Haurrek eta gazteek nola tratatuak izan nahi duten adierazi dute
Alderdi emozionala lantzeko modu bat baino gehiago daude eta Bidegintza gizarte ekimeneko kooperatibak bide berri bat urratu du: Bilboko 800 haur eta neraberi galdetu die nola tratatuak izan nahi duten irakasleen eta gurasoen aldetik.
B
idegintza gizarte ekimeneko kooperatiban urte dezente daramatzate haurtzaroaren eskubideen defentsan lanean haurrei protagonismoa emateko eta haurrak erdigunean jartzeko xedez. Haurrak babestea, prebenitzea, ez baztertzea, parte hartzea eta haien interesak defendatzea da nahi dutena, eta horretarako hainbat ekintza eta jarduera eramaten dituzte aurrera, betiere pertsonak, komunitatea eta komunitate zentzua indartuz, haiei protagonismoa emanez. Haurrekin, familiekin eta zaurgarritasun egoeran dauden taldeekin aritzen dira.
Zeregin horretan funtsezko elementu batetaz ohartu ziren: garrantzitsua dela haurrei beraiei galdetzea nola nahi duten eta gustatzen zaien helduek tratatzea, bai gurasoek, bai irakasleek eta baita inguruan dituzten gainerako helduek.
Abiapuntu hori hartuta garatu dute TratuonArte egitasmoa azken hiru urtetan. 2017aren bukaeran eta 2018an zehar ekintza sorta askotarikoak burutu zituzten haur, gazte, nerabe eta helduekin eta 2019n, ekintzak egiten jarraitzeaz gain, ekintza horietatik ateratako informazioa eta datuak biltzen eta sistematizatzen jardun ziren. Mila hausnarketa baino gehiago bildu dituzte eta horiek denak argitaratu eta jendartearen eskuetan jarri dituzte haurren tratu onaren gaineko kontzientzia zabaltzen joan dadin.
TratuonArte, tratu onak gehi artea
Kanpaina modura diseinatu eta garatutako proiektu honen muina haurren tratu onak eta artea dira. Haurren parte hartzea bultzatzeko eta, aldi berean, tratu onaren gaineko sentsibilizazioa mahaigaineratzeko erabili dute. “Bidegintzaren misioaren eta balioen barruan sartzen da tratu onaren kultura sortzea eta zabaltzea, eta horretarako balio izan du egitasmo honek”, dio Begoña Ruiz Bidegintzako psikologo, gizarte hezitzaile eta psikomotrizistak.
Horretarako, hiru oinarri izan ditu egindako prozesuak. Lehendabizikoa, tratu onaren inguruan sentsibilizatzea. Bigarrena haurrei parte hartzeko aukera ematea, haien ahotsa entzutea, zuzenean haiei galdetuz. Eta hirugarrena, artea erabiltzea bitarteko gisa eta horrekin sormen adierazpena sustatzea. “Erabili dugun metodologiak artearekin eta sormenarekin zerikusia du. Hau da, argazkia, pintura, eskultura, mugimendua... erabili ditugu tailerretan eta ekintzetan eta horien bidez adierazi dute nola nahi duten tratatuak izatea eta nola tratatu ditzaketen eurek ondo besteak”, azaltzen du Ruizek.
