24: Euskara eta Euskal Heziketarekiko erasoak areagotu diren honetan euskararen aldeko jarrerak inoiz baino biziago

1998-01-01
Hitzak eta eskainitakoak betetzea, horra hor gure eskaria
 
 
A zer urtea!

Hamaikatxo gauza entzun eta ikusteko jaioak omen gara eta aurtengoa aukeretan oparoa izan denik ezin uka.

Euskara eta Euskal Heziketaren etsaiek bere amorrazioa erakutsi dute behin eta berriro erakunde eta estamentu desberdinetatik. Erreparorik gabe, bere mesprezua batean eta bestean zabalduz aritu dira. Olentzero ere ez da erasoetatik salbu geratu.

Asko gara haur euskaldunek Olentzero itxaroten duten ilusio berarekin lanean aritzen garenak.egunez egun. Erasoak eraso, gure haurren zoriontasuna lausotzea lortu ez duten bezala, euskal gizarteak oro har geroz eta ozenago adierazi du euskara eta bere zutabe garrantzitsuenetakoa den Euskal Heziketaren aldeko konpromezua.

Gure zilborrera begira, aurten egindako ahaleginek jaso duten emaitza Euskal Hezkuntza esparruarekin dugun konpromezua indarberritzeko erabili dugu.

Hik Hasiren sorreran buruan generabiltzan helburuak gauzatuz doaz: Euskal Hezkuntza Erkidegoa osatzen dugunon tresna eta zerbitzu izatea besteen artean. Eta bide onean goazenaren lekuko dira gure ingurura bilduz doazen lagun ugariak.

Ahaleginak egiten jarraitzen dugu Administrazioa ere gure ingurura biltzeko. Eginahalak eginda ere ezin dugu lortu.

Oraindik gogoan dugu Oliveriren Sailaren itzalean sortu zen beste aldizkari hura, ESKOLA. Dirudienez, aldizkariarekin bat desagertu ziren alor honetan eskain zitezkeen dirulaguntza eta subentzioetarako azpiegitura bideak. Hik Hasiren eskakizuna ESKOLA aldizkariak zuen aurrekontuaren laurdena iristen ez den arren.

Hik Hasi asmoa zenetik, Hezkuntza Saileko arduradun desberdinen onespena eta hitz onak jaso zituen: inoiz gauzatu ez den eskaintza egitera iritsi zirelarik.

Badirudi azkenik gure eskabideen oihartzuna nonbaitera hel zitekeela. Orain arte bezala, eskua eta bidea zabalik dauzkagu elkar lanerako. Besteetan gertatu den antzera gure itxaropena zapuzturik gertatuko ez delakoan gaude. Urte berri on guztiontzat!