FINLANDIA: Eskandinaviari begira

1998-05-01
Eskandinaviako lurraldeetako batean pausatzera goaz oraingo honetan, Finlandian hain zuzen ere. Baltikoko ur hotzetatik barna finlandiarren artera sartu eta euren Hezkuntza Sistema ezagutzeko parada izanen dugu.
 
 
Suomiera eta suediera hizkuntza ofizialak diren lurralde honetan ere Hezkuntza Sistema mailaka banatuta dago; eskolaurretik hasi eta goi mailako ikasketetaraino.

Eskolaurrea Ongizate Sozialeko instituzioek antolatu eta administratzen dute, eskolaratze adina ez duten haurrei eskaintzen dien haurtzaindegi zerbitzuarekin batera. Haur hauek behin 6 urte bete ondoren, eskolaurrea irakaskuntza orokorrarekin batera egin dezakete. Baina horretarako Hezkuntza Ministeritzaren baimena behar da. Batez ere biztanleria urria dagoen lekuetan egiten da hori, bertako haurren beharrei erantzuteko. Hala ere, gehiengoa eskolaurrera joaten da, %60a hain zuzen ere.

7 urterekin hasten dute haur finlandiarrek Lehen Hezkuntza, eta hamar urte irauten du. Bi ziklotan banatua dago: beheko zikloak sei urteko iraupena du eta goikoak hirukoa, nahiz eta beste maila bat gehiago egon zenbait kasutan. Ikasketa hauek eskola orokorretan egin ohi dira eta udalen ardurapean egoten dira. Etapa honetako hezkuntza derrigorrezkoa da, 7 urterekin hasi eta 16 urtera arte. Ezgaitasun handia duten haurren kasuan 6 urterekin hasten da derrigorrezko hezkuntza eta 11 urteko iraupena izaten du.

Hauentzat heziketa berezia dago, eta eskola orokorrei lotuta dauden eskola berezietan (irakaskuntza normaletako klase berezietan) edota irakaskuntza integratu moduan irakasten da. Bereizketa gutxituz eta integrazioa gehituz doa Finlandian. Dena dela, talde berezi batzuentzat (ikusmen eta entzumen arazoak dituztenentzat, adibidez), estatuarenak diren eskola bereziak daude.



Lanbide Heziketako aukerak

Oinarrizko Hezkuntzaren ondoren haur finlandiarrek Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa egiteko aukera dute. Horretarako Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxeak eta lanbide eskolak dituzte. Maila honetara iristen den ikasleen %60ak lehen aukera egiten du, eta hauetatik %60ak Goi Mailako Bigarren Hezkuntzako eskoletan ikasten du.

Ikastetxe hauek udalen ardurapean daude eta hiru urteko ikasketa orokorrak eskaintzen dituzte. Bukaeran ikasleek matrikulazio nazionaleko azterketa egin ohi dute eta hori gainditu beharra izaten da unibertsitatera joateko.

Lanbide Heziketaren lehen ikasturteak, bestalde, estatuak edo udalek zuzendu eta mantendutako hezkuntza instituzioetan eskaintzen dira. Bide hau hautatzen duten ikasleen kopurua oso bajua da. Hiru urteko iraupena du, 17 urterekin hasi eta 19 urtera bitartean.

1995 arte 26 oinarrizko programa zeuden eta 250 programa espezializatu, sektore guztietako lanbideak errepresentatzen zituztelarik. Dena dela, hauetako gehienak Goi Mailako Lanbide Heziketakoak ziren. 1995az geroztik, ordea, oinarrizko programak desagertu egin ziren eta programa espezializatuak 160 izatera pasa ziren. Programa orokorragoak eta hautazkoak eskaini ziren. Horrela, ikasleak askeagoak dira aukeraketak egiterakoan, nork bere programa pertsonala erabaki dezakeelako.

Horrekin batera, Lanbide Heziketako ikasketak eta oinarrizko ikasketak konbinatzeko aukera ere badago.



Zentro politeknikoen esperimentua

19 urterekin ikasten jarraitu nahi duenak bi aukera ditu, ordura arte bezalaxe: Goi Mailako ikasketak eta Goi Mailako Lanbide Heziketa. Lehenengo aukerari dagokionez, bi sektoretan banatzen da: sektore unibertsitarioa eta sektore ez unibertsitarioa. Lehenengoa Goi Mailako ikasketetarako 21 instituzioek osatzen dute. Estatuak finantzatzen ditu eta ikasleentzat dohainik dira. Ikasketa hauen ostean oinarrizko titulua lortzen da, masterraren parekoa dena. Normalean 5 edo 5 urte eta erdiko ikasketak izan ohi dira. Dena dela, 3 edo 3 urte eta erdi ikasiz diplomatura lortzen da. Unibertsitate ikasketak egiteko nahikoa da matrikulazio froga gainditzea.

Sektore ez unibertsitarioari dagokionez, 22 zentro politekniko esperimentalek osatzen dute. Denboraldi batekoak dira eta Goi Mailako Lanbide Heziketa eskaintzen duten 85 instituzioek osatzen dute. 1991. urtean jarri ziren martxan Lanbide Heziketaren maila hobetzeko asmoz. Hiru edo lau urteko ikasketak izan ohi dira, eta lortutako diploma unibertsitateko mailen arabera sailkatzen da. Politeknikoetan ikasi ahal izateko, Goi Mailako Bigarren Hezkuntzako ziurtagiria eduki behar da.

Lanbide Heziketako Goi Mailako ikasketei dagokienez ere titulazio desberdinak daude: eskola mailako diplomak eta goi mailako diplomak. Lehenengoak eskuratzeko hirutik bost urtera bitarteko ikasketak burutu behar dira eta bigarrengoak lortzeko bostetik sei urtera. Ikasketa hauek egiten hasteko oinarrizko ikasketak edo Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa egina eduki behar da.