URANGA, Marije:
Nerabeekin lan asko egina zara eta esperientzia baduzu. Nolakoak dira nerabeak?
Trantsizio edo aldaketa handiak izaten dituzten gazteak dira. Aldaketak biologikoak, hormonalak, psikologikoak eta sozialak izaten dira. Nerabetasunak maila guztietan du eragina. Baina nerabeez hitz egitea ez da erreala.
Zergatik diozu nerabeez hitz egitea ez dela erreala?
Nerabeak bakarrik ez direlako aldatzen direnak. Nerabeengan dauden aldaketek familia osoari eta bere inguneari eragiten diote. Gelan, koadrilan, etxean... nabaritzen da aldaketa. Horregatik, nerabeez ez, baizik eta familia nerabeez hitz egiten dut nik.
Zer esan nahi duzu familia nerabearekin, zer da?
Kanpotik eta azalean begiratzen badugu nerabea bakarrik ikusiko dugu. Baina nerabe hori familia batean bizi da. Beraz, familia osoa aztertzen hasten bagara, berehala konturatuko gara ez dela nerabea aldatzen den bakarra, familiako beste kideak ere bai. Horregatik erabiltzen dut familia nerabearen kontzeptua. Azalean ikusten denetik haratago joan behar dugu eta barrukoa aztertu, fatxadaren barrua.
Eta zer ikusten duzu fatxadaren barruan?
Lehenengo eta behin, familiaren genograma: gurasoak, seme-alabak, aiton-amonak... Denak elkarren atzetik daude eta ezin dugu pentsatu nerabeak gurasoekin zerikusirik ez duenik. Nerabea ez da bapatean sortu, gurasoei loturik dago. Horregatik, nerabeaz hitz egiterakoan eta zor diogun errespetuagatik, non dagoen kokaturik jakin behar dugu.
Hor barruan nerabea etengabe aldatzen eta dena mugitzen ari da. Baina nerabearekin batera familia osoa ere bai.
Antzeko genogramak balioko luke irakasleentzat ere. Nerabeak gurasoengan duen eraginaz jabetuta, nola ez dute bada irakasleengan eragingo hainbeste neraberekin, bakoitza bere eragin bereziarekin gainera, tratatzen dutelarik.
Beraz, nerabeak, gurasoak, irakasleak... guztiak hartu behar dira kontuan nerabeez edo familia nerabeez hitz egiterakoan. Banaka-banaka hartuz, nolakoa da nerabeen egoera?
Hasteko, iraultza hormonal baten ondorioz gorputza aldatu egiten zaiela esan behar da eta hori ezin dute kontrolatu. Ezezagun sentitzen dira beraien gorputzean. Lehenengo eta behin horri egin behar diote aurre.
Bigarren duelua gurasoekin izaten dute, gurasoek haurrak nahi baitituzte. Guraso horiek beti prest daude seme-alabak nahi duena egiteko. Nerabeak hori nahi du, baina era berean ez du nahi. Erosoa suertatzen zaio, baina haurra dela gogorarazten diote etengabe.
Hirugarren erronka bere buruarekin duena izango da. Dagoeneko ez du haurraren identitaterik, baina oraindik helduarena ere ez. Geldiune batean dago. Nerabeak heldua izan nahi du, baina ezezaguna sentitzen da. Gaur nahi duena bihar ez du nahiko.
Aldaketa horiek justifikatzen al dute nerabeen portaera?
Baietz esango nuke. Nerabeak probatu egin behar du etengabe. Ez daki zer nahi duen, baina erabaki aurretik probatu egin behar du. Horregatik, bi modutara erreakzionatzen du: deprimitu egiten da edota jokatu egiten du. Eta noski, jokatzea, zarata ateratzea eta dena mugitzea da. Inguruko presio guztia jasanezina egiten zaio.
Zenbateko garrantzia dute emozioek momentu hauetan ?
Handia, dudarik gabe. Asko dira pseudo-heldutasuna dutenak, baina emozionalki ukiezinak dira. Horregatik, nerabeei emozioez hitz egin behar zaie. Oraindik ere gurasoen beharra dute. Beraiek gurasoengandik bereiztu nahi dute, baina ez dakite nola. Horregatik, portaera kontrajarri horiekin aldendu nahi izaten dute.
Gurasoak zein egoeratan ikusten dituzu?
Gurasoen elkarrekiko bizitzan lau etapa daude:
1- Bikote aukeraketa.
2- Ugaltze etapa, hau da, seme-alabak izatea.
3- 40 urte inguruko krisia.
4- Zahartzaroko krisia.
Normalean seme-alabak nerabeak direnean gurasoek 40 urte inguru izaten dituzte, beraz, hirugarren krisi egoera horretan daude. Hau da, gauza pertsonal asko daude, atzera begiratzen da bizitzari errepasoa emanez... krisi egoera bat da eta justu momentu horretan daude nerabeak ere dena mugitzen.
