ELKARRI:
Amaia.- Elkarriko III. asanbladan (orain dela hiru urte) Elkarrik hezkuntza mailan zein ekarpen egin zezakeen aztertzen hasi ginen. Bere filosofia edo mezua gatazken aurrean irtenbidea bilatzea dela ikusi zen: elkarrizketa, akordioa... Eta erreflexio hori izan zen abiapuntua. Bake-Hezkuntzan zentratu eta zehar-lerro bezala nola landu zitekeen aztertzen hasi ginen.
Bake-Hezkuntza aipatu duzu, eta zer da zehazki zuentzat Bake-Hezkuntza?
Ana.- Bake-Hezkuntza balore heziketa mota bat da. Balore horiek justizia, elkartasuna, kooperazioa, konpromezua, autonomia pertsonala eta kolektiboa, begirunea... dira. Bakerako hezitzea ekintzetatik sortzen da eta ekintzetarako heziketa da.
Izan ere, aipaturiko balore horiek eguneroko bizitzan landu behar diren baloreak dira, bizi egin behar direnak, gure jarrerak izatera hel daitezen. Bakea ez da ikasi beharreko eduki soila, bizi behar den errealitatea baizik.
Honek etengabeko prozesu iraunkorra eskatzen du, curriculumaren zehar-dimentsioa osatuz, etapa guztietan landu beharrekoa. Azken finean, bake positiboaren ideia berreskuratzea da, gatazkak biolentziarik gabeko era positiboan konpontzea, aniztasuna eta begirunea landuz, bakea bizitzea.
Definizio hau oso zabala da eta balore anitz aipatzen dira. Dena dela zuek, unitate didaktiko hauetan, Bake-Hezkuntzaren atal bat jorratu duzue.
Ana.- Bai, hala da. Bake-Hezkuntza oso eremu zabala da. Mila puntu daude lantzeko eta landu behar genituzkeenak. Nazioarteko harremanetarako Hezkuntza Garapenerakoa, Giza eskubideen aldeko hezkuntza, beste kulturen ikasketa e.a. garapen esparruak dira Bake-Hezkuntzaren barruan.
Baina guk, momentu honetan interesgarriena edo egokiena iruditu zaiguna aukeratu dugu. Elkarriren filosofiarekin lotura gehien duen esparrua aukeratu dugu. Guk hartu dugun lan lerroa puntu ttiki bat da: gatazkari irtenbidea ematen jakitea elkarrizketaren bidez.
Planteamendu hau aurrera eramateko eta lantzeko zein filosofiatan oinarritu zarete?
Amaia.- Hasiera-hasieratik Elkarriren oinarri filosofikoetatik abiatu ginen lanean hasteko. Lana aurreratu ahala, Bake-Hezkuntzari buruzko teoria eta atal desberdinak aztertu genituen, eta gu egiten ari ginena eta egin nahi genuena isladatuta ikusi genuen Jaresen artikulu batean. Gure kontzeptu eta nahietatik oso hurbil zegoen. Bake-Hezkuntzaren konzeptua Jaresen filosofiatik hartu dugu.
Ana.- Azken finean, planteatzen dugun filosofia ez dugu geuk asmatu. Guk egin duguna hori dena proiektu batean bildu edo lotzea izan da.
Filosofia hori lantzeko, zein metodologia proposatu duzue?
Amaia.- Metodologia aldetik hasiera-hasieratik kontuan hartu duguna zera izan da: haurrak protagonista sentitzea bere inguruko talde hurbil baten barruan, eta talde horretan eragiteko gai sentitzea.
Ana.- Oinarrizko metodologia gatazkei aplikatutako ikerketa metodoa izan da. Ingurunearen ikerketa-proiektuak eginez, eduki batzuk lantzen ditugu. Irakaskuntza-ikasketa prozesua, adin hauetako haurrek bizi dituzten ohiko harremanetan dago oinarrituta. "Familia", "Lagunak", "Gure eskola" eta "Gure herria", lau lan proiektu dira, talde horietan sortzen diren gatazkak aztertzeko, ikerketa metodoaren estrategiak erabiliz (informazio bilketa, sistematizazioa eta interpretazioa) eta lan talde txikiak osatuz.
Helburua hauxe da: ikasleak, inguruan sortzen diren gatazken aurrean hausnarketa eta analisia egitea, eta jarrera kritikoa edukitzen ikastea. Beraiek sartuta dauden gatazka egoera horien eraldaketa, elkarrizketa eta akordioaren bidezko proposamenak osatu, komunikatu eta azken finean, gatazken konponbidean bertan bakea biziaraztea bultzatu nahi dugu.
Beraz, gatazka batetik abiatzen zarete beti. Baina nola ulertzen duzue zuek gatazka? Zerbait ona bezala, txarra, egon behar duen zerbait, egon behar ez duena...
