Eskoriatzako museo eskola:
Natura ezagutzeaz gain, gizakion bizitzarekiko lotura eta harremana erakusten saiatzen da Isabel, eta Historiaz baliatzen da horretarako. Historiaurrea, erromatarren garaia, Erdi Aroa, gizarte modernoa... poliki-poliki etapa guztiak ezagutzen dira. Bakoitzeko artea, bizimodua, gizakien arteko harremanak, sinesmena... "Atal hauek guztiak ezagutzeko museoko tresnez baliatzen naiz. Denetik pixkat daukagu, kaxoi asko momentu konkretu batean egiten dituzten galderei erantzuteko". Aro bakoitzeko gertaera garrantzitsuenak azaltzen dituela azaldu digu Isabelek. "Esaterako, erromatarren garaian burdina erabiltzen hasi zirela, Aro Modernoan zerrailaren eboluzioa ikusten dugu, sukaldearen eboluzioa ere bai EEBBtako sukalde modernoak ikusiz eta abar". Zientzia ere ukitzen da, baina ingurugiro ikuspegitik beti ere: ozonoa, CO2, Lurra zer den, zein materialez osatua dagoen eta nolako eboluzioa jasan duen... Gardenkiak, bideoa, tresnak zahar eta berriak eta arbela dira besteak beste azalpenak emateko erabiltzen dituen bitartekoak.
Gainera, material guztia dagokion lekuan kokatua dago. Isabelek dioen bezala, "elementu bakoitzak funtzio anitz betetzen ditu heziketa mailan eta gauzak horren arabera antolatu ditugu. Ez ditugu kokatu lekua zegoenaren arabera, ematen diogu garrantziaren eta betekizunaren arabera baizik". Horregatik dago lehenengo lekuan natura, horri ematen diotelako garrantzi gehiena. "Gero gizakiaren eboluzio fisiko eta psikikoa daukagu, aldaketa biak ikusiz homo erectusetik hasita. Ze pauso eman zituzten, zer jaten zuten, ibiltariak zireneko bizimodua... Historia kontatzea da gakoa."
Museoaren helburuak
Modu berezian antolatutako museo honen helburu nagusiak hiru dira:
1) Eboluzioaren bitartez ikasleek lur planetan gertatu diren aldaketak ulertzea ikuspuntu desberdinetatik: fisikoa, biologikoa eta soziokulturala, lurra eratu zenetik, aro desberdinetan zehar, gaur egun arte. Gizakiak bere ingurunean izan duen eragina ezagutzea ere bai, eta baita momentu historiko bakoitzean agertu zaizkion arazoak konpontzeko aurkitu dituen irtenbideak ezagutzea ere.
2) Historiaren ezagutzaren bidez, ikasleek gaur egungo arazoetaz kontzientzia hartzea da bigarren helburua, bai ingurugiroaren ikuspuntutik, bai ikuspegi sozio-ekonomikotik. Arazo hauei irtenbidea aurkitzen era aktibo batean parte har dezaten bultza behar zaie, gaur egungo arazo guztientzat izadiak bere baitan daukala irtenbidea kontuan harturik.
3) Ikasleak bere erlazioetan (Beste gizakiekin, ingurune naturalarekin eta sozialarekin) gizakiak berezko dituen baloreetan birbaiezta daitezela: sentsibilitatea, elkartasuna, errespetua, parte hartzea, taldeko lana, kritika... Bertan protagonista senti daitezela, elementu aktibo eta egunetik egunerakoaren sortzaile bezala.
Helburu hauek ikasleei zuzenduta daude, baina irakasleok ere beraiekin batera joaten gara. Guk ere ikasteko aukera badaukagu. Bidez batez, museo eskolako bisitari ahalik eta etekinik handiena atera behar diogu, gure programan txertatuz. Horregatik, museoko arduradunak zenbait gauza kontuan hartzen ditu:
1) Irakasleokin batera bisitaren aurretik, bisitan bertan eta ondoren landuko diren gaiak erabakitzen dira.
2) Museora etortzeko aukerak erraztu eta gehitzen saiatzen da lantzen diren gai horiek eskolako curriculumean sartzeko. Horrela ez da bisita aislatu bilakatzen.
