ESKAERA ETA IRADOKIZUNEN POSTONTZIA BETETA

2019-11-01

ALAINE AGIRRE  IDAZLEA

 
 

A

itortu behar dut iritzi artikulu hau idazteko eskatu zidaten momentuan zerrenda mental bat egin nuela eskolari eskatu, zuzendu edota erreprotxatu nahi nizkion kontu guztiekin. Zerrenda luzea zen, eta, gainera, argudioz eta adibidez potolotuko nukeen. Artikuluaren aditz denbora nagusia hipotetikoa zatekeen. Hitzen erdiak neologismoak. Eta tonua apokaliptikoa. 

Aitorpenak egiten hasita, esango dut inoiz ez naizela oso pertsona errealista izan. Eta eskaera honen aurrean ere, ez nintzen errealista izaten ari. Ez bakarrik agindu zizkidaten karaktere kopurua exajeratuki labur geldituko zitzaidalako zerrenda luze eta potolo eta balitz-baliraz betetako hori idatziz gero, baizik eta horko eskaera/zuzenketa/erreprotxeak ez direlako inongo eskolatako eskaera eta iradokizunen postontzian kabitzen. 

Ez baita errealista eskolak aniztasunaren alde, indarkeria matxistaren kontra, arrazismoaren eta xenofobiaren kontra, kontzientzia ekologista batekin, genero rol binarioak hautsiz, sexualitate eredu berriak emanez, neurodiberjenteei lagunduz, gaitasun anitzak dituztenen beharretara moldatuz, euskaltzaletuta, euskal kultura transmitituz, artearenganako sentsibilitatea eraginez, pentsamendu kritikoa sustatuz, sormena landuz, bakoitzaren dohainak azpimarratuz, ahulguneak indartuz, enpatiaz, errespetuz, berdintasunez, onarpenez, adiskidetasunez, baikortasunez, ulerkortasunez jardutea, eta, aldi berean, ikasleei ikasteko grina hauspotzea, ikastearen garrantzia helaraztea, jakintza eta libertatea eskutik datozela (suposatzen da) ulertaraztea, jakin-mina piztea eta elikatzea, nola ikasi erakustea baina irakatsi barik, askatasuna emanez, beren autonomia garatuz, kritikoak izatea bultzatuz, nortasunak ez zapaltzeko tentuz ibiliz, bakoitzaren erritmoak errespetatuz, ikasle guztiak motibatuz, eta, noski, hau dena, inondik inora ere, inoiz eta inon, aurrez ezarrita dagoen kurrikuluma emateari utzi gabe, hamasei gaietatik hamaseiak emanez, testuliburuak esaten dizkigun tenpoak errespetatuz, azterketak eginez eta egunero etxerako lanak aginduz, jakintza eta ezagutza transmitituz, kantitatez zein kalitatez, euskara erabiltzeko konbentzituz eta euskara maila on bat izan dezaten lortuz, Historian zehar pajarita edo gorbata eraman duten batzuk-guzti-horiek nortzuk izan ziren eta zer egin zuten irakatsiz (inoiz ez zer egin ez zuten, esaterako, zaindu), teknologia berriak erabiliz, oinarri on bat emanez zientzietan, beste oinarri on bat emanez letretan, eta musikan eta literaturan eta artean, gorputz heziketaz ahaztu gabe, eta abezedario historiko, kultural, derrigorrezko guztia oso-osorik eta inongo hutsunerik gabe irakatsiz.

Ni ez naiz errealista eskolari kontu eske ez etorrita ere, karaktere kopuru baimenduaren barruan egongo nintzatekeela pentsatu dudalako beste behin (oraingoan ere, muga gainditu egingo dut). Baina gizarte modura ere ez gara errealistak hori guztiori eskolari eskatu eta bete behar duela esaten diogulako. Ez txarto ulertu, hori guztiori garrantzitsua eta ezinbestekoa eta berebizikoa iruditzen zait. Hezkuntza da betidanik gehien interesatu nauen gaia, eta interes horren parekoa da eragiten didan kezka. Baina gaur entzun dudan iruzkin batek pentsarazi egin dit eta artikulu hau zertaz idatzi pentsatzen pasatuko nituen asteetako burukomina kendu: gizartearen gaitz guztientzako konponbidea eskola dela esaten dugu beti. Eta, bai: konturatu naiz, orain arte, nik neuk ere gure gizarte honen farmaziatzat izan dudala eskola, azken honek edozein arazorentzako pilula majikoak balitu legez. Eta, ez: eskola ere ez da denera iristen.

Kontua da, nik neuk testu hau idazteko ideiak priorizatu behar ditudan era berean, eskolari eskatzen dizkiogun gauza guztien artean hierarkia bat ezarri behar dugula. Zereginak hautatu. Funtzio bat esleitu. 

Eta behin gauzak lekuz aldatzen hasita, zergatik ez utzi atzean gu atzean utzi gaituena, eta gu berrituko gaituen zerbait berriari ekin?