Atzo Domu Santu eta Arimen Eguna; gaur, Gau Beltza

2021-10-01

Orain dela urte batzuk, Halloween iritsi zitzaigun Euskal Herrira, eta, urtez urte, goraka doan ospakizuna da. Halloweeneko kalabaza gero eta presenteago dago merkataritza-guneetan, ostalaritzan (taberna, jatetxe, ostatu…), mozorro-dendetan, telebistako iragarkietan eta baita litxarreria-paketeetan ere, sorgin eta bestelako irudiekin (Araolaza, 2009). Egun horrek gure kultura-ondareari lotutako Arimen Gauarekin edo Gau Beltzarekin egiten du topo. Jai horrek gure artean izan duen presentzia aztertzeko eta garai berrietara egokitzeko zertzelada batzuk eskaintzen dira artikulu honetan, bai eskola-eremurako eta baita eskolatik kanpoko eremurako ere.

 
 

Gure umeak horretaz konturatu dira, eta festa hori bereganatzen ere hasiak direla esan daiteke (Ozaita & Altuna, 2017). Nik Ondarroako umetxoak ikusi izan ditut kaleetan barrena, mozorroturik, eta “trunk or treat” esaldi famatua ahoan. Zeharo desberdina da, ordea, alboko herrian, Mutrikun, gertatzen dena. Badira hogeiren bat urte Gaba Beltza ospatzen dela. Garai batean, hango zaharrek kontatzen dutenez, usadioa zen kalabazak hustea Arimen Egunez, eta begi-zuloak eta ahoa egin, kandela bat barruan sartu eta kalez kale jendea beldurtzen ibiltzea. Arrizabalagak eta Jangek/n Me elkarteko kideek, hori oinarri hartuta, hasiera eman zioten Gaba Beltza izenez ezaguna den ospakizunari (Irazustabarrena, 2001).
Hala ere, Mutrikuko berririk ez zuten Ondarroako umetxoek, eta ezagunago zitzaien AEBko filmetako “trunk or treat”. Ondo ez gabiltzan seinaletzat hartuta, Gau Beltzaren ingurukoak aztertu eta umeentzako proposamen bat egitea pentsatu nuen. Informazio bila hasi orduko konturatu nintzen Gau Beltza baino zabalagoa dela kontua.
Kalabazak hustu, bide bazterretan jarri eta etxez etxe ibiltzeko ohituraren testigantzak jasota daude Mutrikun, Euskal Herri osoan, estatuko zenbait lekutan eta Europan ere. Ez da irlandarrek AEBra eraman eta handik bueltan kontsumismoaren ikur bilakaturik aurkezten zaigun ospakizun soil bat, askok hala uste badute ere. Gure begien aurrean birsortzen, eraldatzen eta berpizten ari den tradizio bat da. Horregatik, gaur egungo prozesu kulturalak ezagutzeko, laguntza handia eskain dezake lehengoak nola gertatu ziren jakiteak (Araolaza, 2012).
Bistan dago ohitura horrek eten bat izan duela belaunaldien artean, Halloween gure etxe atarira etorri arte ahaztuta izan duguna. Orain, noraezean gabiltza, ez baitakigu argi gure ohitura zen edo estatubatuarrek inposatutakoa den, onartu ala baztertu egin behar dugun, geure egin ala arbuiatu. Helduok eztabaida horretan gabiltzan bitartean, gure umeentzat erreferente eta ospatzeko arrazoi bilakatzen ari den jaia da (Ozaita & Altuna, 2017).