3) Museo eskolan egiten diren aktibitateak norberak bere eskolan aurrera eraman ahal izateko behar diren material eta metodologia ezagutzera ematen da ahal den neurrian.
Interdisziplina
Helburuotan argi ikusten da museoak gela barruan lantzen diren edukiekiko lotura lortu nahi duela. Hori da bere egitea, osagarria da eta bizipen eta esperimentu zuzenak eskainiz lortzen du bere egitekoa. Horregatik, edukiak sailkatuta daude 1. taulan ikusten den bezala.
Gai hauek guztiak ez daude elkarren segidan liburuetan bezala. Museoan ez dago goitik behera jarraitu behar den aurkibiderik. "Ikasleak beraiek dira bisita gidatzen dutenak. Nik ez dut programa zehatzik edukitzen. Badakit zein baliabide ditudan hemen eta beharren arabera erabiltzen ditut". Taldeak eskatzen duena ematen du eta hori da irakaskuntza konstruktibistaren oinarria. "Egun bateko saioaren eta bezperakoaren artean %20 errepikatzen da, baina beste guztia desberdina da". Ez dago "Ez ukitu" jartzen duen txartel bat bera ere.
Dinamikotasuna nabaria da museoan eta mugikortasun horren ondorioz interdisziplinitatea lortzen da. Hots, gai guztiak lantzerakoan zeharlerroak sartzen dira eta Isabelek dioenez hori da museoaren berezitasunik nagusiena. "Natura ardatz bezala harturik 1. eta 3. mundua, osasuna, emakumea eta abar lantzen ditugu". Zeharlerro guztiak lantzeko aukera sortzen dela esan dezakegu. Eta ondorioz, curriculumeko edukiak, hauek zeharlerroen bidez lantzen baitira. Hurrengo taulan ikusten da harreman hori.
Baina dena ez da hor gelditzen. Museoko bisitak mezu bat dauka: barruan ikusten diren gauzak kanpoan praktikan jartzea. Helburua ez da gauza konkretu bat egitea, baizik eta ondorio batzuk atera eta eguneroko bizitzan praktikan jartzea. "Hemendik ateratzean asko dakitela konturatzen dira, eta hemen baliagarri ikusten dutena kanpora ateratzen dute". Talde batekin izandako esperientzia jarri digu adibide gisa Isabelek. Kioton izandakoaren antzeko bilera egin zuten. Gurasoei gauza bat eskatzeko konpromezua hartu behar zuten: iaz gabonetarako oparia erosteko gastatu zuten dirua baino gutxiago gasta dezaten eskatzeko prest al dauden galdetu zien Isabelek, eta zenbat gutxiago. Bakoitzak papertxo batean idatzi zuen: batzuk %4, beste batzuk %3, 0, %20... Guztien arteko batazbestekoa atera zuten azkenean eta %4,5ean gelditu zen. Talde osoak gabonetarako oparietan gurasoei %4,5 gutxiago gasta dezaten eskatzeko konpromezua hartu zuen. "Taldeok gizarteko eredu dira eta hemen hartzen diren erabakiak garrantzitsuak dira. Hori da beraiek ikusi behar dutena, beraiek ere alda ditzaketela gauzak".
Azken finean, museoan mezu bat jasotzen dute. Helburua ez da bilduma zoragarriak edukitzea eta jendea horiek ikusiz harritzea. Bilduma onak dituzte eta jendea harritzen da, baina xedea mezua jasotzea da.
1.- Eduki blokeak
1)Lurraren eraketa, eboluzioa eta gertatutako aldaketak ikuspuntu fisiko eta biologikotik.
2)Bizitzaren agerpena eta bere eboluzioa (etapak).
3)Hominizazioa.
4)Prehistoriako aroen desberdinketa eta bakoitzaren ezaugarriak.
4.1. Klima, flora eta fauna aro desberdinetan.
4.2. Habitat-a.
4.3. Lanabesak eta aurkikuntza garrantzitsuenak.
4.4. Ehorzketak, lehen manifestapen erlijiosoak eta monumentu megalitikoak.
4.5. Aurrerapen kulturalak eta beste herriekiko kontaktuak.
5)Erromatar garaia.
