Etxerakolanak: betiko eztabaida

1998-01-01
Etxerakolanei buruzko gaia askotan ipini da mahai gainean. Europako zenbait naziotan, Suitzan esaterako, legeak etxerakolanak bidaltzera bultzatzen du. Alemaniako zenbait Länderretan, Danimarkan, Luxenburgon edo estatu espaniarrean ez dago politika argi bat gai honi buruz. Grezian, aldiz, lan mota hauek debekaturik daude.
 
 
Baina, etxerakolanek ikaslearen errendimendua hobetzen al dute? Ikasleriaren errendimendu akademikoa hobetzeko etxerakolanen egokitasuna aztertu dute pedagogo. Horrela, T. A. Keith-en (1982) arabera "etxerakolanen denbora gehituz gero emaitza akademikoak hobetu egiten dira". H.J. Walberg-ek (1985) hauxe dio : "Etxerakolanak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan eragin sendoa du".

R.A. Paschal-ek (1980) etxerakolanen eragina bi modurata handitzen dela dio: irakasleak aztertu, komentatu, zuzendu eta graduatzen baditu eta egunero egiten badira.



Gure lantxoa

Eztabaidagarria den gaiari heldu diogu Eskoriatzako Irakasle Eskolako 2. mailako ikasleok. Didaktika klasetan aniztasunaren trataera aztergai genuen orain dela aste batzuk eta etxerakolanen gaia azaldu zen. Gure artean iritzi kontrajarriak zeudela ikusirik, Deba garaiko irakasleek ,eguneroko errealitatea bizi duten praktikoek, gai honi buruz zer pentsatzen zuten aztertu nahi izan genuen. Horretarako, ikasle bakoitzak bi inkesta pasa genituen ikastetxe bakoitzean. Guztira Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 63 irakasleri egin genien aipatu galdetegia.



Hona hemen azaldu diren iritziak:

a) Etxerakolanen helburua eta zergatia:

Inkesten erantzunetan, etxerakolanak bidaltzearen arrazoi aipagarrienak, irakaslearen iritziz, hauek izan dira:

-Lan ohiturak bultzatzea: ikaslearen lan autonomoa bultzatzea beharrezkoa ikusten dute irakasle hauek. Horrez gain, etxean ikasteko leku fisiko egoki bat edukitzea, ikasleak bere lanaren ordutegia planifikatzea eta antolatzea helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte.

-Gurasoen inplikazioa: etxerakolanaren bitartez, ikaslea eta gurasoen arteko harremana eta lotura sendotzen dela adierazten dute irakasleek. Hau dela medio, gurasoen inplikazioa ikaslearen ikaskuntza prozesuan bultzatu egiten da, ikaslearen prozesua gainbegiratuz, seme-alaba motibatuz eta lagunduz.

-Gelan ikasitakoa errepasatu: irakaslearen iritsiz, gelako denborarekin bakarrik, ikasleari ez dio arlo batetan sakontzeko ikasleak etxerako lan autonomoa beharrezkoa du.

-Lanaren indibidualizazioa: ikasleen gaitasunak, lan erritmoa eta jarreren ezberdintasunak errespetatu behar dira. Hau dela eta, ikasle bakoitzari, bere ezaugarrien arabera, lana egokitu behar zaionez gero, askotan, gelako lanean hau lortzea zaila izaten da. Etxerakolanak, ikasleen beharrei erantzuteko estrategia egokia ikusten du irakasleriaren gehiengoak.

-Ikastetxearen irudia eta errendimendu maila: irakasleen iritziz, askotan, ikasleek maila akademiko altu bat lortzeko erabili ohi dira etxerakolanak. Haur jaiotzen kopuru txikiak eta, honen ondorioz matrikulak lortzeko ikastetxeen artean dauden lehiak eta konpetitibitateak direla eta, ikastetxearen irudi ona mantentzea beharrezkotzat ikusten da. Gaur egun ere, ikastetxeen irudi onaren oinarrietako bat bere ikasleriaren emaitza akademikoak dira.



b) Etxerakolanen hasiera:

- Irakasleriaren % 46,3a Lehen Hezkuntzako lehen zikloan (6-7 urte ) etxerakolanak bidaltzen hasten da.

- Irakasleriaren % 31,7a LHko bigarren zikloan (8-9 urte ).hasten da etxerakolanak bidaltzen.

Datu guztien bilketa taula honetan laburbiltzen da:



-Ez ditu bidaltzen: %5

-6-7 urtetan: %46,3

-8-9 urtetan: %31,7

-10-11 urtetan: %9,8

-12 urtetik gora: %7,2



Inkesta bete duten irakasleriaren gehiengoa (%78) 6-9 urte bitarte horretan hasten da etxerakolanak bidaltzen.



d) Ikasleak etxerakolanak egiten pasatzen duen denbora:

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasle bat (11-12 urte ) erreferentzia gisa harturik, zenbat denbora lan egin behar duen galdetu zitzaien irakasleei. Honako datuok jaso genituen:

-15 minutu: %6,1

-30 minutu: %34,6

-45 minutu: %42,9

-60 minutu: %16,4



Etxerakolanen maiztasunei dagokionez, irakasleen iritziz...

-Ez dut bidaltzen: %5

-Behin edo bo aldiz: %48,4

-Hiru edo lau aldiz: %26,6

-Egunero: %20



e) Lanaren koordinaketa eta zuzenketa:

- Tutoreen % 41,7a eta espezialisten % 48,5a etxerakolanak bidaltzerakoan ez dira koordinatzen (ikasleari lana ez pilatzeko).

- Irakasleen % 86ak gelako ikasle guztiei etxerakolan berdina bidaltzen die eta %14ak lan ezberdina, ikasle bakoitzari egokiturik.

- Etxerakolanak bidaltzen dituztenen artean, ikasleak lanak egiten ez baditu, askotan zigorra edo neurriren bat hartzen dutenen kopurua % 36a da. Zigorra gutxitan ipintzen dutenak, aldiz, %64 dira. Etxerakolanak egunero bidaltzen dutenak dira gehien zigortzen dutenak eta zigorra edo neurriak 5-6. mailatik gora maizago hartzen dira.

- Lan berdina bidaltzen dutenen artean % 100 etxerakolanak zuzentzen ditu. Ikasleei lan ezberdina bidaltzen dutenen artean % 85ak zuzentzen ditu lan horiek.

Datu bilketa izan da Eskoriatzako Irakasle Eskolako 2. mailako ikasleek egin duten lehen lana. Hemendik aurrera datuok aztertu eta eztabaidatu beharko dituzte, bai beraiek baina baita norberak ere bere ikastetxean.



Bibliografia:

- Keith, T.Z., Walberg, H.J, Paschal, R.A.: Gomez Dacal, G. (1992): "Rasgos del alumno, eficiencia docente y éxito escolar". La Muralla argitaletxea, Madril.

- Martín Moreno Cerrillo, Q. (1987): "Cuestiones sobre la organización del entorno de aprendizaje". UNED argitaletxea, Madril.

- OCDE ( 1991): "Escuelas y calidad de la enseñanza". Paidós, Bartzelona.

- Wilson, J.D. (1992) : "Cómo valorar la calidad de la enseñanza". Paidós argitaletxea, Bartzelona.