Kronika

1998-02-01
 
 
Hizkuntza gutxituen aldeko txostena
Nicole Pery diputatu sozialista Seaskako barnealdeko ikastolak ikusten izan da. Seaskako arduradunek gonbidatu zuten CIADTko bileraren ondotik. Nicolek ikastoletako haurren eta eraikinen egoera eta baldintzak ikusteko aukera izan du, eta "mende bukaera honetan onartezinak diren baldintzetan" daudela adierazi du.
Egoera honi konponbidea emateko gaitasunik ez duela gobernuak aipatu du, eskuduntza hori herriek, departamenduek edo eskualdeek baitute. Horregatik adierazi du diru muntaketa berezia asmatu beharko dela ikastolentzat eta tokiko hautetsien nahikaria erabakigarria izanen dela.
Diputatuak Seaskaren eskakizunak defendituko dituela esan zuen eta prefetarekin mintzatuko dela. Prefeta da estatuaren ordezkaria departamenduan eta bere jarrera garrantzitsua izanen da.
Bisitaldi hauen ostean Jospin Lionel lehen ministroarekin ere bildu da Nicole. Hizkuntz gutxituei buruzko ikerketaren lehen balantzea egin dio. Euskara, korsikera eta okzitanoaren egoera aztertu ditu eta Jospini lege berria egitea proposatzen dio. Izan ere, Europako hizkuntz gutxituei buruzko ituna aplikatzen hasteko pauso hori eman behar da.
Bigarren txostena apirilean aurkeztu beharko du diputatu sozialistak. Neurri zehatzak proposatu beharko dizkie gobernuko ministroei.
Bestalde, Miarritzen lehenengo euskarazko haurtzaindegia ireki da. Uda-Leku Elkarteak bultza du ekimena eta traba anitz gainditu ondoren bere ateak ireki ditu Ohakoa izenarekin. 15 haurrentzako lekua du eta oraingoz 10 haur joaten dira. Haurtzaindegiarekin euskaraz aurreskolan zegoen hutsunea betetzen da, beraz.

Bigarren Hezkuntzako akordioa
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduak eta sindikatuek Bigarren Hezkuntzaren ezarpeneko lan eta hezkuntza baldintzak erregulatzen dituen akordioa izenpetu dute. CCOO, CSIF, AFAPNA eta UGTk baiezkoa eman diote akordioari, EILAS eta ELAk ez dute nahikotzat eman eta LABek gehiago aztertu behar duela dio.
Akordio honek hurrengo hiru urtetan izango du eragina eta 2.000 irakasle ingururengan. Gobernukideen arabera hezkuntza publikoa berrantolatzeko funtsezkoa izanen da. Akordio honetan besteak beste ratioak, tutoretzak, aniztasunaren tratamendua, heziketa zikloak eta lekualdaketa lehiaketak erregulatu dira. Berrikuntza zenbait ere sartu dira: DBH eta Batxilergoetan ratioa "maximoak" ezartzea, heziketa zikloko banaketa orduak gehitzea, 15 orduko ordutegiaren zehaztapena, euskarazko lanpostuen jarraipena egitea eta abar.

EAEko hezkuntzako lan legepekoen funtzionarizazioa dela eta
Ikastola eta bost ikastetxe pribaturen publifikazioa eman zenean, zentro hauetako irakasleak funtzionario bihurtu ziren. Baina ez denak. Funtzio Publikoaren Legeak ez zuen Magisteritza titulurik ez zuen irakasleria arautzen. Garai hartan Hezkuntza sailaren arduran zegoen PSE-EEk ez zion irtenbiderik eman egoerari. Horrela, Magisteritza titulurik gabe baina lizentziatura, diplomatura edota beste titulazioa zuten irakasleen egoera kolokan gelditu zen. Irakasle hauek lan legepeko kontratua daukate eta lanean jarraitzen dute. Funtzionarizatzeko eskubidea onartu zitzaien, baina horretarako baliabideak ez zaie jarri. Guztira 337 irakasle daude egoera honetan. Horietatik 119 ikastoletakoak dira, 178 ikastetxe pribatuetakoak eta gainontzeko 40ak bestelako zentroetatik (hizkuntza eskola, hezkuntza berezia eta abar).
Egungo kontratuaren arabera, orain betetzen dituzten lanpostuetan soilik jardun daitezke. Ondorioz, ln aukerak gutxitu egiten zaizkie eta lanpostu hori desagertuko balitz lanik gabe geldituko lirateke.
Horregatik, orain Funtzio Publikoaren Legea aldatzeko unea iritsi denean, Hezkuntza Sailak xedapen bat gehitu du irakasle hauek funtzionariza daitezen eta egoera normaliza dadin. Baina PSE-EEren iritziz, neurri hori antikonstituzionala da. Administrazio publikoko langile izateko prozeduraren printzipioak urratzen ditu. Hori dela eta, PSOEk Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du eta Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluaren kontrako inkonstituzionaltasun errekurtsoa aurkeztuko duela. Carlos Iturgaitzek ere helegitea tarteratzeko arrazoiak badaudela adierazi du.
Bestetik, Inaxio Oliverik bide hori bertan behera uzteko eskaera egin dio PSE-EEri, baina oraingoz ez du horrelakorik egin. Helegitea tarteratzeko epea otsailaren 18an amaitzen da, eta ikusi egin beharko da arazoak zein norabide hartzen duen.

Humanitateen egoera aztertzeko txostena
Humanitateek oraindik ere zer esana ematen dute. Oraingoan Bigarren Hezkuntzako humanitateen egoera aztertuko duen txostena dela eta. Hezkuntzaren Konferentzia Sektorialak akordio bat lortu du aipatu egoera aztertzeko. Horretarako 30 kidez osatutako taldea eratu da. Autonomia erkidego bakoitzeko hiru lagun eta Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak izendatutako beste seik osatu dute taldea.
Txostenaren helburua autonomia erkidego bakoitzaren Humanitateen egoera aztertzea izango da. Humanitateen arlo guztiak aztertuko direla iragarri du Esperanza Aguirre Hezkuntza eta Kultura ministroak: geografia, historia, literatura, hizkuntza, filosofia eta kultura klasikoa. Horrez gain, kulturaren oinarrizko elementuak irakasteko eta ikasleen heldutasun intelektuala garatzeko Humanitateek zer paper jokatzen duten aztertuko da.
Autonomia bakoitzeko egoera besteekin konparatuko da eta azkeneana adostasunean onartutako oinarriak jasoko ditu. Aguirreren hitzetan adostasun horretan oinarritu eta garatu behar da Espainiako humanitateen hezkuntza.