Kronika

1998-01-01
 
 
Badatoz aldaketak
Ezkutuan eta poliki bada ere, Humanitateen inguruko dekretu proposamena aldatzeko bidean da. Abenduaren 16an Kongresuko alderdi guztiek Aguirreren proposamenaren aurka bozkatu zuten, bere alderdiak izan ezik. 180 botu 151ren aurka, hori izan zen emaitza. Hala ere, Aznarrek ez du aldatzeko eta amore emateko keinurik agertu. Nahiz eta botaketak emaitza hori eman, orain arteko planteamenduarekin jarraitzeko asmoa agertu du. Egoera honek ez omen du bere kideekiko harremana aldatuko beste arloetan ere.
Bestelakoa izan da Aguirreren jarrera, eta hezkuntza eskuduntza duten erkide guztietako ordezkariekin bildu da. EAEko, Kataluniako, Kanarietako, Galiziako, Andaluziako eta Baleareetako Gobernuetako hezkuntza sailburuekin akordio batera eltzeko asmoa du. Testua aldatzeko prest dago, baina beti ere kontsentsua lortzen bada. Bere asmoa ez omen da izan dekretua inposatzea eta elkarte autonomoen eta alderdi guztien aportazioetara irekita dagoela berretsi du.
Kongresuko botaketaren emaitza Gobernuarentzat ikasgai bat izan dela diote komunitate autonomoetako ordezkariek. Aguirreri hausnartzeko eta hurrengoan beste modu batera jokatzen ikasteko balioko omen dio. Hemdnik aurrera elkarrizketa bide berri bat irekitzeko gomendatzen diote. Ardanza lehendakariak ere ontzat hartu du Kongresuko botaketa. Eusko Jaurlaritza hasieratik dekretu proposamenaren aurka egon dela aipatu zuen, bai eduki aldetik eta baita forma aldetik.
Hala ere, Humanitateen dekretu proposamena ez da bertan behera geldituko. Aguirrek argi azaldu du aurrera egingo duela. Proiektua bertan behera uztea axolagabekeria izango omen litzateke. Gainera, aldaketaren beharra garbi ikusten du Hezkuntza ministroak, bere ustetan DBHko Hizkuntza, Literatura, Geografia eta Historian ez delako behar adina ikasten.
Dena dela, orain arteko planteamendu aldatu egin beharko du komunitate autonomoetako ordezkariekin kontsentsua lortuz eta denen gustuko plana osatuz. Elkarrizketak bide berria irekitzen du, aldaketak sartzeko aukera. Ea gure agintariek zuzen eta egoki jokatzen duten gauzak behar diren bezala jartzeko.

Bitarteko irakasleen egoera
Momentu honetan EAEko Hezkuntza sailak 971 bitarteko irakasle ditu. Hauen egoera 1995. urteko akordio batekin erregulatu zen 1998ko abuztua arte. Orain berriro elkartu dira egoera aztertzeko. Administrazioaren asmoa bitarteko irakasleak 2000. urtera arte mantentzea da. ELA, LAB eta EILAS sindikatuekin akordio batera iritsi beharko du hori betetzeko. Bien bitartean, sindikatuek bitartekotasun egoera hori Administrazioarentzat "zerbitzu minimo batzuk" bete dituztenengana zabaltzea eskatzen dute. Baita funtzionarioen lan baldintza berdinak edukitzea ere. Horrekin batera euskarazko perfila ere eskatzen da bitaratekotasun egoeratik egonkortasunera pasatzeko. Oraingoz ezer garbirik erabaki ez bada ere, bilerak egiten hasiak dira.

1998. urteari begira
Ikasturtea hasia egonagatik, urte berriko planteamenduak agertuz doaz. Nafarroan 1998ko aurrekontuek zer esana sortu dute eta eskaerak, batez ere. Sozialistek Hezkuntzan1.500 milioi gehiago gastatzeko proposamena egin dute. Beste gauzen artean sare pribatu eta publikoaren arteko oreka ere eskatzen dute.
Horretan ados dago FCPF guraso elkartea ere. Guraso Federakunde Katolikoak irakaskuntza pribatu kontzertatuaren esparruan eskaera batzuk egin dizkio Gobernuari. Ezinbestekotzat jotzen du 100 irakasle berri kontratatzea, Nafarroako Gobernuak ikastetxeak LOGSEra egokitzeko egin behar diren lanak laguntzea eta ikastetxeetako langile guztien soldatak %3,1 igotzea. FCPFrekin batera irakaskuntza pribatu kontzertatuko beste erakunde eta sindikatuek ere bat egin dute eskari hauekin. Azken erabakiak Gobernuak hartu beharko ditu.
Irakaskuntza Ertainean ere berrikuntzak datoz. Datorren ikasturtean Lanbide Heziketako Heziketa Ziklo berriak ezarriko direla iragarri du Hezkuntza departamentuak. 33 gehiago izanen dira eta horien artean Ingurugiroari lotutakoa delarik berriena. Batxilergoan ere 32 ikastetxe publikok hasik dute esperientzia berria.
Dena dela, oraindik behin-behineko mapa egin da. Sindikatu, ikastetxe eta elkarteekin hitz egitea falta da eta ikasleen eskaria ikustea ere bai. Hala ere, orain arte eman diren datuak sare publikora mugatzen dira, sare pribatuari buruzko informaziorik ez da zabaldu.

Urteko azken eskakizunak
Iparraldean urte osoan zehar jardun dira euskararen aldeko irakaskuntza zabaltzeko pausoak emanez. Urte bukaera eta hasiera ere ildo horrek markatzen ditu. Urru-ako gurasoek Udalaren laguntza lortu dute. Herri lurrak behar zituzten ikastolaren eraikin berria egiteko. Herri kontseiluak lur sail bat eskaintzea erabaki du, eta horrez gain dirulaguntzak ere emango dizkio.
Eraikitzeko baimena lortu ondoren eta gestio guztiak martxan jarri ostean, bospasei hilabetetan ikastola berria eraikitzea espero dute gurasoek. Datorren ikasturtearen sartzea bertan egiteko moduan egotea espero dute.
1993an sortu zen Urru-ako ikastola eta gaur egun 24 haur dira bertara joaten direnak. Kopurua goruntz doa eta horregatik uste dute gurasoek irtenbide egokiena eraikin berria egitea dela.
Uztaritzen, berriz, oraindik lehen pausoak ematen hasi dira, baina gogoz eta aurrera jarraitzeko asmoz. Urkila elkartea Uztaritzeko auzapezarekin mintzatu nahian dabil ikastola berri bat egiteko. Ea Urru-akoek bezain zorte ona duten!