KOSMOS GELA, Irun: Izarrak ikusten ikastetxean bertan

1998-01-01
Kosmos gela enpresa irundarrak urtea bete du. Enpresa pribatu hau Samuel Hernandezek sortu zuen irakaskuntza arloan aurkitutako behar batzuei erantzuteko. Astronomian zaletua da eta urte asko daramatza bere kabuz, lagunekin edota Aranzadi Elkartean ikerketak egiten. "Gauzak ikusi, aztertu eta eztabaidatu egiten ditugu". Baina Samuelek zerbait gehiago egin nahi zuen eta "zeruko hezitzaile" izatea erabaki zuen.
 
 
Horretarako Kosmos Gela enpresa sortu zuen eta planetariuma hartuta Euskal Herria zeharkatzen dabil. Horrela topatu dugu guk eta planetariuma eta erakusketa ikustera gonbidatu gaitu.

Lau metro eta erdiko diametroa, 50 metro karratu eta barruan 40 pertsona. Horixe da planetariuma, airezko globo handi bat kanpotik begiratuta. Barrura sartzeko, berriz, ate moduko bat zeharkatu, eseri eta ilunpean Eguzki sistemari begira jartzeko aukera ematen du. Estitxuk diapositiba desberdinak erakusten dizkigu Eguzki sistemako planeta guztiak erakutsiz: Merkurio, Artizarra, Lurra, Martitz, Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton. Bakoitzaren itxura nolakoa den eta beste hainbat berezitasun eta bitxikeria kontatzen ditu. Adibidez, Artizarren 480 graduko tenperatura egoten da bertan. Jupiter eta Neptuno, berriz, oso azkar mugitzen direla dio Estitxuk. Lehenengoaren kasuan haizeak 500 km/h.ko abiadura hartzen du ekaitza dagoenean. "Mantxa gorri handia" izenez ezagutzen da. Amoniakozko euriz osatuta dago eta 400 urte irauten ditu.

Kontu hauek denak begiak zabal-zabalik ditugula entzuten ditugu, benetan espazioan zehar gabiltzala irudikatuz.

Bidaia uste baino laburragoa egin zaigu eta kanpora atera orduko berriro ere argitan gaude. Baina ez kalera ateratzeko. Oraindik planetariumaren kanpo aldean dagoen erakusketa daukagu ikusgai.

Miren Beloki zain daukagu eta erakusketako argazki desberdinak ikustearekin batera bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak azaltzen dizkigu. Horrez gain, idatzita dauden azalpen laburrak ere irakur daitezke. Eguzki sistemako argazki berriak dira eta kalitate onekoak, Hubbel telekospio espazialak ateratakoak. Nebulosak, izarren jaiotza, onden funtzionamendua, sateliteak, meteoritoak eta beste hainbat gauzaren inguruko informazio bildua eta antolatua dago.



Bidaia honen xedea

Ez da eguneroko gauza gure herrian horrelako aukera izatea, planetarium mugikorra, alegia. Ohiko erakusketa eta planetariumak baino gehiago gustatu ohi zaigu, beste xarma bat du, beste erakargarritasun bat. Horretarako aukera eskaintzen du Kosmos Gelak bai ikastetxeetan eta baita herri mailan ere. Samuel Hernandezek azaldu digunaren arabera "Bi eremu horietan mugitzen gara. Alde batetik ikastetxeetan eta bestetik herri mailako ekintza eta jaialdietan". Urtebeteko epean Euskal Herriko txoko desberdinak bisitatu dituzte: Bilbo, Kanpezu, Galdakao, Zornotza, Ormaiztegi, Urretxu, Arrasate, Eibar, Portugalete, Gasteiz, Laudio, Hondarribia...

Ikastetxeetara joaten direnean normalean ez dute erakusketa muntatzen. "50-60 pertsonarentzat izaten da eta kopuru horrentzat bakarrik ezin da muntatu erakusketa. Horregatik hau osagarri gisa erabiltzen dugu udalek edo beste erakunderen batek antolatutako ekintza zabalagoetan".

Dena dela, guztiok ez gara gogo edo kuriositate berdinarekin joaten. Batzuk zaletuak gara eta beste batzuoi, berriz, ez digu gauza handirik esaten.

Hori guztia nabaritzen dela dio Samuel Hernandez Kosmos Gelako arduradunak. Ikastetxeetako haurrak joaten direnean interes desberdinak daudela berehala nabaritzen dela dio. "Batzuek hasieratik interes handia erakusten dute. Beste batzuk, ordea, erdi behartuta etortzen dira, baina azkenean batzuetan horiexek izaten dira galdera gehien egiten dituztenak".

