ERGONOMIA ESKOLAN: ONGI ESERTZEN AL DIRA HAURRAK ESKOLA-ORDUETAN?

2019-10-01
 
 

E

 rgonomia ez da kontuan har-tzen esparru asko eta askotan. Baina zer da ergonomia?

Ergonomiak pertsonen eta pertsonek erabiltzen dituzten elementuen arteko erlazioa aztertzen duela esan dezakegu. Mugitzen ari garen lekuan guregan eragina duten baldintzak aztertzen ditu: baldintza fisikoak, kognitiboak, antolamenduari dagozkionak eta ingurumenekoak. Giza ongizatea sustatzea eta pertsonak dagoen inguruan errendimendu optimoa lortzea ditu helburu.

Oraingoan, eskolaren esparruan zer-nolako garrantzia duen aztertuko dugu; faktore fisikoak hartuko ditugu kontuan bereziki, eta gorputz-jarreraren heziketan edo higienean eta ikasleen kolektiboan zentratuko gara. 

Gure ikasleek ordu asko igarotzen dituzte eskolan, eserita horietako gehienak. Hazteko garaian daudela eta haien gorputzak aldatzen eta hazten ari direla kontuan hartuta, garrantzitsua da normalean zer jarreratan egon ohi diren adi aztertzea. Energia minimoarekin eraginkortasun handiena lortzeko aukera ematen duena da jarrera zuzena (ahalik eta tentsio edo zurruntasun gutxienarekin, gainkargak saihesteko). Prebentziorako, garrantzitsua da gorputz-jarreraren hezkuntza (eta higienea) kontuan hartzea, haurren eta nerabeen osasuna zaintzeko; lesioak saihesten eta murrizten laguntzen du, batez ere gil-tzaduretakoak eta bizkarrekoak, eta legearen esparruan ere, hezkuntzako curriculumetan irakasgai gisa txertatu behar litzatekeela adierazi da. Adibidez, 175/2007 Dekretuan, urriaren 16koan, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezartzekoan (EHAA – 2007ko azaroak 13 – 26035 ), besteak beste, DBHn Gorputz Hezkun-tzako helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak ezartzen dira. Honako hau dago jasota hitzez hitz:

“Gorputz-postura egokien ariketak lantzea, jarduera fisikoak egitean eta eguneroko bizitzako egoeretan (eserita egotea, zama igotzea, bizkar-zorroak eramatea...).”

“Eguneroko jardueretan jarrera egokia hartzeak duen garrantzia aitortzea eta balioestea.” 

“Jarrera-ohitura desegokiak aztertzea, eta horiek zuzentzea.”

Nire ustez, jarreraren higienea ez da gorputz-hezkuntzaren esparruan soilik landu behar. Irakasgai horrekin duen harremana zuzenekoa eta argia izan arren, zeharkako irakasgai gisa hartu behar litzateke kontuan, garrantzitsua baita gorputz-hezkuntzako geletatik kanpo ere esertzerakoan, bizkar-zorroak eramatean, ordenagailua erabiltzean eta beste hainbat unetan geureganatu ditzakegun ohiturak kontrolatzea. 

Beharbada, informazio eta prestakuntza falta sumatzen da gai honen inguruan, baita eskola-esparrutik harago ere. Gizartean, oro har, ez zaio ia garrantzirik ematen osasuna izateko prestakuntzari eta prebentzioari, eta patologiaren bat edota deseroso sentiarazten gaituen sintomaren bat dugunean gogoratzen gara horretaz. Ikuspegi global eta integratzaile batetik, gomendagarriagoa da osasunari eusten saiatzea, eta ez sintomak agertu arte zain egotea, zerbait egiten hasteko.

Zentzu horretan, garrantzitsua da hezkuntza-elkarte osoaren parte-hartzea: irakasleena, ikastetxeetako kudeatzaile eta zuzendariena, Hezkuntza Sailarena, gurasoena eta ikasleena. Guztiek jaso behar lukete prebentzioari eta jarreraren higieneari buruzko prestakuntza, eta norabide berean lan egiteko konpromisoa hartu behar lukete guztiek. 

 

Arrisku-faktoreak eta soluzioak

Eskolaren esparruan, lau arrisku-faktore nagusi nabarmenduko nituzke jarrerari dagokionez: 

Denbora luzean jarrera estatikoak izatea. 

Altzari egokien falta (aulkiak eta mahaiak bereziki). 

Gehiegizko pisua duten bizkar-zorroak.

Lehia biziko kirol-jarduerak.

Hona hemen ideia praktiko eta hobetzeko jarraibide batzuk: 

Jarrera-aldaketak sustatzea, ahal den neurrian. 

Eserita edo ordenagailu aurrean denbora luzean ez egotea. 

Kontuan hartzea aulkiak eta mahaiak egokitu egin behar direla. Altuera erregulatzeko aukera ematen duten eskola-altzariak dira onenak, altuera desberdinetako pertsonei jarrera zuzena hartzen laguntzeko

Eskolako jarduerak egiterakoan, eserita egon gaitezke denbora luzez, patologia muskuloeskeletikoak sor-tzeko arriskurik gabe; gure gorpu-tzaren eta buruaren pisua ahalik eta esfortzu txikienarekin ezarriko dugu oinarri egonkor batean, bizkarrezurra ondo dugula ziurtatuz. Horretarako, kontuan izan behar ditugu honako alderdi hauek: 

Bi oinak lurrean edota beste azalera egonkor eta zabal batean (ez aulkien barretan) ezarri behar dira. 

