‘Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi’ liburuxka Gizarteaz eta hezkuntzaz hausnartutakoa irakurgai

2021-10-01

Etorkizuna margotzen hasita, kolore askotako pintzelkadez margotu daiteke; eta norberaren hautuaren arabera grisagoa, ilunagoa edo argiagoa geratu daiteke. Hik Hasik hainbat arlotako 13 aditu eta aritu jarri zituen 2019ko uztailaren 1ean gizartearen eta hezkuntzaren etorkizunaz hausnartzen —eta urtebete geroago COVID-19aren pandemiaz ere bai—. Emaitza 'Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi' liburuxka izan da.

 
 

Abiapuntua Hik Hasi Udako Topaketen 20. urteurrena izan zen. Ospakizun modura jardunaldi berezi bat egin zen eta bertan egungo eta etorkizuneko gizarteaz eta hezkuntzaz hausnartzeko hitzaldi bat eta lau mahai-inguru egin ziren Donostian. Hezkuntza arlotik kanpo diharduten adituak eta arituak bildu ziren mahai-inguruetan eta bi galdera luzatu zitzaizkien:
10-20 urte barru nolako gizartea irudikatzen duzu? Zein izango dira premia nagusiak? Zeri erantzun beharko zaio?
Horretarako, zer-nolako hezkuntza behar da? Nola hezi behar ditugu haur eta gazteak?
Urtebete geroago COVID-19aren pandemia betean, hirugarren galdera bat luzatu zitzaien:
Orain urtebeteko egindako gogoetari zer gehituko zenioke bizi dugun pandemia dela-eta?
Emaitza liburuxka interesgarri eta mardul hau izan da. Gaurkotasuna duten hausnarketak biltzen ditu, hezkuntzatik kanpo dabiltzan aditu eta arituek hezkuntza, eskola, ikasleak, gurasoak, hezitzaileak eta gizartea, oro har, nola ikusten dituzten kontatzen dute. Denok aberasteko moduko hitzak, jakintza eta ikuspegiak gurutzatzen diren ibilbide bat osatu da eta hemen jaso dira hausnarketa horien pasarte batzuk.

Juan Jose Ibarretxe
Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia

Gaur egungo mapamundian kokatzeko, gure kultura gehitu behar dugu. “The k is the key” esaten dugu guk: kultura da gakoa. Transformazioak eta aldaketak ulertu ahal izateko, kulturak emango digu giltza. (...)
Mahai gainean daukagun galdera nagusia honako hau da: posible al dugu beste mundu bat eraikitzea? Dilema oso argia da: botereetatik jarraituko dugu eraikitzen, ala giza eskubideak, indibidualak nahiz kolektiboak, bermatuz eraikiko dugu mundu berri hori? Nik uste dut bigarren hori dela bidea. Eta badago soluziorik? Bai, Jose Saramagok esaten zuena: “Se llama conciencia”. Hori da bide bakarra.

Joseba Azkarraga Etxagibel
Soziologoa, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea (EHU)

Irudikatu inurritegi bat. Hortxe lur-tontortxoa, zelaiaren erdian. Hortxe ehunka inurri saiatu, atzera eta aurrera, lanari emanda elikagaiak biltegiratzen, nekagaitz, ongi lerrokaturik, edozeinek bere idazmahaian nahi lukeen ordenaren nozioarekin. Badator, baina, hanka biko nerabea jostalari, eta zartatu du inurritegia ostikada siku batekin. Hautsi da inurri-gizartea, akabo lan produktibo ongi antolatua. Pausoa erotu zaie inurriei, lehertu da lerro zuzena. Desordena eta kaosa. Kolapsoa, alegia. Giza inurritegiaren kasuan, ez da ostikada bakarra. Lau dira kolpe kolosalak: ekonomia eta finantzak, energia, klima eta bioaniztasuna. Zartakoak dagoeneko gertatzen ari dira, ez da profezia bat, baina efektuak askoz nabarmenagoak izango dira etorkizun nahiko laburrean. Zer da COVID-19a? Antza, kolosoetako bat: bioaniztasuna masiboki galtzearen eta ekosistemak suntsitzearen ostikoa, bere gordinean. (...)
Historiako puntu honetan, dilema ez da hazkundea ala desazkundea, baizik eta desazkunde ondo antolatua ala kaotikoa. Emantzipazioaren narratiba berriak zera eskatzen du: esaldi berean lotzea gutxiagora eta hobera.

Idurre Eskisabel
Kazetaria, Antropologian lizentziatua eta EHUko irakaslea

Eta galderari buelta ematen badiot? Itaundu ordez nolakoa behar duen eskolako hezkuntza-sistemak gure haur eta gazteak gaurko errealitate eta joeretatik abiatuta irudikatu dudan etorkizun horretara egokitzeko, galdetzea nolako etorkizuna nahi dudan, eta, nolako heziketa behar duten gure haur eta gazteek hondamendia eragotzi eta bestelako etorkizun bat sortzeko. Hain zuzen ere, garaiotan galdera pertinentea horixe dela iruditzen zait, eta erantzuna, lerro nagusitan, argia: gutako bakoitzaren baitan, eta, horrenbestez, kolektibitatean, hain sakon errotutako subjektibitate neoliberala eraldatzea, bestelako hezurdura emozionalak sortzeko aukera emango digun ingurunea eratzea. Gure desira eta bizi-bulkada intimoak eta geure buruon hautematea aldatu gabe nekez aldatuko dugu osterantzekorik.

Jon Sarasua
Hiru semeren aita,
idazlea eta
unibertsitateko irakaslea

Eskolari eskatu behar diot egiten duen hori ondo egitea. Eta gainerako dena gurasooi edo familia zabalagoari dagokigu, lagunei edo herrian ditugun bestelako herrigintzako eragileei. Asko azpimarratuko nuke gurasoen ardura-hartzea eta komunitatearen ardura-hartzea, eta eskolaren ardura partziala. (...)
Hezkuntzari buruz oharpen txiki batzuk egingo ditut: ez dira gauza bera informazioa, ezagutza eta jakinduria; eskubideez gain, arduraz hitz egin behar da serio; lanarekin kontaktu zuzenagoa behar dute gazteek; gazteen burua ireki behar dugu ideologietara, jakinduria-tradizioetara, zientzien ekarpen berrienetara eta gutxiago ideologizatu behar dugu hezkuntza; eskola uniformeegia daukagu Euskal Herrian; berrikuntza kontzeptuaren ordez hezkuntzan egokiagoa da hobekuntza, sen oneko kontzeptua eta jarrera den heinean; haurrak eta gurasoak matrikulatzen diren eskolak ikusi nahiko nituzke.

Heike Freire
Pedagogoa, pedagogia berdeetan aditua eta formatzailea

Naturarekin harremanetan egoteko, hezteko modua aldatu behar dugu, eta, horrekin batera, arkitekturak ere aldatu behar du, medikuntzak ere bai, ingeniaritzak ere bai... Hau da, gure kultura guztiak aldatu behar du, eta nik uste dut eskolek aukera itzela dutela eraldaketarako gune izateko, beste batzuekin batera, noski. Komunitatea sortzetik eta norbanakoaren errespetutik abiatuta, norbanakoaren beharrak asetzen dituen komunitate batetik abiatuta, gertuko ekonomiarantz joan gaitezke, elikadura, sistema energetiko desberdinak eta abar garatuz. Eta, hori guztia egiteko, ez ditugu umeentzako eskolak eraiki behar, guztiontzako eskolak baizik. Eta naturak toki garrantzitsua betetzen du hor.