Orain arteko esperientziari buruz galdetu ostean pozik agertzen da Samuel eta kexatzeko ziorik gabe. Irakasleen aldetik ez dute gure sistemaren kalitateaz inolako kexarik eduki. 30-40 ikastetxetara joan dira orain arte eta bi jaialditara ere bai. "Jaialdi hauetan 1.500 pertsona sartu ziren planetariumean 40ko taldetan. Baina azkenean 65 pertsonako taldeak ere egin behar izan genituen jendeak ordubete zeramalako sartzeko itxaroten". Udalekuetan ere ibili dira egunez ibilaldiak eginez eta gauez izarrak ikustera ateraz. Guztira 7.000-7.500 pertsonak bisitatu dute, beraz, Kosmos Gelaren planetarium mugikorra bere lehen urte honetan.



Astronomia eta Irakaskuntza

Gai honen inguruko ezagutza oraindik oso murritza da, baina azken urteotan asko garatu da informatika bezalaxe. "Astronomiak interesa pizten du eta ikerketa eta froga asko egiten dira. Askotan gure jatorria ezagutu nahian gauza berriekin egiten da topo eta interesgarria da. Horregatik, informazio hori zabaldu egin behar zela iruditzen zitzaidan eta asmo horrekin abiatu nintzen". Profesionalizatu eta ikastetxeen errekurtso gabeziari irtenbidea bilatu asmoz hasi zen. "Nik astebeteko ikastaroak ere eskain ditzaket, baina ez dute irakasle espezializaturik ekartzen gai edo arlo bakoitzeko. Horrela izan beharko luke, baina ez da hori gertatzen. Orduan, gelditzen den aukera planetariumaren bisita laburra da, baina oraingoz, bada zerbait". Horrekin batera liburuak, argazkiak, bideoa eta abar salgai dauzka Kosmos Gelak, baina aurrekontu murritzak dituztelako edo, ikastetxeek ez dute horrelako materialik erosten.

"Nire iritziz, instituzioen aldetik ez zaio behar duen garrantzia eman Astronomiari. Humanitateez asko hitz egin da, baina hori azken finean Historia da, iraganeko gauza bat. Hori bezain garrantzitsua da nora goazen, noruntz zuzentzen garen jakitea. Beharbada irakasleen prestakuntza ezagatik edo edukien zerrendan sartzen ez delako baztertu samarra dago Astronomia gaia". Gaur egungo ikasleak "garai espazialean" biziko direla dio Samuelek eta ezagutza minimo batzuk eduki beharko lituzketela. "Baina orain dagoen planteamenduarekin ezagutza hori beraien kabuz eta kuriositateak bultzata aurkitu beharko dute".

Irakaskuntzaren birmoldaketaren beharra argi ikusten du Samuelek. "Letrak garrantzitsuak izango dira, baina ez diot erabilgarritasunik ikusten "h" jartzeari edo ez jartzeari. Ordenadoreak berak egiten ditu zuzenketak, gainera gaur egun. Horregatik, erabilgarritasuna dute ikasgaiak eskaini beharko lirateke. Historiari gaur egungo teknologia eta aurrerakuntzei baino garrantzi handiago ematen diogu. Herrialde aurreratuenek, berriz, alderantzizkoa egiten dute, eta horiei jarraitu behar diegu. Hautazko gehiago ezarri beharko lirateke".

Gaur egungo hezkuntzak ez du begiak irekitzeko balio Samuelen ustetan. Hau da, ikasleek ez dakite zer ikasi nahi duten edo zer izan nahi duten handitzean. Matematikak ez die ezer esaten, Historiak ere ez, Hizkuntzak ere ez... Ez dago informaziorik eta orientaziorik DBH bukatu ostean.

Honekin guztiarekin Samuel ondorio batera iristen da: Hezkuntza beste lurraldeetan baino 50 urte atzerago doala. Hemen autodidaktak dira ondo funtzionatzen dutenak, eta Astronomian ere bai.

"Haur asko oso interesatuak agertzen dira, baina berotan daudenean. Interes hori landu egin behar da ondoren, eta hor guk ezin dugu jarraitu". Momentuz Kosmos Gelaren zeregina zabalpenekoa da, Astronomiari buruzko informazioa eta azken aurkikuntzen berri ematea. Hezkuntza arloan, berriz, ikasleak gai honekiko sentsibilizatzea dute helburu.

Kontaktuak

Kosmos Gela

Anzaran plaza, 7.-1.D

20301 Irun

& (943) 63 39 37