AITOR ikastola, Donostia: Oihala igo eta funtzioa hasten denean

1997-02-01
Ez da derrigorrezkoa Victoria Eugenia, Arriaga edo Gaiarre antzokira joatea antzerki obrak ikusteko. Gure ikastetxeetan ere, ikasleek eskaintza hori egiten digute. Antzezpen ugari izaten dira kurtso amaieran zein tartean, irakasle zein gurasoentzat. Ikasleek ilusioz eta benetako aktore sentituz taularatzen dituzte. Donostiako Aitor ikastolan I. Antzerki Astea ospatu zuten iazko kurtso amaieran. Urte osoan zehar egindako lanaren emaitzak arrakastatsuak izan ziren. Lan horren inguruko esperientziak, berriz, lerro hauetan laburbildu dizkigute.
 
 
Ez da derrigorrezkoa Victoria Eugenia, Arriaga edo Gaiarre antzokira joatea antzerki obrak ikusteko. Gure ikastetxeetan ere, ikasleek eskaintza hori egiten digute. Antzezpen ugari izaten dira kurtso amaieran zein tartean, irakasle zein gurasoentzat. Ikasleek ilusioz eta benetako aktore sentituz taularatzen dituzte. Donostiako Aitor ikastolan I. Antzerki Astea ospatu zuten iazko kurtso amaieran. Urte osoan zehar egindako lanaren emaitzak arrakastatsuak izan ziren. Lan horren inguruko esperientziak, berriz, lerro hauetan laburbildu dizkigute.

Aitor, Donostiako Egia auzoan kokatutako ikastola dugu. Auzo hau nahiko erdalduna denez (Donostiako euskal hiztunen batez bestekoaren azpitik gelditzen da nabarmen), ikastolako Hezkuntza Proiektuaren helburu garrantzitsuenetarikoa da haurrengan euskararen erabilpena bultzatzea.

Helburu hori lortzeko bitarteko bila hasi zen bertako langileria eta, beste aukera batzuk baztertu gabe (hala nola irratia, Euskaraz biziren moduko barne ekitaldiak...) antzerkia gertatu zitzaien erantzun baliagarri. Julen Etxeberria ikastolako zuzendariak esandakoaren arabera "normalizaziorako tresna bikaina iruditu zitzaigun; antzerkiak, teknika bezala ezagutzeaz gain, haurrek erabilitako euskara aberastea (joskera, entonazioa, esamoldeak...) eta bapatekotasunaren bidea irekitzea errazten baitu".

Hizkuntza alde batera utzita ere, beste arlo batzuk ukitzen ditu antzerkiak: memoria eta sormena lantzen da, gorputz adierazpenari bultzada ematen zaio, lotsa galtzen laguntzen dio haurrari, txikienei arreta mantentzen, txanda gorde eta besteak errespetatzen hastea posibilitatzen die...

Ikastolako klaustroan eztabaidatu ondoren, antzerkiaren inguruko txostena onartua izan zen. Bertan helburuak, ebaluaketa eta ekintzak mailaz-maila zehazturik zeuden.



Banakako esperientziatik proiektu amankomunera

Hasiera batean, irakasle bakoitzak bere gelan lantzen zuen antzerkia eta, gehienez ere, ondoan zituztenei egiten zieten atzezpena.

"Antzerkiaren inguruan osatutako txostenak, ordea, esperientzia zabaltzea lortu zuen" dio Julen, "eta ikastetxe osoan, planteatutako ildoa lantzen hasi ginen irakasle guztiok. Maila eta ziklo bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu ziren, eta alde horretatik zenbait aldaketa eta ñabardura egin ziren. Baina, orohar, antzerkia lantzerakoan urrats jakin batzuk eman genituen denok".

Aipatutako urrats horiek honoko hauek dira:

- Irakasleak antzerkia aukeratu eta bere egoerara birmoldatzen du. Gehienetan Eskola Antzerki Bildumetako obrak izaten dira.

- Ondoren, antzezlana azaltzen die ikasleei beraien onespena jasotzeko.

- Partaide bakoitzkari antzezlanaren kopia bat eman ondoren, irakurri egiten da dena ulertua gelditu arte.

- Pertsonaia desberdinen banaketa egiten da jarraian. Hau, orokorrean, borondatezkoa izaten da, baina zenbait antzezleen paperak, luzeenak batez ere, aurretik irakasleen artean pentsatu eta erabakiak egoten dira.

- Antzezle bakoitza bere papera buruz ikasten joaten da gelan egiten diren saioetan eta antzezlana etxera eramanez.

