Mugimendua izatea  seinale ona denean

2019-10-01

IKASTURTE HASIERAK BEREKIN DAKAR MUGIMENDUA, ERA ASKOTAKO MUGIMENDU TXIKIAK. HORIETAKO BATZUEI LUPAZ BEGIRATU ZAIE ZENBAKI HONETAN: IKASLEEN JOAN-ETORRIEKIN ETA JARDUEREKIN LOTUTAKOEI.

 
 

H

asi da ikasturte berria, hasi da mugimendua ikastetxeetan, hezkuntza- erakundeetan eta sindikatuetan, jangeletan eta eskolaz kanpoko jardueretan. Mugimendua; hori da ikasturte honetako hik hasiren lehen zenbakian nabarmendu dena.

 

Gai nagusian ikasleek eskolarako bidean egiten duten mugimendua aztertu da. Badirudi azken urteetan haurrak eskolara autoz eramateko joera handitu egin dela, eta ondorioz, gero eta gutxiago direla oinez eta euren kabuz joaten direnak. Adituen arabera, jokabide horrek haurrengan gero eta nabarmenagoak diren hu’tsuneak sortu ditu; hala nola, ingurua ezagutzeko zailtasunak, euren kabuz han-hemenka ibiltzeko arazoak, sedentarismoa, kalean beste haurrekin harremanak izateko ohituren galera eta abar. Hala bada, neurriak hartzeko moduko egoera da, eta horretan hasiak daude hainbat lekutan; erreportajean aipatzen dira Donostian, Oñatin eta Leioan, esate baterako.

 

Ideia argia da: askatasunez eta segurtasunez mugitzeko moduko kaleak behar dituzte haurrek. Autoz bete dira kaleak azken hamarkadetan, eta ondorioz, auzoen, herrien eta hirien egitura eta antolaketa birpentsatzeko beharra etorri da, pertsona erdigunean jarriz.

Gorputz Hezkuntzako irakasgaiak horretan lagundu dezake, elkarrizketa nagusian Luis Larrañaga Pizti-k esaten duen norabidea hartzen baldin bada. Gorputz Hezkuntzan esperientzia txarra bizitzen bada, etorkizunean kirola egiteko gogorik ez da izaten. Aldiz, Gorputz Hezkuntzako eskoletan esperientzia positiboak biziz gero, aurrera begira eguneroko bizimoduan jarduera fisikoak egiten jarraitzeko aukera handitu egiten da. Eragin hori ikusita, bistan da Gorputz Hezkuntza ondo lantzeak garrantzia berezia duela.

 

Horretarako bi ezaugarri behar ditu Gorputz Hezkuntzak. Bata, zer landu jakitea. Hori zehazteko helburuarekin, SOHAT Soin Heziketaren Aldeko Taldeak 36 unitate didaktikoz osatutako programazio bat jarri du guztion eskura. Bigarren ezaugarria curriculumari dagokiona da; alegia, Gorputz Hezkuntzarentzat curriculum berri bat egitea eta berau praktikara eramateko baldintzak ezartzea, besteak beste, Gorputz Hezkuntzaren gutxieneko ordu kopurua igotzea. Zeren, hizkuntzak jakitea eta ezagutza zientifikoa edukitzea garrantzitsuak izan daitezke pertsona baten lan jarduerarako; baina lanaz gaindi, eguneroko bizimoduan ariketa fisikoa egitea ere funtsezkoa da, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen, landu gabe, besterik gabe, makiltxo magikoarekin.