Kultura-ondarea transmititzearen garrantzia
Europa osoan, neguko jaien zikloari hasiera ematen dion jai bat izan da, hilen eguna ospatzeko egiten dena. Garai bateko gizarteetan, Ama Lurraren zikloei begira bizi ziren, eta, urte-sasoien inguruko sentsibilitatearen hipotesiaren arabera (Del Campo, 2006), urri amaieran edo azaroan hasten zen neguko sasoia iruditegi herrikoian, iparraldeko herrietan, Euskal Herrian barne. Uzta eskasiak eta egun hotz eta ilunek arriskuari eta beldurrari loturiko folklore berezia sortu zuten garai horretatik Garizumara arteko ospakizunetan, eta ezaugarri komunak atxiki zitzaizkien jai horiei: mozorroa eta eskea (Araolaza, 2017).
Ohitura hori, neguko jaien zikloko beste ospakizunen moduan, gure kultura-ondare da. Eten bat izan duen arren, belaunaldiz belaunaldiko oinordekotza da, oraingoaren eta lehengoaren arteko lotura; gure nagusiek oinordetzan transmititu nahi izan duten ohitura da, eta identitate-elementuak gordetzen ditu (kolektiboak, sozialak, kulturalak…).
Kultura-ondarearen etengabeko eraikitzean, etxea izan da transmisiorako gunea historikoki, eta eskolaren esku utzi dute ardura hori gaur egungo gizarte-aldaketek neurri handi batean (globalizazioa, teknologiak, mugikortasun handia…). Beraz, baliabideak eskaini behar ditu eskolak, hezkuntza-komunitatearekin batera, gure kultura-ondarea ezagutzeko, maitatzeko eta bizitzeko, gertuko kultura-ondarea abiapuntu hartuta (Ramirez de Okariz, 2014).
Eskolak funtzio eta ardura garrantzitsua dauka afera horretan: belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren etenak, globalizazio azkarrak eta herritarren mugikortasunak nork bere herria garai batean baino gutxiago ezagutzea ekarri du. […] Une honetan, gehiago dakigu ia-ia kanpokoaz bertokoaz baino, mass-medien eraginez. Ikasleak gertukoa ezagutzen ez badu, ezingo du ulertu, ez sentsibilizatu, ez maitatu. Ezagutzatik maitatzera doan kate hori, gaur egun, eskolari dagokio, neurri handi batean (Ramirez de Okariz, 2014: 1).
Heziberrik (2020:17) ere honela dio: Globalizazioaren ondorioz etor litekeen homogeneizazioari aurre egingo badiogu, beharrezkoa da euskal kulturaren garapena sendotzea, gizarte honetako aktore bakoitzak aukera izan dezan gizartearen ezagutza teoriko/emozional/tekniko batera heltzeko.
Gertukoa ezagutzeko, geurea denaz jabetzeko eta hori guztia zaintzeko, tokian tokiko testuinguruari loturiko sentsibilizazio-diseinu bat planteatzen du Fontalek (2007).
Hala ere, eskolak ez du bidea berak bakarrik egin behar; gertuko kultura-ondarea transmititu eta eraiki nahian ari diren beste erakundeekin elkarlanean aritu behar du, nahitaez. Familiak, udalak, museoek, musika-eskolek, dantza-taldeek… oso funtzio garrantzitsua dute kultura-ondarearen transmisioan. Guztien arteko komunikazioak eta elkarrekintzak herrien ondarearen kontserbazioan eragingo dute, eta, horrela, hezkuntzaren zerbitzura egongo den benetako erreminta boteretsu bihurtuko dira (Ramirez de Okariz, 2014).
Beraz, komunikazioa ez da ikasleen eta irakasleen artekoa soilik. Testuinguru horretan, eragin handia izango du ondare-hezkuntzan hezkuntza ez-formalak. Izan ere, hezkuntza bera esperientzien metaketa bat da, eta ezinbestekoa da truke komunitarioa (Ramirez de Okariz, 2015).
Ezagutu, ulertu, baloratu eta jardun pedagogia-dimentsioak erreferenteak dira aplikatu nahi den ondare-hezkuntzan, bai edukiak sistematizatzeko eta bai estrategiak eraikitzeko (Fontal, 2003). Ezagutzen, egiten, izaten eta elkarrekin bizitzen ikasteko gaitasunean oinarritzen dira horiek. Eta baita ikasketa dialogikoan eta elkarrekintzan eta komunikazioan ere, hezkuntza-eragile direnen eta ez direnen arteko eta ingurune soziokultural bat osatzen duten pertsonen arteko elkarrekintzan eta komunikazioan, zehazki (Ramirez de Okariz, 2015).

