BRITANIA HANDIA: Ingalaterra eta Galeseko hezkuntza sistema

1997-02-01
Erresuma Batua lurralde desberdinez osatutako lurraldea da: Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda. Bakoitzak bere nortasuna eta berezitasunak ditu eta denak zaku berean sartzea ez zaie gustatzen, gainera. Hezkuntza sistemari dagokionez ere, desberdintasunak badituzte. Ingalaterra eta Galesekoa berdinak dira baina Eskozia eta Ipar Irlandan desberdintasunak daude. Lehenengo bien sistema jorratuko dugu oraingoan, zein berezitasun dituzten ikusiz.
 
 
Ingalaterra eta Galeseko haurrek 5 urterekin hasten dituzte bere derrigorrezko ikasketak. Baina aurreko urtetan ez dira etxean gelditzen. 3-4 urte bitarteko haurren %90ak eskolaurreko irakaskuntza jasotzen du; %26a haurtzaindegietan onartua izaten da; %24a Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako haur geletan; %4a eskola berezietan edo independienteetan; eta gelditzen den %4a jolas taldeetara joaten da.

Derrigorrezko Hezkuntza 5 urterekin hasten da, esan bezala. Garai honetan bi aukera dituzte: ikastetxe publikoak eta pribatuak. Ikastetxe publikoak estatuarenak dira eta hauetan Ikasketen Plan Nazionala jarraitu beharra dago. 5-16 urte bitartean irauten du etapa honek eta lau zatitan edo "Key Stage"etan banatuta dago: Key Stage 1ean 5 urteko haurrak egoten dira; Key Stage 2an 5-11 urte bitartekoak, eta Key Stage 3an 11-14 urtekoak. Ondoren, Key Stage 4 dator. Honek bi urte irauten du, 16 urte arte, alegia. Key Stage 1 eta 2ak Lehen Hezkuntza osatzen dute, eta 3. eta 4. Key Stage-ek Bigarren Hezkuntza.

Ikasketen Plan Nazionalak ikasleen etengabeko ebaluazioa eskatzen du eta maila bakoitzaren ondoren azterketa batzuk egiten dira. Horrez gain, aniztasuna bermatzeko aukera desberdinak daude 11 urtetik aurrera. Ikastetxe gehienetan ikasketa orokorrak eskaintzen badira ere, badaude berezituak ere. Gramatika eta ikasketa modernoak eskaintzen dituzte hauek gaitasun maila altua edota bajua duten ikasleentzat.

Derrigorrezko ikasketa hauen ostean, 16 urtetik aurrera, eskolako 6. mailan edo ikasketa aurreratuagoak eskaintzen dituen ikastetxe batean has daitezke. 18 urte bete arte egoten dira berauetan, eta ondoren hiru titulazio mota eskuratzeko aukera dute: Hezkuntzako Ziurtagiri Orokorra (GCE), Kualifikazio Profesional Orokor Naziolanak (GNVQ) eta Kualifikazio Profesional Nazionalak (NVQ). Hauetako bat edo hauen arteko konbinazio bat lor dezakete. Helduek ere titulazio hauek lortzeko aukera badute. Hori Ikasketa Aurreratuagoa eskaintzen duten ikastetxeetan eskura dezakete.

Azkenik, 18 urtetik gorakoentzat unibertsitateko ateak irekitzen dira. Unibertsitatearen barnean aukera eta titulazio desberdinak daude. Alde batetik, ikasketa laburrak daude eta hauekin diplomatura lortzen da. Hiru urteko eta egun osoko ikasketak eginez gero, bestalde, lizentziatura lortzen da. Lizentziatura lortu ondoren, aurrera jarraitzeko aukera zabalik gelditzen da. Horrela, graduazio ondorengo kurtsoak eginez, Masterra lortzen da. Eta aurrerago jarraituz, graduazio ondorengo ikerketa kurtsoak eginez, Doktoradutza titulua eskuratzen da.

Ikasketa hauek guztiak unibertsitate eta goi-mailako ikastetxeek eskaintzen dituzte, baina horiez gain, Unibertsitate Irekia delakoa ere badago. Distantziako irakaskuntza eskaintzen du honek, eta ohiko unibertsitateaz baliatu ezin daiteken 18 urtetik gorako edozeinek zabalik dauka aukera hau.

