Barretartia Umore Zerbitzuak

2019-06-01

 

Umorea landu eta sustatzeko ikastaroak, hitzaldiak, aholkuak, ikuskizunak, artikuluak eta abar eskaintzeko xedez, Barretartia Umore Zerbitzuak sortu du Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak. Besteak beste, umorea bere egunerokotasunean txertatu nahi duten irakasleentzat formazio-saioak ematen ditu, baita umorezko ikuskizunak eskaini ere ikasleentzat, bereziki, Bigarren Hezkuntzakoentzat.

 

 
 

Umore sorkuntzari ez ezik, umoreari buruzko jakingarri, aholku eta abantailei tokia egitea helburu hartuta, Barretartia Umore Zerbitzuak sortu du Idoia Torregaraik. Kazetaria da ikasketaz, eta umorezalea bihotzez. 2012. urtean Barretartia bloga ireki zuen, umorea euskaraz egin eta umoreari buruz aritzeko. Azken urteetan umorearen inguruko ikastaroak eskaintzen ari da, umorezko kolaborazioak egiten hainbat mediotan eta baita bakarrizketa saioak erakusten ere. Hori guztia batu eta umoreari lotutako proiektu integrala osatu du orain: Barretartia Umore Zerbitzuak (www.barretartia.eus).

Umorea bizitzeko era bat da Torregarairentzat, eta era berean, giza gaitasun bat ere bada, alegia, edonork landu dezakeen zerbait: “Batzuek, izatez, erraztasun handiagoa daukate umorerako beste batzuek baino, bizitzako beste hainbat arlotan gertatzen den bezala. Baina estrategia bezala erabiltzeko lehen baldintza, erabili nahi izatea da. Behin borondate hori barneratuta, praktika kontua da hortik aurrerakoa”.

Aspalditik zuen umorearekin loturiko zerbait egiteko gogoa; barren barrenean sentitzen zuen zerbait zen. Eta hala sortu zuen orain dela sei urte Barretartia bloga. Umorea euskaraz egiteko leku bat eraiki nahi izan zuen, baita umoreari buruz hausnartzeko espazio bat eskaini ere. 300 post baino gehiago idatzi ditu urteotan, mota guztietakoak: medioetarako idatzitako kolaborazioetako gidoiak, aholkuak, beste pertsonen kolaborazioak, artikuluak… 

Torregarai gero eta kontzienteago da umoreak pertsonen egunerokoan duen garrantziaz eta horretan sakontzen jarraitu nahi izan du: “Azken urteetan umoreari buruz asko ikasten ari naizela sentitzen dut eta eskaintza polita egin dezakedala. Horregatik erabaki dut teoria eta praktika uztartuz, eskaintza integral bat egitea Barretartia Umore Zerbitzuak-en bitartez”. Blogean edukiak sortzen jarraituko du, baina horrez gain, umoreari buruzko jakingarri nahiz aholkuei ere toki zabalagoa egingo die. Horretarako hainbat ikastaro sortu ditu: umorea hezkuntzan, umorea eta sormena, umorea eta generoa, umorea egunerokotasunean, barreterapia… Bestetik, umoreari buruzko hizaldiak ere eskaintzen ditu, eta baita banakako eta binakako bakarrizketak ere. 

Edonorentzat irekita dago Barretartia Umore Zerbitzuak. Hezkuntza arloari dagokionez, umorea euren egunerokotasunean txertatu nahi duten irakasleentzat formazio-saioak ematen ditu, eta baita umorezko ikuskizunak eskaini ere ikasleentzat, bereziki Bigarren Hezkuntzatik aurrerakoentzat. Izan ere, Torregaraik argi du umorea onuragarria dela adin guztietarako eta zeregin orotarako: “Fisikoki barre egiteak bihotza indartzen du, azala gaztetzen du, arteria-presioa jaisten du, sistema immunologikoa gogortzen du, digestioa hobetzen du, arnasa errazten du eta abar. Horretaz gain, umorearen ‘txipa’ piztuta edukitzeak konfiantza eta animoa igotzen ditu, talde kohesioa eta harremanak errazten ditu, tentsioak askatzen ditu, motibazioa areagotu eta ahalduntzen ere laguntzen du”. Era berean, ordea, Torregaraik gaineratzen du umoreak min handia egin dezakeela norbait zapaltzeko erabiltzen bada. “Umorea erabiltzerakoan beti galdetu behar diogu gure buruari ea egiten ari naizen hori zein botere harremanetan kokatzen den: nire parekoari egiten ari naiz, ni baino ahulagoa den norbaiti ari naiz egiten edo nire gainetik dagoen norbaiti? Erantzun horrek esango digu erabiltzen ari naizen umorea beste norbait beheratzeko den ala ez”.

 

INFORMAZIOA:

Harremanetarako

  • Idoia Torregarai Martija
  • 0034 629482474
  • info@barretartia.eus
  • www.barretartia.eus

Hezkuntza arloko eskaintza

  • Irakasleentzat formazio-saioak
  • Ikasle nahiz irakasleentzat umorezko ikuskizunak