Hala, jolas eta sormen artistikoko tailerrak egin dituzte haurrekin eta nerabeekin. Guztira berrogeita lau tailer egin dituzte ikastetxeetan, gizarte hezkuntzako erakundeetan, aisialdi taldeetan eta abar. Jolasa, lan kooperatiboa eta sormen adierazpena izan dira metodologia gisa erabili dituztenak. Hasteko, harrera uneari eman diote denbora testuinguruan kokatzeko eta horretarako gorputz adierazpenaz baliatu dira. “Lotura emozionala eta gozamena lortzea errazten du horrek, eta hurrengo ekintzetarako prest egoten laguntzen du”, azaltzen du Ruiz gizarte hezitzaileak. Behin hori eginda, tratu onaren inguruko hausnarketak egin dituzte jolasaren bidez. Ipuinak, istorioak, komikiak eta bideo laburrak entzun eta ikusiz eztabaida zabaldu dute, eta gaira egokitutako mahaiko, mugimenduko edo bestelako jolas kooperatiboak ere baliatu dituzte. “Ondoren garrantzitsua izan da feed-backa eta ekarpenak jasotzea, egindako hausnarketen laburpena eginez eta pixka bat urrunago joatera gonbidatuz. Pentsamendu eta gogoeta kritikoa sustatzen ahalegindu gara baliozkotzeekin, ideien bideratzeekin, positibizazioarekin, hainbat motatako eskalekin, gehienekoen eta gutxienekoen galderekin eta abar”. Lanketa hori guztia egin eta gero, haurrek eta gazteek beraienganako tratu onaren inguruan duten kontzeptua islatzeko gonbita egin zaie, eta hori pinturaren, eskulturaren, argazkiaren, musikaren, dantzaren, collagearen, dramatizazioaren bidez egin dute. Sentitzen, pentsatzen eta bizitzen duten hori adierazteko bihotzak, eskuak, zuhaitzak, ostadarra, eguzkia, haurrak eta helduak tratu on ekintzetan eta elementu abstratuak erabili dituzte. Tailer guztiei agurra edo bukaera eman diete sortutako lanak aztertuz, tailerraren ebaluazioa eginez eta taldeko argazkia ateraz.
Haurrekin bezala, helduekin ere egin dituzte antzeko tailerrak, erantzun deskribatzailea duten inkestak, eztabaida taldeak eta abar.
Azkenik, tratu on astea antolatu dute eta aste horretan tailerretan sortutako lanen erakusketa egin dute, Haurtzaroaren Eskubideen Eguna ospatu, tailer berriak egin eskolako taldeentzat eta familia guztiarentzako jarduerak (dantza, adierazpen mugimendua, dekorazioa, pintura...).
Tailerretan zein aste horretan egindako ekintzen eta hausnarketen inguruko informazioa Bidegintzako blogean jaso dute: https://buentratarte.blogspot.com
Haur, gazte eta nerabeen esanak
Bilboko 800 haur, gazte eta nerabek hartu dute parte ekimenean eta zazpi ikastetxeren eta gizarte hezkuntzako beste hainbat eragileren laguntza izan dute. “Zaila eta konplexua da denek esan dutena laburbiltzea, baina egin dituzten hausnarketetan behin baino gehiagotan atera diren aldagai batzuk badaude”, dio Ruizek. “Alde batetik, familian, ikastetxean, auzoan, medikuarenean, aisialdiko hezitzaileekin... une eta egoera desberdinetan afektibitatea erakustea behar eta nahi dute. Modu batera edo bestera, afektibitatea erakustea, haiengan eta haien aukeretan sinesten dela eta haiengan konfiantza daukagula adieraztea behar dute”.
Adinaren, garapenaren eta norberaren nortasunaren arabera desberdintasunak antzeman dituzte erantzunetan. Haur txikienek oinarrizko beharrei buruzko erreferentziak egiten dituzte ongi tratatuak izatea zer den galdetzen zaienean: elikadura, deskantsua, jolasa, osasuna eta gertuagoko afektibitatea eskatzen dituzte. Gazte eta nerabeak helduaren mundura joateko bidean daude eta akatsak egiten uzteko eskatzen dute, askatasun eta autonomia gehiago emateko, errespetuz tratatzeko eta entzuteko.
Harrigarria suertatu den beste aldagai bat aipatzen du Ruizek: gaur egun haurrak babesteko edo gainbabesteko joera dagoen honetan, haurrek eta gazteek autonomoak izaten uzteko eskatzen dute, hanka sartzen uzteko eta denbora guztian gainean ez egoteko. Batez ere nerabeek azpimarratzen dute hori.
“Harritu gaituen beste kontu bat ingurumenarekiko duten ardura da”, gehitzen du Patricia Sanchez Bidegintzako hezitzaileak. “Haiek ongi tratatzea ingurumena ongi tratatzearekin lotzen dute, lurra zaintzearekin. Natura gehiago eskatzen dute ikastetxeetan eta gehiago birziklatzea etxeetan eta eskoletan”.
