NORVEGIA: Norvegia: eskola publikoaren ugaritasuna

1998-01-01
Neguan berotasun bila ibili ohi gara, baina gu baino hotz gehiago pasatzen dutenei begira jarrita, beharbada berotu egingo gara. Norvegiako ikasleak ondo prestatuta irteten dira etxetik eskolara joateko. Eta... eskolatik etxera? Itzulerako bidaia horretan barneratuta eramaten duten informazioa eta jakituria ezagutzera goaz.
 
 
Eskolarako bidea 6 urtekin hasten dute Norvegiako haurrek eta derrigorrezko hezkuntza 9 urte luzatzen da. Adin honen aurretik gaur egun haurren %90ak borondatezko eskolaurrera joateko aukera du, bai eskolan eta baita haurrak zaintzeko instituzioetan ere.

Ezgaitasunak dituzten haurrak ere ahal den azkarren integratzen dira klasetan. Hala ere, larritasun eta zailtasun handiak dituztenentzat herrian edo ikastetxean bertan eskaintzen diete behar dutena zentro nazionalek.

Derrigorrezko Hezkuntza Lehen Hezkuntzak eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloak osatzen dute. Lehen Hezkuntza 1-6 graduek osatzen dute eta 7-13 adinen artean garatzen da. Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa, berriz ,7-9 graduek eta 13-16 urte bitarteko ikasleek osatzen dute.

Derrigorrezko Hezkuntza oso zabala da. Helburua ikasleei beraien gaitasunei egokitutako hezkuntza eskaintzea da. Klase bakoitza haur guztien artean eramaten da aurrera unitate heterogeneo bat bailitzan lehen gradutik seigarrenera arte gutxienez. 8. eta 9 graduetan ikasleek hautazko gaiak aukera ditzakete derrigorrezkoekin batera, baina klase unitateak aldaketarik gabe jarraitzen du hautazko kurtsoetan izan ezik. Graduen errepikapenik ez dago.



Bigarren Hezkuntza 94ko Erreformaren ondoren

1994ko Erreformaren ondoren aldaketa handiak egin ziren Bigarren Hezkuntzan. 16 eta 19 urte bitarteko gazte guztiei Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hiru urteko ikasketak egiteko aukera legala (ez derrigorrezkoa) eskaintzen die, eta ezgaitasunak dituztenei bost urtekoak. Lurralde agintariek plaza kopuru nahikoa eskaini behar dute eskubide hau bermatu ahal izateko. Ikasketa hauekin goi mailako ikasketak egiteko edota lan munduan murgiltzeko prestatzen dira gazteak.

Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko lehen kurtsoan 13 oinarrizko kurtso daude aukeran. Hezkuntza aldetik begiratuta eduki orokorra daukate eta hurrengo urteetakoak hasten dira espezializatzen.

Lanbide Heziketan lehenengo bi urteak eskolan igarotzen dira lanbide ikasketak eginez, eta azken urtean enpresan egiten dira ikasketak edota praktikak. Dena dela, enpresan bi urte ere ibil daiteke bertako langile bezala lan eginez kontratu eta guzti. Kasu berezietan lanbide ikasketa guztiak enpresan egin daitezke. Horrelakoetan enpresari dirulaguntzak luzatzen zaizkio formakuntza kostua ordaintzeko.

Azken urteetan gazteen %95ak 16 urte bete ondoren ikasten jarraitu du. Hauekin batera, jende helduaren matrikulazio kopuruak ere gora egin du. Beraien formakuntza osatu nahi dutenak asko dira. Ondorioz, Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleen %25a 20 urte baino gehiago duena da.



Goi mailako ikasketak

Goi mailako ikasketa guztiek gaitasun maila bera eskatzen dute, eta eskatzen den gutxienekoa hau da:

- Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikasketak bukatuta edukitzea, hau da, oinarrizko kurtsoa eta ondorengo biak, gainditutako notekin, lanbide ziurtagiriarekin edo ziurtagiri ofizialarekin.

- Ezagutza maila espezifikoa honoko ikasgaietan: norvegiera, ingelesa, Gizarte Zientziak, Matematika eta Natur Zientziak.

Norvegian lau unibertsitate eta unibertsitate mailako sei ikastetxe daude. Lau eta zazpi urte bitarteko iraupena duten ikasketak eskaintzen dituzte eta maila desberdinetako tituluak.

1994. urtean 98 ikastetxe publiko zeuden eta 26 ikastetxetan antolatu ziren. Helburua goi mailako zentroak "Norvegiako sarea"n sartzea zen lankidetza eta elkarren arteko komunikazioa gehitzeko. Zentro hauek urtebete eta hiru urte bitarteko kurtsoak eskaintzen dituzte, eta zenbaitetan iraupen luzeagokoak ere sartu dira.

Unibertsitateko eta goi mailako ikasketak eskaintzen dituzten zentroetako tituluak desberdinak izan daitezke. Tituluak, azterketak eta ikasketen iraupena gobernuak erabakitzen ditu. Era berean, azterketetan sartzen den edukiari buruzko erabakiak Ministeritzak hartzen ditu.

Programa gehienak lanbide zehatzetara zuzenduta daude eta zenbait ikasketatan pertsona profesionalaren titulua lortzen da. Adibidez, eskolaurreko irakaskuntzan, injinerutzan, lan sozialean, ekonomian, elektronika lanetan, kazetaritzan eta abar.



Helduentzako ikasketak

Helduen ikasketak agintarien eta helduentzako ikasketetarako elkarteen esku daude eta elkarte ez gubernamentalen laguntzarekin sortu dituzte. Estatuak subentzionatzen du helduentzako irakaskuntza Helduentzako Ikasketen Legearen arabera.

Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloak herri mailan eskaintzen dira. Bigarren zikloaz, berriz, konderria arduratzen da. Dena dela, helduentzako ikasketen elkarteak eta urrutirako ikasketen instituzioak ere bigarren zikloa eskaintzen dute, eta baita goi mailako ikasketak eta instituzio publikoek eskaintzen ez dituzten kurtsoak ere.

Goi mailako eskola herrikoiak deiturikoak ere badaude. Hauek urte erdiko edo urtebeteko kurtsoak eskaintzen dituzte gazte eta helduentzat. Batez ere 17-22 urte bitartekoak joan ohi dira. Dena dela, lortzen den titulazioa ez da formala izaten.



Ikastetxe pribatu gutxi

Leku askotan ez bezala, Norvegian ikastetxe pribatu gutxi dago. Estatuaren Eskola Pribatuen Dirulaguntzen Legearen arabera gobernuak dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ezarri zituen. Honekin eskola publikoak bultzatzea lortu du 1995. urteaz geroztik. Gaur egun, Derrigorrezko ikasketak egiten ari den ikasle kopuruaren %98a gutxi gora-behera, eta Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan daudenen %96a ikastetxe publikoetara joaten da. Eskola publikoak duen indarra nabaria da portzentaia hauen arabera.