Goi-mailako irakaskuntzako %65 ikaslek eta ikasketa aurreratuagoetako %60ak 21 urte baino gehiago ditu. Zer adierazten du honek? Helduek edozein momentutan ikasketei berriro heltzeko aukera badutela. Gainera, ikasketa mota desberdinak eta anitzak dituzte aukeran, kurtso motzak barne.



Ikastetxeen antolakuntza

Lekurik gehienetan bezalaxe, Ingalaterra eta Galesen ere ikastetxe publiko eta pribatuak daude.

Ikastetxe pribatuei dagokienez, estatuarekiko independienteak dira eta maila guztietakoak daude: haurtzaindegiak, haur barnetegiak, ikastetxe esperimental berriak, fundazio zaharrak... Ikastetxe pribatu hauetan ikasi ahal izateko dirulaguntza batzuk ematen ditu gobernuak. Horrela, diru sarrera txikia duten familietako haurrei ikastetxe independiente hauetan ikasteko aukera ematen zaie. Ingalaterra eta Galesen laguntza mota hau duten 35.000 plaza daude. Plaza hauek lortzeko gogor ikasi beharrean aurkitzen dira ikasleak, familiaren baldintza ekonomikoez gain, notak ere aintzakotzat hartzen baitira.

Eskola estatalen kasuan, berriz, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan lau ikastetxe mota bereizten dira antolaketa eta finantziazioaren aldetik.

1- Country schools: hezkuntzako autoritate lokalak finantziatzen ditu erabat, hau da, LEAk. Ikastetxeko zuzendaritzaren eskutan zenbait gastu eta erantzukizun uzten ditu, baina gainbegiratzeko boterea eta antolatutako zenbait zerbitzuren finantzaketa bere gain daude.

2- Voluntary controlled schools: onegintzazko fundazioen esku dauden ikastetxeak dira, batez ere elizaren esku. Ikastetxearen gaineko botererik handiena LEAk gordetzen du, baina zuzendariek ahalmen gehiago dute ikasketa planean. Horrela, elizaren edo borondatezko elkartearen helburuak txertatzen dira ikastetxean.

3- Voluntary aided schools: hauek ere onegintzako elkarteen jabetzak dira. Zuzendaritzako arduradun gehienak izendatzen dituzte, eta ondoren, honek kontratatzen ditu ikastetxeko langileak. Zuzendariek ikasketa planen barnean zenbait ahalmen dituzte, batez ere, heziketa erlijiosoa eta kultu erlijiosoaren tratamendu kolektiboari dagokionez. Ikastetxe hauen finantzaketa LEAk bideratzen du. Bera da hainbat gastu eta konponketaren erantzulea.

4- Grant-maintained: hauek LEAren kontroletik at daude. Gobernu zentralak finantzatzen ditu Ikastetxeen Finantzaketa Agentzia baten bitartez. Agentzia hau Hezkuntza Sailaren barnean dago. Ikastetxe bakoitzak bere aurrekontua kontrolatzen du eta bere politika propioa ezartzen du, beti ere legeak ezartzen dituen mugak kontuan hartuz.

Unibertsitateen kasuan, 130 unibertsitate eta goi-mailako irakaskuntza ikastetxek diru publikoa jasotzen dute goi-mailako ikasketak eskaini ahal izateko. Unibertsitate eta ikastetxeak autonomoak dira, beraien finantzaketa, administrazioa eta lerro akademikoaren erantzuleak dira. Ikasketa planak, onarpenak eta azterketak ere beraien esku gelditzen dira. Unibertsitateek beraien titulu propioak ematen dituzte.

Aipatutako ikastetxe eredu hauez gain Ikasketa Aurreratuagoa deritzon sektore bat dago. Hauek 16 urtetik gorako ikasketak eskaintzen dituzte. Ordutegi malgua dute, eta era berean, unibertsitatean ikasi ezin daitezken ikasketak aukeran dituzte.

Hezkuntza Berezia ere eskaintzen dute, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek bezala. Horrez gain, haur hauen beharretara egokitutako ikastetxe bereziak ere badaude. Berauetako ikasketak egin ostean, ikasle horiek goi-mailako ikasketak egitera pasa daitezke.