Oro har ongi tratatuak sentitzen diren arren, beti egiten dituzte hobetzeko proposamenak. Esate baterako, denei berdin tratatzeko eskatzen dute, arreta gehiagorekin egoteko eurekin gaudenean, entzunak izatea nahi dute eta denbora gehiago eskaintzea. “Denbora eskatzen dute, bai, hori sarri atera da”, dio Sanchezek. “Familiarekin denbora gehiago pasatzea eskatzen dute eta horren barruan jolasteko espazio eta denbora gehiago. Jolas horrek ematen die segurtasun emozionala eta harreman lotura”.
Helduen ikuspuntua
Helduen ikuspuntua ere landu dute TratuonArte ekimenarekin. Alde batetik haurrei galdetuz helduek nola tratatzen dituzten, eta beste aldetik helduei beraiei zer den eurentzat haurrak ongi tratatzea. “Ez dago alde handirik batzuek zein besteek esaten dutenaren artean, baina helduak kontzeptuetan geratzen gara: zaintzea, entzutea, errespetatzea... aipatzen ditugu, baina ez dugu mamira jotzen”, azaltzen du Ruizek. “Haurrek egunerokotasuneko gauzak zehatzak aipatzen dituzte, eta helduoi kosta egiten zaigu ariketa hori egitea. Behin hausnarketa egindakoan bai atera direla beste zehaztasun batzuk: haurrekin denbora gehiago egotea, barrura begiratzea, emozioak lantzea eta abar. Baina kosta egiten da lur hartzea”. Bidegintzako kideek uste dute egunerokotasunak ez duela aukerarik ematen gelditu eta gauza horietan pentsatzen jartzeko eta hausnartzeko nola egin nahi dugun, nola gauden, nola egon nahi dugun, zein beste modutara egitea gustatuko litzaigukeen...
Irakasleei haurrek esandakoa itzuli diete eta harrituta geratu dira haurrentzat eurekin duten harreman afektiboak zein garrantzia duen ikusita. Hezkuntza arloan dagoen eztabaidetako bat da, gainera, afektibitatearen eta mugen arteko oreka; noraino adierazi afektibitatea eta non jarri mugak. Haurrek diote afektibitate hori behar dutela irakasleen aldetik. Eta baita jolasa ere, jolasteko denbora asko eskatzen dute. “Irakasle bat umore onean etortzen denean, bromak egiten dituenean, jolasaren bitartez ikasten dutenean, esperimentuak egiten uzten dietenean eta abar, ongi sentitzen direla diote”.
Gurasoekin eta irakasleekin egin dituzten hausnarketek eta ekintzek egoera horren kontzientzia hartzeko balio izan dute, bederen, eta horixe da lehen urratsa. “Batzuetan aurretik bazekiten gauzekin konektatu dutela aipatu dute, baina orain kontzienteago direla, orain argiago daukatela zer behar duten haurrek eta zer eskatzen duten”, azaltzen dute Bidegintzako bi hezitzaileek. “Aipagarria da, baita ere, haurrak eta gazteak harrituta gelditu direla beraiei galdetu zaienean. Nabarmen geratu da ez daudela ohituta eurei galdetzera eta ‘honek zertarako balio du gero?’ galdetu dute”.
Materiala eskura
Galdera horri erantzun diete Bidegintzakoek. Hasteko, denek, haurrek, gazteek, nerabeek, gurasoek eta irakasleek tratu onaren gainean uste dutena ezagutzeko balio izan du. Baita kontzientzia hartzeko ere, eta hortik abiatuta aldaketak egiteko aukera irekitzen da. Bidegintzakoek, hausnarketa guztiak jaso eta argitaratu dituzte, eta tratu onekin eta haurtzaroaren erresilientziarekin zerikusia duen ipuin bat prestatu dute. Horrez gain, jokoekin osatutako koaderno bat eta ikastetxeei bideratutako beste material bat ere egin dute ikasleen arteko lankidetza eta loturak lantzeko eta berdinen arteko gatazkei aurre hartzeko.