Arimen eguna dela-eta, zer landu, eta nola, eskolan
Arimen Egunak edo Gau Beltzak baliabide anitz eskaintzen dizkigu eskolan hainbat gai lantzeko; besteak beste, aldaketa sozialen garapen historikoa, ahozkotasuna eta ahozko literatura nahiz heriotzaren pedagogia, heriotzaren gaiarekiko tabuak gaindituta.
Heziberri planean (2020), komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko hizkuntza-trebetasunak lantzeak duen garrantzia azpimarratzen da. Zentzu horretan, komunikaziorako konpetentzia garatzeko, ezinbestekoa da ahozko komunikazioko eduki hauek lantzea: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea. Azken finean, ikasleak hizkuntza erabiltzeko gaitasuna garatu behar du, askotariko testuinguruetan egoera bakoitzaren aurrean erantzuteko eta pertsonen arteko harremanak indartzeko. Hizkuntza-erabileraren bi alderdiak integratu behar direla aipatzen du Heziberrik: bai ulermena eta bai ekoizpena. Gure eskola-sistemak ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztu izan dituela ere aipatzen du Heziberrik. Eskolan, gehiago landu da idazketaren eremua, eta, horren ondorioz, ahozkoari ez zaio behar besteko garrantzirik eman. Eskolan ez baditugu guk geuk sortzen euskarazko komunikazio-egoera horiek, landu gabe geldituko dira ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak.
Arimen Eguneko eske-errondetan edo neguko festetako beste eske batzuetan, eskeko esaerak eta kopla zaharrak azaltzen dira. Euskal Herriko txoko askotako esamolde eta koplatxo horiek, aldaerak aldaera, herritik sortuak dira, eta belaunaldiz belaunaldi heldu dira guganaino. Horiek baliatu daitezke ahozkotasuna lantzeko.
Aipatu dugu Arimen Egunak balio duela heriotzaren pedagogia lantzeko ere. Nahiz eta gaur egungo gizartean tabu bilakatu, bizitzaren baldintza saihestezina da heriotza. Denok egin beharko diogu aurre uneren batean. Izan ere, izaki bizidun bat, jaiotzen den unetik, hiltzeko arriskuan dago. Beraz, heriotza bizitzari atxikita dago, nahiz eta horretaz pentsatzea zaila eta mingarria egin (Diaz, 2011:3, in Loizaga, 2017).
Loizagak (2017) dio, Herran eta Cortinari erreferentzia eginez, gizartean ez ezik hezkuntzan ere tabua dela heriotza: “Izatez, heriotza betoa etengabe jasotzen duen gaia da, negatibotzat eta gustu txarrekotzat hartzen baita. Hortaz, heriotza eta, beraz, hildakoak baztertu eta ezkutatu egiten dira, zentzu guztietan eta hezkuntzako ziklo guztietan.”
Heriotza, unibertsala eta saihestezina izateaz gain, gai erakargarria da heldu zein umeentzat. Beraz, ez du zentzurik haurrei ezkutatzeak, leku guztietan baitago (Arnal in Olid, 2013:1)
Ikasgelarako esku-hartzea zehazterakoan, bi planteamendu bereizten ditu Izagirrek (2003): alde batetik, doluaren pedagogia, eta, bestetik, heriotzaren pedagogia.
Doluaren pedagogiak lehen sorospenetarako gida baten beharra du, gelan sor daitezkeen krisien aurrean orientatzen laguntzeko. Une larri batean zer urrats egin eta nola bideratu jakitea lasaigarria da lagundu nahi duen baina emozioek blokeatuta daukaten hezitzailearentzat. Garrantzitsua da taldean lan egitea eta gelako krisi egoerari aurre egiteko erantzukizuna taldeak izatea.
Ikasgelan heriotza lantzeko Izagirrek (2003) planteatutako beste bide bat heriotzaren pedagogia da. Tabua natural bihurtzea da xedea, krisien aurrean bitartekoak sortuz eta akatsak eta sinesmen faltsuak desmitifikatuz. Beraz, pedagogia hori lagungarria da ikasleek heriotza eta krisi-egoeran gertatzen dena ulertzeko eta zentzua emateko. Heriotzari buruzko mitoez, sinesmen faltsuez, doluaren faseez eta abarrez hitz egin daiteke, askotariko dinamikak eginez horretarako.
Arimen Eguna eta Halloween ospakizunak heriotzarekin lotuta daude zuzenean. Aurrerago azaldu bezala, Europako kultura askok, baita gureak ere, hildakoei eskainitako eguna da. Beraz, aukera paregabea eskaintzen du eskolan heriotzari buruzko lanketa egiteko; heriotzaren pedagogia egiteko, hain zuzen.