Ana.- Dagoen zerbait bezala. Zerbait naturala eta bizitzarekin lotua dagoena. Egoera batzutan gatazkarik ez dagoela pentsa dezakegu, baina agian gatazka hori agerian ez dagoelako. Askotan, gatazka ematen zaion irtenbidearekin lotzen dugu, agresibitatearekin, hain zuzen ere. Baina ideia desberdinak kontrajartzen direnean gatazka dago, egoera edo gai baten aurrean, argudio, pentsakera eta sentimendu desberdinak sortzen direnean...
Baina helburu amankomun baten aberastasuna aprobetxatzen badugu, elkarrizketaren bidez argudio eta pentsakera guztiak kontuan hartuz irtenbide amankomuna lortzeko, hor gatazkarik ez dagoela dirudien arren, gatazka egon da. Desberdintasuna, gatazka horri irtenbidea bilatzeko erabili den estrategian dago. Gatazka honela ikusita, ikasteko eta hazteko aukera bat da.
Dena dela, gatazka maila berdinean daudenen artekoa edo maila desberdinekoen artekoa izan daiteke. Irakasle bat autoritarioa izan daiteke. Hori egoera normala edo ongarria dela pentsa al dezakegu?
Ana.- Ez, noski. Irakasleok gure inguruan gertatzen denaz konturatu behar dugu eta gatazka horiek agertarazten saiatu. Irakasleon jarrera oso garrantzitsua da eta geure jokaera autoebaluatu behar dugu, ikasleenarekin batera.
Alde horretatik, ikasleek ere ez al lukete irakaslearen jokaera baloratu behar?
Ana.- Egia esan, ikasleen ebaluaketarik ez dugu planteatu. Beharbada irakasleak berak ikusten duelako gelan landu dena ongi atera den ala ez. Dena den, "Eskola" unitatearen barruan, ikasleei bere gelako funtzionamendua kritika dezaten eskatzen zaie. Galdeketa bat erantzun behar dute, gelan eta eskolan nola sentitzen diren, irakaslearekiko eta ikasleekiko harremanak nolakoak diren... aztertzeko. Irakasleari dagokionez, beraiekiko duen jarrera, ikasketa mailan zein arazo edo disziplina mailan, aztertzeko aukera ematen da. Hemendik aldatzeko proposamenak osatu behar dituzte denen artean.
Gatazkaren irtenbidea ikuspegi konstruktibista batetik bilatzea planteatzen duzue unitate didaktiko hauetan. Alde horretatik, gatazka egotea beharrezkoa da hori gainditzeko, eta ez dagoenean, ez al da probokatu behar?
Amaia.- Agian bai. Baina probokatu gabe ere beti dagoela iruditzen zait. Beti daukagu egoeraren bat aprobetxatzeko moduan. Gainera, guk planteatzen ditugun gatazkak ez dira oso handiak edo bereziak, eguneroko bizitzan sortzen direnak baizik, haurrengandik oso hurbil daudenak. "Arian-arian" materialean haurraren garapena osa dezaketen jarrerak aztertzeko bidea ematen da ebaluaketaren proposamenean. Emaitzak kontuan hartuz, irakasleak ikasketa prozesua finkatu beharko luke.
Bakegintzarako fase honetan nola uztartu dituzue baloreak eta eskubideak?
Amaia.- Bake-Hezkuntza osatzen duten lan lerro desberdinetan, balore berdinak lantzen dira, baina lerro bakoitzean batzuei beste batzuei baino garrantzi gehiago ematen zaie. Abiapuntua desberdina da, baina nolabait osagarriak dira. Gatazka eta giza eskubideen artean autoestimutik hasita, balore asko daude erlazionatuta, besteekiko errespetua, bestearen ikuspuntutik entzuteko joera, bere lekuan jartzekoa, besteen iritzi eta esperientziak kontuan hartzea, e.a. eduki amankomunak dira. Gatazkak konpontzeko estrategiak bestearen eskubideak begirunez kontuan hartzean oinarrituta daude.
Balore hauen artean norberaren eskubideen defentsak ere bere garrantzia izan beharko luke.
Amaia.- Bai, egia da. Hori "Lagunak" unitate didaktikoan lantzen dugu, autoestimari nahiko lotuta baitago. Bakoitzaren alde positiboak aipatuz, irakasleak guztiei hitz egiteko txanda emanez, guztien lana, ideiak, iradokizunak... berdin baloratuz. Azken finean, ideiak, nahiak, interesak azaltzeko eta defendatzeko aukerak eman behar zaizkie.
Prozesu honek guztiak irakasle mota bat definitzen du: aktiboa, kritikoa...
Ana.- Bai, hala da. Guk estrategia batzuk lantzen ditugu eta horiek eguneroko bizitzara eramatea proposatzen dugu. Irakasleon lana ez da asignatura batera mugatu behar, zerbait gehiago egin behar dugu. Ebaluaketa urte osora zabaltzen da eta irakasleok gauza guztietan jarri behar dugu arreta.
