Bidezidorretatik erdigunera

2019-11-01

UEUk, Jalgik, Elkarrek eta Hik Hasik antolaturiko ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ jarduanaldietan euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren diagnosi larria egin zuten adituek, baina argi asko erakutsi zituzten irakasle eta sortzaileek. 

 
 

I

nes Osinagak aurreko hik hasi aldizkarian zioen bezala, euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, gaur egun, ez da naturala. “Ezin dugu espero sukaldean gerta dadin, kultur sorkuntzaren transmisioa politikoa da edo ez da”. Politikoa, erabaki politikoa izan baitzen euskal kultur transmisioa etetea. Ximun Fusch aktoreak ezin argiago esan zuen hori Azpeitian: “Zuek hemen, Hegoaldean 50 urteko sarraski kulturala, ekonomikoa eta, oro har, gizarte sarraskia bizi izan duzue”. Horra bada, sarraski kulturalaren ondorio, gaur bizi dugun egoera kultur transmisioari dagokionez.

 

Baina faktoreak ugari dira. Euskal kulturaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez eze, kultur sorkuntzaren sozializazioa, ikusgarritasuna, zabalpena, guztia baitago egon krisian, alarma gorriak pizteko egoeran. Hezkuntzako egoera kritikoa aurkeztu zuen Azpeitian Iratxe Retolazak, —argi esan zuen, gazteek ez dute ezagutzen euskal kultura— baina argi izpi asko agertu zituzten han-hemenka, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian proiektu ausart eta interesgarriak ari dira egiten, nondik eta bidezidorretatik, euskal kulturak curriculumean berariazko lekua ez duen ikastetxeetan. Eta aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako curriculumetan bai, euskal kultura zehar-lerro izan behar dela esaten denean, hortxe gertatu da atzerakada handiena. Curriculuma edertzen duen "hitz politen pilaketa" besterik ez da euskal kulturak zehar-lerro izan behar duela esatea, ez bada jartzen baliabiderik, ez badira irakasleak formatzen —ezta Euskara eta Euskal literatura eman behar duten espezialistak ere—.

 

Formazioa, baliabide eskasia, eta laguntzen ez duen ingurune oso bat: euskal kultura eskolan ez eze, ez baitago presente ez etxean, ez kalean, ez komunikabideetan... Alor guztietan ari da gertatzen atzerakada. Faktore ugariren eraginez, 50 urteko sarraski politikoagatik, eta ondotik etorri diren erabaki politikoengatik (edo etorri ez direnengatik).

 

Formazioa eta baliabideak behar-beharrezko direla ikusi zen Azpeitian, baina baita  kontzientzia eta ardurak hartzea ere. Irakasle oro da kultur erreferente. Buruketa matematikoetan islatzen dugunetik hasi eta azaroaren 1aren bezperan Halloween ospatzen dugun ala Gau beltza ospatzea erabakitzen dugun... Kontzientziak ere lur asko astintzen ditu.

 

Kezkak batu zituen ehundik gora irakasle, kultur eragile eta sortzaile Azpeitiko jardunaldietan, baina argi eta bide asko ikusarazi ziren, han-hemenka esperientzia bikain eta ausartak ari dira egiten sortzaile, irakasle eta eragileak. Orain, bidezidorrak zabaltzea eta elkarrekin zeharkatzea dagokigu euskal kultura erdigunera ekartzeko; artikulatzea, baliabideak eta materialak bildu, ezagutarazi eta denon eskura jartzea, eta administrazioei euren egitekoak betearaztea.