Hezkuntzarako
ekintza-proposamenak
Ondoren, eskolaren testuinguruan Arimen Eguna edo Gau Beltza lantzeko zenbait jarduera didaktiko aurkezten dira hainbat esparru eta testuingurutan erabilgarriak izateko helburuarekin. Halere, eskolarako baliabide gisa aurkeztu arren, baliagarria izan daiteke testuinguru ez-formaletarako ere. Proposamena Lehen Hezkuntzako zikloetan aurrera eramateko diseinatuta egon arren, beste adin batzuetara ere molda daiteke. Jarduera hauen bidez, kultura-ondare hau eskolako jai-zikloen barnean sartu nahi da, Arimen Egunak Euskal Herrian izan duen presentziaz jabetuko baitira ikasleak horrela. Bide batez, eta gaiak ematen dituen baliabideak erabilita, denbora historikoa, ahozkotasuna eta heriotza ere lantzen dira.
Hezkuntza-komunitatearen zeregina garrantzitsua da jarduera hauetan, haurrak protagonista izan arren, ezinbestekoa baita helduen inplikazioa, eta, jarduera batzuetan, geletako mugak gaindituko baitira. Bestalde, jarduerak aurrera eramateko unerik egokiena urriaren azken asteei dagokiena litzateke, sasoi horretako testuingurua eta giroa aproposak baitira bai eskolan eta bai kalean. Iluntzean ospatzen diren jaiak dira Arimen Eguna eta Halloween, jakina da hori, eta, beraz, ondoren adierazten diren jarduerak urriaren 31ren inguruko ospakizunen aurrekari izan nahi dute. Horretarako, garrantzitsua da haurraren inguruan dauden helduen inplikazioa (hezkuntza-komunitatearena, alegia), eskola-esparruaren girotze-lanean eragina izango dutelako: Inplikazioa eskatzeaz gain, eskolan aurretiaz jorratuko diren gaien berri emango zaie. Jarduerak arazo-egoera erara planteatzen dira lan honetan, ikasteko eta irakasteko prozesuaren abiapuntutzat eta konpetentziak ebaluatzeko oinarritzat hartzeko asmoarekin.

ESKERAKO IBILBIDEA

Izenburua: “Eske-erronda eta ibilbidea”
Arloa: Gizarte Zientziak
Maila: maila guztietara molda daiteke.
Testuingurua: eskean ibiltzeko ohitura oso zabalduta dago Euskal Herrian, eta Domu Santuz ere horrelaxe egiten da Euskal Herriko txoko batzuetan. Nafarroan, esaterako, “Txindurri” deritzen eskeak egiten zituzten, zenbait esamolde edo koplatxo esanez.
Egoera: ibilbide bat prestatu behar dugu, Gau Beltz egunean herrian eske-erronda bat egiteko eta atea non jo jakiteko.
Xedea: Gau Beltzeko eske-errondarako ibilbidearen mapa egitea.
Helburua:
Herriaren planoa egitea eta puntu jakin batzuk identifikatzea.
Ikaslearen herria ezagutzea.
Auzoko eta herriko biztanleria ezagutzea.
Jarduera: taldeka, eske-errondarako ibilbidearen planoa egitea.
Jarraibideak
Talde handian: egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dira, eta egitekoak aurreikusiko dira.
Talde txikietan: ibilbidea aukeratu, eta mapan kokatuko dituzte eskerako aukeratutako lekuak.
Talde handian: egindako ibilbidea aurkeztuko du talde bakoitzak. Denen artean, ibilbide gustukoena aukeratuko dute, egun horretan, iluntzean, eskean ateratzeko.