Iskion hezurrak (pelbisaren beheko aldean dauden hezurrak; horien gainean esertzen gara) ongi bermatu behar dira, eta gure bizkarrezurraren kurbadura fisiologikoak berezko jarreran daudela ziurtatu behar dugu.

Lanak mahaian egiterakoan, aulkiak apur bat aurrera inklinatuta egon behar du. Aulkiak, laua bada, okerreko norabidean behartzen du gerriaren kurbadura, eta epe laburrean, minak sortzen ditu, eta patologia bilakatzen dira horiek. 

Gure aldaka belaunen gainetik egoteko adinako altuera izan behar du aulkiak.

Mahaiaren altuerari dagokionez, kontuan hartu behar dugu gure besoak erlaxatuta uzten ditugunean gure sorbaldek ez dutela goian gelditu behar. 

Ahal izanez gero, lanerako mahaiaren planoak inklinatzeko aukera izan behar luke, lana egiterakoan gehiegi makurtu beharrik ez izateko edo gure begirada 30º baino gehiago jaistea saihesteko. Ordenagailuko pantailei ere aplika diezaiekegu hori; gure begien altuera berean edo apur bat beherago egon beharko luke pantailak. 

Kontuan hartu behar dugu lepoaren inklinazioa ere, gure mugikorraren pantaila begiratzerakoan (gaur egun, oso ohikoa da mugimendu hori). Dena den, ez luke 30º baino gehiagokoa izan behar. 

Nerabeen kasuan, garrantzitsua da kontrol handiagoa izatea, ohiko jarrera-akatsak saihesteko, besteak beste, idazten dugun eskuaren aurkako aldera biratzea enborra. Hazteko garaian, deformazioak ekar ditzake horrek, eskoliosia, esaterako. Kontuan hartu behar dugu ondorio posible horiek beti jarrera desegokian gauden denborarekin daudela lotuta.

Bizkar-zorroei dagokienez, nerabe gehienek eraman ohi dituzten bizkar-zorroek erraz gainditzen dituzte osasun-agintarien gomendioak. Alde batetik, pisua hartu behar dugu kontuan, eta, bestetik, erabilera egokia:

Pisuari dagokionez, ez du izan behar bizkar-zorroa daraman pertsonaren pisuaren % 10 baino handiagoa, adituen gomendioei jarraituz. Datu zehatzetan, honela azalduko genuke: DBHn hastera doan ikasle batek, 40 kg inguru pisatzen duenak, ez luke gainean eraman behar 4 kg baino gehiago pisatzen duen bizkar-zorrorik. 

Garraiatzen duen pertsonaren bizkarra baino altuera eta zabalera txikiagokoak izan behar dute.

Euskarri barrubigunak izan behar dituzte, eta, ahal izanez gero, aurreko aldean ere bai, gerrian eta bular inguruan, bizkar-zorroa bizkarrera itsatsita joan dadin, etengabe mugitu gabe eta kolpeak eman gabe. 

• Eusteko uhalak ere egokitu egin behar dira, bizkar-zorroaren beheko aldea gerriaren goiko aldean ezartzeko. 

• Gurpildun bizkar-zorroak erabiltzekotan ere, egoki erabili behar dira; ez da behin betiko irtenbidea, pisua bizkarrean eraman beharrean lurrean arrastaka eramaten baitugu, gorputzaren atzetik sarritan, sorbalda behartuz eta bizkarrezurra bihurtuz. Gainera, ikastetxera iristen garenean, hala moduz igo behar izaten ditugu eskailerak, horretarako prestatuta ez dauden bizkar-zorroekin.

Interesgarria litzateke gure nerabeen bizkarren osasuna zaintzeko aukera emango duten ordezko irtenbideak planteatzea. 

Gorputz Hezkuntzako eskoletan proposatzen diren jarduerei dagokienez, gure eguneroko bizitzan ariketa txertatzeko ohitura sustatzera bidera beharko liratekeela uste dut. Kirola bere horretan kontuan hartzeaz gain, eta Hezkuntza Sailaren curriculumak ezarritako jarraibideak kontuan hartuta, askotariko jarduerak eskaini behar lirateke, eta luzaketak eta jarreraren higiene eta hezkuntza txertatu behar lirateke, eguneroko errutinetarako. Gorputz Hezkuntzako profesionalek zeregin garrantzitsua dutela uste badut ere, gainerako irakasleek ere prestatu egin behar lukete, eta beren eskoletan landu, zeharkako irakasgai gisa. 

Ohiturak aldatzeak inplikazioa, dedikazioa eta jarraitutasuna eskatzen ditu. Eta hala eskatzen die, hain zuzen, inplikatutako estamentu guztiei:  erakundeei, ikasleei, irakasleei eta familiei. Ohitura berri bat barneratzen denean, ez da jada esfortzurik egin behar ohitura horri eusteko, eta gure haur eta nerabeen osasunak eskertuko digu. 

 

Bibliografia

- PH-E. SOUCHARD: Stretchig Global Activo. De la perfección muscular a los resultados deportivos, Paidotribo editoriala, Bartzelona 1996 .

- PH-E. SOUCHARD: RPG. Principios de la Reeducación Postural Global, Paidotribo editoriala, Bartzelona 2005.

- LOROÑO, Aitor: Los 5 Principios del SGA, Dk.ITG editoriala, Bilbo 

- https://www.centrounan.com/