Nafarroako euskararen egoera aztergai

1997-02-01
Irakaskuntza mundu honetan, Euskal Herrian euskararen egoeraz arduratuta gaude denok; gurasoak, irakasleak eta ikasleak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan SINEko (Soziologiako Ikasleen Nafarroako Elkartea) ikasle talde batek gaiari heldu dio eta Nafarroako euskararen egoera aztergai izango duen proiektu bati hasiera eman diote.
 
 
Nafarroako Elkartean gai desberdinen inguruko proiektuak egin ohi dira: kooperazioa, eskola egutegia, euskara... Batzuk unibertsitatetik kanpoko jendeak edo taldeek eskatuta, eta beste batzuk Elkartearen beraren ekimenez. Elkartean euskararen gaia lantzeko beharra ikusi zen, eta bost-sei ikaslek heldu zioten erronkari. Horietako bat Gorka Gonzalez da, eta berak eman dizkigu proiektuari buruzko xehetasunak.

"Proiektua zabala da, orain lehen urratsak ematen hasi gara, baina datorren kurtsoan ere honetan jardungo dugu" dio Gorkak. Proiektuaren gaia Nafarroako euskararen egoera izanik, hasteko, jardunaldi batzuk antolatu zituzten euskararen egoera ikusteko. Abenduaren 19an "Hezkuntza Nafarroan" gaia landu zen. Mahainguru honen xedea euskarazko hezkuntza instituzionalaren egungo egoera eta haren etorkizuneko proiekzioa ezagutzea izan zen. Horretarako bi ikuspegi desberdin landu ziren: hezkuntza maila desberdinen egoeraren ezagutza (lehen maila, bigarren maila eta unibertsitatea) eta inplikatuen ikuspegia (gurasoak, irakasleak, instituzioak). Bertan hezkuntza maila desberdinetako jendea bildu zen.



Hizlarien berbak

Hizlarietako bat Eduardo Aldasoro izan zen, Nafar Gobernuko Euskara Zerbitzuko Teknikaria. Irakaskuntzaren normalkuntzan maila handia lortu dela aipatu zuen. Euskara oso baloratua dagoela eta murgilpen eredua oso zabaldua. Nafarroako eskolatze datuak eman zituen azken urteotako ereduen garapena ikusteko. 88/89 ikasturtean %13,34 ikasle zeuden D ereduan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzaren artean. A eredukoak %5,48 ziren eta "G" eredukoak %81,18. Aurtengo ikasturtean, Dn matrikulatu direnak %22,12 izan dira, An %16,99 eta "G"n %60,89. Garapena garrantzitsua izan dela egotzi zuen Eduardok, eta hurrengo urtetan A eta D ereduen artean ikasleen %50a egongo dela.

Horretarako, administrazioak jarrera aldatu beharko duela gaineratu zuen. Sustatzaile izan beharko lukeela, eta ez erantzule hutsa. Ez dago D eredurik zonalde ez euskaldunetako eskola publikoetan, lerro berriak irekitzeko legeria ez da argia... Nafarroako zentro erlijiosoek ez dute D eredua eskaintzen eta aukera hori edukitzea oso interesgarria izango litzatekeela adierazi zuen Euskara Teknikariak.



Beste hizlari bat Irene Lopez izan zen, Nafarroako Ikastolen Elkarteko koordinatzaile pedagogikoa. Nafarroako ikastolen inguruko gorabeherez mintzatu zen Irene. Nafarroan 16 ikastola federatu daude, eta horrez gain, Iruñeko Udal ikastolak. Guztietan ikastolaren proiektuarekin edo ereduarekin egiten da lan: euskal irakaskuntza ulertzeko modu berezia, antolakuntza propioa, metodologia aurrerakoia, gurasoen benetako partaidetza, inguruneko kokapena... Hizkuntzaren trataera ere berezia da ikastoletan. Euskara, erdara eta ingelera murgiltze sistemaren bitartez ikasten dituzte haurrek.

Ikastolaren mugimenduak bere III. kongresua bukatu berria du, eta Irenek aipatu zuenez, etorkizunari begira hainbat erronka planteatu dira. Horietako bat Euskal Kurrikuluma egiteko ikertze lan bat onartzea izan da.

Euskararen defentsan lan egin dute urteotan Nafarroako ikastolek. Orain arte, bertako agintariek ez diote inolako pribilegiorik eman haurren zein helduen euskarazko irakaskuntzari. Ireneren hitzetan "badirudi euskaraz mugitzen garenok gutxienezko eskubideen errespetua aldarrikatzen jarraitu beharko dugula".

Rikardo Ederrak ere, Sortzen-eko ordezkariak, administrazioaren aldetik euskararen aldeko pausorik apenas ematen dela aipatu zuen. Vascuencearen Legea eta irakaskuntzan ezartzen duten dekretuek hezkuntza plangintza osoa gaztelera hutsez egitea dakarte.