LEKUKOTASUNEN BILKETA

Izenburua: “Kalabaza-jolasei buruzko testigantzen bilketa”
Arloa: Gizarte Zientziak, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura
Maila: maila guztietara molda daiteke.
Testuingurua: jakina da Halloween ospakizunetan kalabaza eskuan hartuta goxoki eskean ibiltzen direla umeak. Ospakizunak Europan omen du jatorria: Irlandatik AEBra eramandako ohitura dela esaten da.
Egoera: gure aitona-amonek, umeak zirela, egiten al zuten antzeko ospakizunik?
Xedea: Euskal Herrian Arimen Egunez egiten ziren kalabaza-jolasen berri jasotzea, ahoz eta idatziz.
Helburua:
Aitona-amonen haurtzaroko jolasei buruzko informazioa biltzea.
Ahoz emandako informazioa idatziz egoki jasotzea.
Euskal gizartea denboran zehar nola bilakatu den jakitea.
Gure ondare historiko eta kulturala ezagutzea: ohiturak, tradizioak eta kultura-adierazpenak.
Jarduera: binaka, taldeko kide bakoitzaren etxean emandako informazioa bilduko dute, nahi izanez gero gailu digitalen bitartez grabaketak eginez. Grabaketa horien transkripzioak gelara ekarri, eta talde handian aurkeztuko dira.
Jarraibideak
Talde handian: egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dira, eta egitekoak aurreikusiko dira.
Binaka: Informazio-iturriak aukeratu, eta informazioa biltzeari ekingo diote. Informazioa dutenean, bildutakoa idatziz jasoko dute.
Talde handian: egindako lana aurkeztuko du talde bakoitzak.


KOPLATXO-ESAERA

Izenburua: “Txingila Mangila”
Arloa: Euskal Hizkuntza eta Literatura, eta Gizarte Zientziak
Maila: maila guztietarako jarduerak
Testuingurua: urriaren erdialdea da, eta Gau Beltzaren atarian umeak eskean irteten dira, goxokiak eskatuz.
Egoera: AEBn, umeak “trunk or treat” esanez ibiltzen dira eskean Halloween ospakizunetan. Zuek ezagutzen al duzue tankerako esamolde euskaldunik?
Xedea: gure kultura-ondarea ezagutzea eta hari buruzko informazioa zabaltzea.
Helburua:
Arimen Eguneko eskeetarako euskarazko esamolde bat buruz ikasita eramatea eta, nahi izanez gero,         erabiltzea.
Ahozko hizkuntza eta ahozko literatura lantzea.
Talde-lanean aritzea eta erabakiak hartzea.
Jarduera: prestaketa-lan honetarako, lehiaketa bat egitea proposatzen da.
Jarraibideak
Talde handian:
Egoera azaldu, eta talde handian egitekoak aurreikusi.
Epaimahaia nola osatuko den eta botoen banaketa nola egingo den adostu.
Irakasleak Nafarroako herri txikietako “txinaurriek” erabiltzen dituzten esamoldeen ereduak emango ditu. Eredutzat hartu daitezke, edo, eredu horiek hartuta, berriak sortu. Herri guztiek ez dute zertan izan esamolde bera.
Talde txikietan:
Gogokoen duten esamoldea aukeratu.
Paperean idatzi eta kutxan sartu.
Talde handian:
Aukeratutako esamoldeak jasoko ditu epaimahaiak, eta puntuak emango dizkio bakoitzari, 0tik 10era.
Puntu gehien lortzen dituen esamoldeak irabaziko du, eta, hurrengo egunetan, buruz ikasiko dute.


KALABAZA HUSTUEN LEKUKOTASUNAK

Izenburua: “Aitona-amonen kalabaza-jolasak”
Arloa: Gizarte Zientziak, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura
Maila: maila guztietara molda daiteke.
Testuingurua: gure aitona-amonek, garai batean, Halloween ospatzen zuten, baina ez zioten horrela deitzen; Arimen Eguna izenez ezagutzen zuten, eta kalabazekin jolasean aritzen ziren.
Egoera: zuen aitona-amonek ezagutu al zuten horrelakorik txikitan?
Xedea: gure aurreko bizimodua nolakoa zen ulertzea, gure aitona-amonen garaiko kalabaza-jolasetatik gaur egunera zer aldatu den ikustea, eta horri buruzko informazioa zabaltzea.
Helburua:
Arimen Eguneko kalabaza-jolasen ohitura ezagutzea.
Ahozko hizkuntza lantzea.
Euskal Herriko kultura eta hizkuntza-adierazpenak ezagutzea.
Euskal gizarteak denboran zehar izan duen bilakaera ezagutzea.
Gure ondare historiko eta kulturala: ohiturak, tradizioak eta kultura-adierazpenak.
Jarduera: taldean edo banaka, aitona-amonen kalabaza-jolasen eta gaur egungo Halloween edo Gau Beltzaren (tokian tokikoa) arteko desberdintasunak identifikatzea eta bideo batean azaltzea.
Jarraibideak
Talde handian:
Bideoa ikusi, eta ikasleen iruzkinak entzungo ditugu.
Etxean horrelakorik inoiz entzun duten galdetuko diegu.
Egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dira, eta egitekoak aurreikusi.
Talde txikietan:
Desberdintasunak jasotzeko taula bat egingo dute.
Bideoa grabatzeko nola antolatuko diren pentsatuko dute.
Talde handian:
Talde bakoitzak aurkezpena egingo du besteen aurrean.