- Saio hauetan irakasleak behar diren zuzenketa guztiak egiten ditu: entonazioa, keinuak, espresioa, mugimenduak...

- Hasieran, saio hauek antzezle bakoitza bere lekuan eserita dagoela hasten dira. Gero zutituz, espazioaren lanketa hasten da gela barruan. Bukatzeko, antzerki emanaldia egiten den lekuan burutzen dira zenbait saio. Batzutan atarian ere egin izan dira entsaioak, eguraldi ona zela eta. Denok gustora egoteko modua da.

- Entsaioetan murgildurik, bakoitzak zein arropa eta zein tresna eramango dituen erabakitzen joaten gara, beti ere, aukeraketa honek duen garrantzia azpimarratuz. Irakaslearen aholkularitzapean haur bakoitzak erabakitzen du zein den bere pertsonaiari hobekien doakiona

- Plastika arloa era hartzen du gaiak, antzezlanak beharrezko dituen muralak eta elementuak eginez.

Hau guztia lantzerakoan, askotan maila bereko haurrak banatu egiten dituztela komentatu digu Julenek. Horrela beraien harremanak estutu ditzazkete, eta lotsa galtzen joan ere bai. "Bestalde, bertsolaritza ere antzerkigintzan lantzen dugu" azpimarratzen du ikastolako zuzendariak, "bertsoak antzezlanean tartekatzen ditugu, edo baita bukaeran abestu ere".

Hasieran irakasle bakoitza bere kabuz aritu bazen ere, duela 5-6 urte Eskola Antzerkigintzan parte hartzen hasi ziren. Honek, ikastetxeko antzezpenaz gain, beste bi ikastetxetan egin beharra ere ekartzen zuen, eta horrela, antzezpen hauen kalitatea gehitzen joan ziren: dekoratuak tela gainean egin ziren parte hartzen zuten irakasle guztien artean, tramankulua ere egin zien arotzak, fokoak erosi zituzten... "Oso giro ederra sortu zen antzerkiaren inguruan eta ondorioz, froga berri bat egiteko prest agertu ziren iazko ikasturtean irakasle eta ikasleak. Lehen Hezkuntza osoa eta OHOko 7. eta 8. mailakoak ziren animatu zirenak, 300 ikasle gutxi gora behera".



Aitor ikastolako I. Antzerki Astea

Antzerki emanaldi guztiak aste batean kokatzea bururatu zitzaiela komentatu digu Julen zuzendariak. "Gainera, Egiako auzotar guztientzat irekiak izatea proposatu genuen. Horrela, antzerki aste honek auzoan kultur ekintza euskalduna bultzatzea izango zukeen helburu nagusi. Izan ere, zoritxarrez, ez dira ugariak horretarako dauden aukerak gure auzoan". Bestalde, euskara ikastolatik kanporatzea ere ahaztu ezineko helburua litzatekeela dio Julenek, haurrek erdara besterik ez baitute entzuten Egia auzoan.

Maria Reina parrokiakoekin hitz egin ondoren, entzezpenak beraien aretoan egiteko baimena lortu zuten, eta ekainaren 3tik 7rako astean kokatu zuten I. Antzerki Astea. Emanaldiak astelehenetik ostiralera zabaldu ziren eta gutxieneko ordutebeteko iraupena zuten lan guztiek. Programa maila desberdinak tartekatuz joan ziren saioak ahalik eta orekatuen gelditzeko asmoaz.

Sortutako giroa aprobetxatuz lanari ekin zioten guztiek: ikasleak beraiei zegokien agerpena ongi ikasten saiatu ziren irakasleen laguntzaz, hauek dekoratuak eta atrezzo guztia prestatzen ordu asko sartu zituzten, eta gurasoak ere beraien eta besteen haurren jantziak gerturatzen hartutako lana aipatzekoa da.

Egiatar guztiei esku programa banatu zitzaien (gurasoei banatuz, tabernetan eta dendetan utziz...). "Eta hainbeste lan hartu ondoren, egindako lanaren ondorioak jasotzeko asmoz, bideoz grabatu ziren emanaldi guztiak". Aitor ikastolako I. Antzeki Aste honetara inguruko eskoletatik ere etorri ziren ikusleak.

Arraskata handia izan zuen asteak. Gurasoen parte hartzea handia izan zen, gainontzeko egiatarrena bezalaxe, eta haurrentzat oso motibagarria suertatu zen hori, Julenek dioenez. Hori dela eta, aurtengo ikasturtean ere hasiak dira Aitor ikastolako II. Antzerki Astea antolatzen. "Gonbidatuak zaudete etorri nahi duzuen guztiok".