5.1. Garapen politiko eta soziala.
5.2. Garapen kultural, teknologiko eta artistikoa.
5.3. Garapen ekonomikoa.
5.4. Mitologia eta erlijioa.
6)Erdi aroa.
6.1. Berrestrukturazio soziala eta klase sozialen eraketa.
6.1.1. Erlijioaren garrantzia eta boterea.
6.1.2. Feudalismoa.
6.1.3. Emakumearen papera.
6.2. Kulturen nahasketa: beraien arteko interakzioak eta ondorioak.
6.2.1. Zientzien eragina.
6.2.2. Ekonomian eragina.
6.2.3. Gizartean eragina.
7)Berpizkundea.
7.1. Lur berrien aurkipena eta konkista.
7.1.1. Amerika eta euskaldunak.
7.1.2. Kultura eta herri desberdinak.
7.1.3. Nazioarteko ekonomian eragina.
7.2. Aurkikuntza eta aurrerakuntza teknologikoak.
7.2.1. Aldaketa sozial eta ekonomikoak.
7.2.2. Industrializazioa. Fase eta ondorioak.
8)Euskal Herriko kultura.
8.1. Lurretik ogira.
8.2. Mito eta leiendak.
8.3. Geografia eta historia.
Isabel Guridi: "Hemendik ukituta ateratzen direla ikusten dut eta gauzak aldatzen saiatzen direla"
Isabel Guridi irakaslea da museo berezi honen arduraduna. Egunero-egunero ikasle talde desberdinak egoten dira bere kontuak eta azalpenak entzuten. Bera da museoko gidaria. "Haurrak izugarri gustatzen zaizkit eta asko gozatzen dut beraiekin nagoenean".
Noiz hasi zinen Museo Eskola hau aurrera ateratzen?
Orain dela 10 urte hasi zen istorioa, baina harrezkero etapa desberdinak bizi izan ditu. Hasiera batean museo etnografiko antzeko bat antolatzen hasi ginen. Irakasle laneko orduetatik kanpo baserrietan alperrik galtzen ziren gauzekin eraikitzea zen gure helburua. Materiala bildu genuen eta ikasleekin hura ikustera joaten ginen. Haur elebidunentzat zaila zen material horien jatorria, garrantzia eta funtzioa ulertzea. Hori dela eta, Historiaurrea lantzen hasi ginen. Jende asko interesatu zen eta udalaren bidez oraingo lokala lortu genuen. Pittinka-pittinka museoa osatuz joan gara.
Osatuz eta aldatuz, zeren gero eta materiala gehiago biltzen ari baizara.
Bai, hala da. Museoa beti aldatuz doa. Irakaskuntzak eboluzionatzen duen heinean honek ere bai. Ez da gauza prestatua eta finkatua. Iaz etorri ziren ikasle batzuk aurten berriz etorri dira eta beste museo batekin egin dute topo.
Nolako jarrera dute haurrek? Interesik azaltzen al dute ala denborapasa etortzen dira?
Normalean interesa agertzen dute. Gainera, nire azalpenak eguneroko bizitzari oso lotuak egoten dira. Hurbiltasun horri esker errazago ulertzen dute eta bigarren pausoa ematea ere errazagoa da. Alegia, ekintzetara pasatzea. Gauzak aldatzea zaila dela esaten dute, baina geure mailan ere zerbait egin dezakegula azaltzen saiatzen naiz. Adibidez, gauzak ezin baditugu aldatu nire kontzientzia ez dagoela lasai esaten diet, eta ezin dudala hainbeste argi piztuta eduki. Argiak itzaltzen ditut eta horrela egoten gara denboralditxo batez.
Beraz, garrantzitsuena kontzientziatzea da.
Bai. Horretarako historia azaltzen saiatzen naiz, historia jakitea oso lagungarria baita etorkizunari aurre egiteko.
Nola lortzen duzu hori, zein metodologia erabiltzen duzu?