HERIOTZA

Izenburua: “Gau Beltza: hildakoen eguna”
Arloa: Gizarte Zientziak, Euskal Hizkuntza eta Literatura, eta diziplinartekoa.
Maila: maila guztietara molda daiteke.
Testuingurua: munduko herri askotan ospatzen da egun hau (Halloween, Día de los Muertos…); Euskal Herrian, Arimen Eguna edo Domu Santu eguna deitu izan zaio, eta, gaur egun, Gau Beltza izenez ere ezagutzen da. Mamuak, zonbiak, kalabazak, eskeletoak, hilerrietara joateko eguna… hildakoak gogorarazten dizkiguten sinboloak dira denak.
Egoera: nola gogoratzen genituen lehen eta nola gogoratzen ditugu orain hildakoak Euskal Herrian?
Xedea: ospakizuna aitzakia harturik, heriotzaren gaira hurbiltzea.
Helburua:
Euskal Herrian heriotzaren inguruan dauden errituak eta sinesmenak ezagutu eta bistaratzea.
Ahozko hizkuntza lantzea, heriotzari buruz berba eginez.
Heriotzaren gaia naturaltasunez jorratzea.
Euskal gizarteak denboran zehar izan duen bilakaera ezagutzea.
Gure ondare historiko eta kulturala lantzea: ohiturak, tradizioak eta kultura-adierazpenak.
Informazioa biltzeko, askotariko iturrien erabilera lantzea.
Jarduera: talde txikietan banatuta (4-5 lagunekoak), horma-irudiak egingo dituzte Euskal Herriko lehengo eta oraingo heriotza-erritu eta sinesmenen inguruan. Askotariko informazio-iturriak erabiliko dira: familiakoak, sareko informazioa eta liburuak, argazkiak...
Jarraibideak
Talde handian: elkarrizketaren bidez, heriotzaren gaira hurbilduko gara ikasleekin. Egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dira, eta egitekoak aurreikusiko dira.
Talde txikietan: Informazio-iturriak aukeratu, eta informazioa biltzeari ekingo diote. Informazioa bildu ondoren, horma-irudia egingo dute.
Talde handian: egindako lana aurkeztuko du talde bakoitzak, eta eskolako korridoreetan jarriko dira horma-irudiak.


KOMUNIKAZIOA

Izenburua: Gure jaiaren egitaraua
Arloa: Gizarte Zientziak, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura
Maila: maila guztietara molda daiteke.
Testuingurua: ospakizun eta jaien egitarauen berri emateko eta jendearen artean zabaltzeko, era askotako kartelak zein bideoak erabiltzen dira. Erakargarriak izan ohi dira, jendeak jaian parte har dezan.
Egoera: Gau Beltz egunean egingo ditugun eskearen eta ondorengo afari-meriendaren berri emateko eta jendea animatzeko, kartel edo bideak prestatu behar ditugu.
Xedea: Gau Beltzeko egitaraua egitea, jendea animatzeko.
Helburua:
Ideiak sortu, hautatu eta adieraztea.
Harremanak eta komunikazioa lantzea.
Hizkuntza idatzia eta irudizko hizkuntzak erabiltzea eta irakurtzea.
Jarduera: Taldeka, kartelak eta bideo bat sortzea, jendea Gau Beltzeko ekintzetan parte hartzera animatuz.
Jarraibideak
Talde handian: egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dira, eta egitekoak aurreikusiko dira.
Talde ertainetan (5-6 lagunekoak): eskolako edo kaleko hormetan jartzeko moduko kartel erakargarri bat nolakoa izango den erabakiko dute, eta lanerako behar dituzten materialak hautatuko dituzte. Bideoa grabatuko dutenen kasuan, gidoi bat prestatu eta zereginak banatuko dituzte, eta materiala prestatu eta bideoa grabatuko dute.
Talde handian: egindako lana nola aurkeztu eta informazioa nola zabaldu erabakiko dute.