Amaia.- Irakasleok bakea gatazkarik eza dela pentsa dezakegu. Gatazkarik ez dagoenean, orduan dagoela bakea. Eta gure planteamendua justu alderantzizkoa da; edozein motatako gatazka aprobetxatzea elkarrizketa bideratzeko, bakea prozesu horretan bizitzeko. Honek bere jarrera gatazken aurrean ebaluatzea eskatzen du, eta beti gelako egoera aztertzea.
Irakasle bakoitzak bere kabuz eraman dezake metodologia hori aurrera, baina denen artean programatzea ere funtsezkoa da.
Amaia.- Bai, Bake-Hezkuntza zehar-lerro bezala planteatzeko erabaki desberdinak hartu behar dira klaustro edo eskola mailan. Lehenengo, Bake-Hezkuntzak osagai desberdinak eta asko dituenez, irakasleok gure eskola eta inguruneari lotuta Bake-Hezkuntzak zer izan beharko lukeen planteatu behar da. Ondoren, Bake-Hezkuntza konzeptu hori eskolan nola sartu erabaki behar da; zehar-lerro bezala eskolaren bizitzan, tutoretza orduan edota beste motatako ekintzekin...
Hirugarren erabakia zein helburu lortu nahi ditugun zehaztea da; zein gaitasun landu nahi ditugun, zein eduki, zein metodologiaz eta nola baloratuko dugun.
Metodologiaren barnean hainbat gauza planteatzen dira. Adibidez, metodologia erakuslea baldin bada, zer nolako ekarpena daukan Bake-Hezkuntzarako. Edo talde lanetan oinarritzen den metodologiarekin ere berdin. Eztabaida honetatik metodologiaren erabakiak hartu beharko lirateke. Bestetik, eduki batzuk eztabaida sendo bat behar dute; giza eskubideak, autonomia, autoestima, gatazka... nola landu. Eta azkenik, irakasleen jarrerak nolakoa izan behar duen gatazken aurrean, bakea bizitzeko aukera emateko.
Hori dena egin ondoren, lan praktikoa unitate didaktikoan, proiektuetan edo eskolaren antolaketan nola txertatu aztertu behar da. Hor beste pauta batzuk proposatzen ditugu. Eta azkenean, nola baloratu.
Irakasleok jarraitu beharreko pauta hauek zehaztu al dituzue egindako lan honetan?
Ana.- Unitate didaktiko hauetan ez, zehazki. Baina irakasleei zuzendutako eztabaidarako gida bat ateratzear gaude. Irakasleontzako material osagarri bat da. Dinamika hau guztia klaustroetan nola sar daitekeen aztertzen da, eta Bake-Hezkuntza zehar-lerro bezala diseinatzeko bide bat eskaintzen du.
Gurasoen paperak ere bere garrantzia du guzti honetan. Non kokatu dituzue gurasoak?
Amaia.- Gure ikuspuntutik Bake-Hezkuntza eta baloreen hezkuntza denon eginkizuna da. Gurasoek ere paper garrantzitsua daukate heziketa atal honetan. Alde batetik, Hezkuntza proiektuan beraiek landu nahi dituzten baloreak kontuan hartu behar dira. Bestetik, eduki hauek lantzeko bideak eskaini behar zaizkie. Eztabaidarako gida horren barruan, eskola bakoitzean gurasoekin lantzen den eran egokitzea proposatzen da. Hau da, guraso eskola antolatuta baldin badago, irakasleentzat proposatzen den eztabaida prozesua bultza daiteke, edo bestela, tutoretza mailan lan egin. Alde batetik, gela eta eskola mailan nola landuko den komunikatzeko; eta bestetik, gurasoen partaidetza lotzearren pauta edo bideak proposatzeko.
Dena dela, orain arte emandako pausuak nahiko indibidualak izan dira orokorrean.
Ana.- Bai, hala da. Unitate didaktikoak lekuan lekuan praktikara eraman dira, baina prozesu oso bat bezala ez. Hori izango litzateke gure helburua.
Amaia.- Gainera, unitate hauek Durangoko azokarako kaleratu ziren. Ordurako ikastetxeetan urteko plangintza egina zegoen. Baina beno, orain materiala aztertzeko denbora badago, eta datorren ikasturteko programan sartzeko aukera hor dago.
Hemendik aurrera, norberaren esku dago material hori erabiltzea. Eta zuen egitekoa, zertan gelditzen da?
Amaia.- Elkarriren barruan Bigarren Hezkuntza dela eta, eztabaida irekia dago. Eta gure lana ere iradokizun guztietara zabalik dago. Gustatuko litzaiguke praktikan gauzatzen den lekuetatik kritika konstruktiboak jasotzea egindako lana hobetzeko.
Ana.- Bestalde, materiala ikusi eta norbait Bigarren Hezkuntzarako egitera animatzen baldin bada, bejondeiola.