Sentimenduen arloan sartzen naiz eta ipuinen bidez azaltzen dizkiet gauzak. Esaterako, 4. anaitxoaren ipuina askotan erabiltzen dut. Historiara joz aurreko hiru anaitxoak ezagutzen ditugu: kobazuloan bizi zena, lastozko etxean bizi zena eta harrizko etxea egin zuena. 4. anaitxoa gaur egungoa izango litzateke. 4. anaitxoa edukitzeko kontzientziatuta al gaude? galdetzen diet. 4. anaitxo hori arazo askorekin topatuko da gaur egungo munduan eta hori aldatzen saiatu behar dugu. Adibidez, 1. eta 3. munduaren arteko arazoa.
Arazo handiak eta orokorrak dira horiek. Haurrek ulertzen al dute?
Ulertzen dute era egokian azalduz gero. Adibidez gauza baten aurrean jartzen garenean, batzuk aurrean egoten dira eta beste batzuk atzean gelditzen dira. Aurrekoak 1. mundukoak direla esaten diet eta atzekoak 3. mundukoak. Aurrekoek makurtu egin behar dute atzekoek ikus dezaten, 1. mundukoek listoia jeitsi behar dute. Horrelako adibideekin erraz ulertzen dute. Gainera, hasieran neuk azaldu eta gogorarazi behar diet, baina bukaerarako ezer esan gabe jartzen dira.
Euskal mitoak eta ohiturak ere baliagarri izango dira zenbait gauza azaltzeko, ezta?
Bai, modu atsegin eta ulerterraza suertatzen da. Lurperaketak esplikatzeko garaian esaterako, Arkeologia eta Historian lurperaketek zuten edo duten zentzua ez da aztertzen. Sentimenduak ez dira ukitzen eta hemen hori da lantzen duguna. Kasu honetan ama-semearen istorioa kontatzen diet.
Zein da istorio hori?
Ama batek seme-alaba asko ditu, baina seme batekin duen harremana oso berezia da. Izugarri maite dute elkar eta egun osoa elkarrekin pasatzen dute. Besteek ez dute ulertzen erlazio hori, baina beraiek oso pozik eta zoriontsu bizi dira.
Baina egun batean semea hil egiten da. Amak izugarrizko pena hartzen du, poza pena bihurtu da. Gauan oraindik semearen ondoan dago eta zeruan arranoak ikusten ditu biraka. Haurra han uzten badu, arranoek jan egingo dute eta isilpean etxera eraman eta lurperatu egiten du. Ondoren ohitura hori zabaldu egin zen eta hortik dator lurperatzearen usadioa.
Horrelako gaiekin kristautasunari buruzko galderak ere egingo dituzte, bada.
Orain dela gutxi 9 urteko ikasle batek Jesus nor zen galdetu zidan. Museoko txoko batera joan ginen eta hango tresnekin erantzun nien. Euskal mitoak kontatu nizkien: XVI-XVII. mendearen aurretik Eguzkia zela Jainkoa, erromatarrek jainko asko zituztela eta euskal gizartean ilargiak izan zuen garrantzia. Ilargia hiru egunetan desagertu egiten zen, ez zen agertzen. Hil egiten zela pentsatzen zuten eta ondoren berriro pizten zela. Jesusen bizitzarekin paralelismo handia du honek. Jesus ere hiru egun egon zen lurperatuta eta ondoren piztu egin zen. Horregatik diot oraindik bizirik daudela gauza hauek gure kulturan eta sinbolo horiek oso erabilgarriak dira egungo gauzak ulertzeko.
Behin baino gehiagotan aipatu duzu helburua hemen ulertu eta ikasitako gauzak eguneroko bizitzan aplikatzea dela. Ba al dakizu hori egiten duten ala ez?
Hemendik atera aurretik eta ikusitakoaren arabera "etxerakolan" bat proposatzen diet. Zenbait kasutan 4. anaitxoarentzako etxe ekologikoa egiteko eskatu diet. Ea nolako irudimena dute eta zein gauza ezartzen dizkioten ikusteko. Ondoren, etxearen marrazkia bidali ohi didate edota irakasleak ekartzen dizkit. Beraz, hemendik ukituta ateratzen direla ikusten dut eta gauzak aldatzen saiatzen direla. Pandorak esperantza gorde zuen bere kutxan eta nire esperantza neska-mutil hauek dira.