TXORI BAKOITZAK BERE ABESTIA

2020-07-01

OLATZ ZUGASTI  ABESLARIA

 
 

L

agun maiteok, aldizkari honetarako ikastola garaiko oroitze-ariketa bat egitea eskatu didazue, eta esan behar ezin hunkituago ekin diodala zeregin honi. 

Hernaniko Urumea Ikastolan eman nituen nire lehen urteak, 13 bete arte. Urte politak izan ziren niretzat, zentzu askotan atera nion zukua garai hari, eta, gainera, beti pentsatu dut gaur egun naizena eta nire kantuetan adierazten dudan hori, hein handi batean, ikastolari zor diodala; izan ere, derrigorrezkotzat jotzen diren ikasgai guztiez gain, askoz ere zabalagoa eta zirraragarriagoa den zerbait jaso nuen ikastolan ume-umetatik: ikuspegi bat, kontzientzia bat, gure Euskal Herriaren taupadarekin eta arnasarekin bat nintzelako kontzientzia; olerkiak, kantuak, ipuinak, dantzak, euskara eta euskalkiak, esaera zaharrak eta horiek gordetzen duten jakinduria eta iruditeria, baita gure Nafarroako Erresumaren historiaren zertzelada batzuk ere…, horrek guztiak harilkatu zuen nire izatea. 

Hori gutxi balitz bezala, Benito ere han ezagutu nuen, eta, urte batzuk geroago berriro topo egin genuenetik, berarekin jarraitu dut nire bizitzako oihala brodatzen, garaiak aldatuz badoaz ere, beti etxeko sutondoa eta nondik natorren gogora ekarriko didan oihala, baita aurrera begira ere, egingo dudan guztiari nortasun batetik begiratzen lagunduko didana.

Ikastolako garaietara itzuliz, gogoan dut gertakari bat, bost urteko “nexka haundia” nintzenekoa; zuzendariak etxean egokituta zuen ikasgelan geunden umeak, lurrean eserita, eta Maritxu Mariezkurrena zuzendaria bera sartu zen eta eskola ematen ari zitzaigun andereñoari, bere ahizpa Puriri, zerbait esan zion isilka. Ni haiei begira geratu nintzen, eta bat–batean biak niri begira ikusi nituen, eta eurengana joateko eskatu zidaten. Eta ez hori bakarrik, atearen beste aldean zegoen euren bizitokira sarrarazi ninduten! Ate hark bazuen orduan halako zera misteriotsu bat, haurrok ez baikinen inoiz hara sartzen. Nolakoa ote da euren etxea…? Baina ate hura zeharkatu eta, ezer kuxkuxeatzeko aukera izan baino lehen, olerkitxo bat ikasteko eskatu zidaten. 

Igandean, Galarreta pilotalekua lepo beteta zegoen, ikastolak ikasturtearen amaierako jaialdia ospatzen baitzuen. Prestaketa-lanak egiten ari ginela konturatu ginen mikrofonoaren hanka ez zela nire altuerara jaisten; urduritasuna; jendea sartzen ari zen bitartean, Joxemari Aranalde apaiza nire ondoan; mikrofonoa ez bazen nigana iristen, nik igo behar harengana… Hala, aulki baten gainera igo ninduten. 

Jendea bere lekuan eseri eta isildu zenean hasi nintzen etxean hainbat aldiz errepikatu nuen olerkia esaten: “Txori bakoitzak bere abestia, herri bakoitzak bere hizkera, euskaldunok euskaraz, guk ahal ditugun hizkuntza gehienak ikasiko ditugu, buruan hiru edo…, baina bihotzean bakarra: gurea”; eta jendearen txalo-zaparradaren ondoren eman genion hasiera jaialdiari. 

Beste errezital bat ere agindua nuen, hanka moztu berria zuen eta jaialdira etortzerik izan ez zuen aitonaren aurrean egin beharko nuena, eta bai egin ere, haren malkoak ikusten nituen bitartean.