amerikako Estatu Batuetan Detroiten urtebete pasa eta gero ikusten nuen “alferraren” etiketa kendu ezinik nenbilela, nahiz eta besteak jada kendu nituen, eta ezin izan nuen kendu Batxilergora heldu nintzenera arte. Batxilergoan hasi nintzen maite nuen hartan lan egiten eta erakutsi nuen benetan “alferra” etiketa hutsa zela. 

Orduan, gazte, hau irakurtzen bazabiltza, jarraitu leihotik begira eta jarraitu ametsetan, ez dezala inork esan alferra zarenik ezta tontotuta zaudenik ere. Nik diotsut noizbait etorriko zaizula hori aldatzeko aukera eta.