Bestalde, transferentzien onarpenek ere, euskal irakaskuntzari ez diotela inolako aurrerapenik ekarri aipatu zuen. Hezkuntza erreforma bera ere, kanpokoa denez, ez dio hezkuntza sistema propioaren garapenari inolako mesederik egin. Egoera honen adibide gisa, DBHrako ordutegi dekretua jarri zuen Rikardok, Irenek bezalaxe. Dekretu honen arabera, D ereduan euskara hautazko gai bezala kontsideratzen da, eta ondorioz G edo A ereduan baino ordu gutxiago gelditzen dira gainontzeko hautazko gaietarako.

Gaur egun D eredua nagusituz doa Nafarroan. Joera hau mantentzea edo areagotzea lortuz gero, euskara Nafarroako Hezkuntza Sistemaren berezko ezaugarri bezala hartu beharra egongo litzateke, hau da, planifikazio orokorra egiteko beharrean.

Azkenik, Rikardok NUPri eskaera bat luzatu zion Sortzenen izenean: bere sorrerako helburuak egiaz bete ditzala eta bere ikasketak planifika ditzala Nafarroako gizarteari eta honen arazoei begira, euskara eta gure kultura propioari dagokionez dena egiteke baitago.

Nafarroako Unibertsitatearen izenean mahainguru honetan parte hartu zuena Jose Maria Iza izan zen, NUPeko Hizkuntza Normalizaziorako errektoretzako kidea. Unibertsitatea sortu zenetik 10 urte pasa diren honetan, oraindik ere euskararen arloan lan handia dagoela aitortu zuen. Momentu honetan bi ikasketa soilik eskaintzen dira euskaraz: Magisteritzako Haur Hezkuntza espezialitatea eta Lehen Hezkuntza. Beste zenbait karreratan asignatura batzuk euskaraz ematen dira: Ekonomia, Soziologia, Lan Soziala eta Nekazaritza Ingenieritza Teknikoan. Derrigorrezko, hautazko edota zeharlerrotako asignaturak dira euskaraz ematen diren horiek. Horrez gain, matrikula libreko Euskara Teknikoa ere irakasten da.

NUPko irakasle kopurua 600 ingurukoa da gutxi gora behera. Horietatik 45 bakarrik dira euskaldunak. Hauetatik batzuek, euskaraz soilik ematen dituzte klaseak, beste batzuek euskaraz zein gaztelaniaz, eta hirugarren batzuek ez dute euskaraz klaserik ematen.

Jose Maria Izak esan bezala, oraindik oso gai gutxi daude euskaraz ematen direnak eta titulazioak are gutxiago. Unibertsitatearen 10 urteko bizitzan, Hizkuntz Normalizaziorako Planik egiteko gai ez direla izan aitortu zuen. Lan hori Hizkuntz Normalizaziorako Komisioaren zeregina da. Momentu honetan Komisio hau eratzeke dago, orain arteko saiakerek ez baitute Komisio finko bat eratzerik lortu.

Dena dela, Izak azaldu zuenez, zenbait txosten eginak dituzte eta Komisioa eratu bezain pronto bere onarpenerako bidean jarriak izango dira. Hala ere, bide horrek zenbait geruzatatik pasa beharko du: errektoretza taldea, Gobernu Junta, Kontseilu Soziala, eta azkenik, Parlamentu Forala.

Abenduaren 20an, bestalde, "Nafarroan euskararen bilakaera sozio-politikoa"z hitz egin zuten Juan Ramon Elor, Jimeno Julio historialariak, Carlos Briches Soziologia irakasleak, Patxi Zabaleta idazleak eta Pello Apezetxea apaizak.

Gorkak azaldu digunez, "gure asmoa jardunaldi hauetako hitzaldiak argitaratzea da". Baina hau lehenengo pausoa izan da. "Urtarriletik ekainera bitartean proiektu piloto bat egingo dugu jendeak nola erantzuten duen ikusteko. 97ko urrian ikerketa zabalago bat hasiko dugu. Irakasle, tutore eta abarrekin Nafarroako hezkuntzan euskarak duen egoera aztertuko dugu". Proiektuak lau arlo ditu: egungo euskararen egoera unibertsitatean eta Nafarroan, orain arteko euskararen bilakaera, administraziotik planteatzen den etorkizuna eta soluzioak. "Hauek hipotesiak dira. Gure lana datuak bildu eta baieztatzea da". Batez ere unibertsitatean zentratuko direla dio Gorkak, baina beste irakaskuntza mailak ere ikertuko dituztela. "Lehen Hezkuntza eta DBHko euskarazko ikasketak eta ikasleen egoera aztertzea ere interesgarria da. Azken batean, horiek dira etorkizunean unibertsitatera joango direnak. Hauen eskariak kontuan hartu beharko dira, beraz". Gainera, unibertsitateko ikasketak euskaraz egin nahi dituen ikasleria handia dela erran digu Gorkak.

Orain arte proiektuak harrera ona izan du. Unibertsitateak asko lagundu diela azpimarratu digu Gorkak. Ikerketa bukatu ostean, datuak eta ondorioak argitaratzeko asmoa dute, eta diru laguntzarik baldin badute, asmo hori egi bihurtuko da.

Euskararen arazoaz daukaten kezka nabaria da, baina horrez gain, lana egiteko gogoa ere bai. Irtenbide eta proposamenez beteta etorriko zaizkigu Soziologiako ikasle hauek 97-98 ikasturte amaiera aldera.