Orduan, gauzak zaildu egiten dira, baina hiruzpalau urte irauten du nerabetasunak eta ulertzeko esfortzua egin behar da. Ez da erraza, baina genogramako historia guztiagatik, ez nerabearengatik soilik.
Nolakoa da guraso eta nerabeen arteko erlazioa?
Nerabe eta gurasoen artean oposizio indarra dago. Elkarren kontra egiten dugu indarra, batzutan indartsuago eta bestetan ahulago. Nerabeak indar egiten digunean, batzutan geldiarazi egiten dugu eta bestetan pasatzen utzi. Momentu batzutan autokratak izan behar dugu eta beste batzuetan demokratak. Hegazkin batean pilotuak zer egin behar duen galdetzen badit, nik autokrata izateko eskatuko diot, niri ez galdetzeko, ez baitakit. Nerabeak ere berdin. Galduta daudenean helduleku bat behar dute, eta kasu horietan helduok autoritarioak izan behar dugu, gidatu egin behar ditugu.
Garai honetan ez da erraza indarra orekatua mantentzea, baina lehen esan bezala erlazioa gehiago ez estutzen saiatu behar dugu. Beraien lekuan jarri eta ulertzen saiatu behar dugu.
Horretarako, zein izango litzateke eman beharreko lehen pausua?
Harrera. Nerabeekin daukagun erlazioan harrera oso garrantzitsua da. Egiten dugun harrerak etorkizuna baldintzatzen du. Gau batean mozkortuta etortzen bada, ondo hartu behar dugu eta oheratzen lagundu. Hurrengo egunean, lehenengo gauza galdetzea izango da. Zaila da hurrengo egunean hitz egitea, baina horrek lantzen du erlazioa.
Baina askotan gauza guztietaz "paso" egiten dutela ikusten da. Nola egin aurre egoera horiei?
Ez, nerabeek ez dute "pasatzen" ezer. Hori ez da egia. Ez dute "pasatzen", baina ezin dute jasan gaineko presio guztia. Fantasia geldiezina dute, probatzeko beharra, sentitzeko beharra eta abar. Tentsio hauek jasan ezin dituztelako jokatzen dute jokatzen duten moduan. Gora-behera handiak dituzte, baina horrek ez du esan nahi balorerik ez dutenik. Badituzte, ez gureak bezalakoak, desberdinak baizik, baina baloreak dira.
Egoera zail horietan denbora ematea da garrantzitsuena, bai nerabeei eta baita guraso eta irakasleei. Nerabetasuna desdramatizatu nahi dut nik, baina ez ezereztu. Toleratzen edo onartzen ikasi behar dugu eta egoerei aurre hartzen.
Eta zer da toleratzea?
Toleratzea seme-alabei nik egiten dudana ez gustatzea da eta niri ere ez zait gustatu behar beraiei gustatzen zaiena. Nerabeak nahi dutena izango dira, eta guk horrela izaten utzi behar ditugu. Gure iritzia eman bai, baina nahi dutena izaten utziz.
Arazo konduktualak dituzten nerabeei dagokienez, zer iritzi duzu?
Kasu horietan sintomatologia desberdina da eta arazoak konpontzeko planteamendua ere bai. Gurasoak, irakasleak eta espezialistak elkarrekin bildu eta lan egiteko modua diseinatu behar da kasu hauetan.
Orokorrean non kokatzen gara irakasleok nerabeekiko erlazioan? Zein da gure zeregina?
Irakasleon zeregina konpromezua da. Ezin dugu esan nire seme-alabak ez direnik edo nik ordubete soilik ematen diedanik eta utzi. Irakasleak nerabe horrekin konprometitu behar du. Bestela neska-mutil hori galdu egingo da. Edo denok hartzen dugu konpromezua neska-mutil hauek aurrera ateratzeko, edo ez dira aterako.
Noraino heldu behar du konpromezu horrek?
Neska-mutilek halako radar emozional bat dute eta berehala konturatzen dira nork estimatzen dituen, nork laguntzen dien eta abar. Hala ere, ez dute onartzen lagun izatea, konprometitu bai, baina lagun izan gabe. Beraiek nahi dutenean lortuko dugu lagun izatea. Nerabeek enroilatzea eskatzen dute. Adibidez, bakailu musika ekartzen badute klasera, guk entzutea eskatzen dute.
Orduan, hori da nerabeei laguntzeko modua?
Bai, laguntzeko modurik onena beraiek gu hor gaudela jakitea eta sentitzea da. Matematikako irakasle batek, adibidez, ez du klasea eman eta alde egin behar, hor egon behar du nerabeei entzuten, ulertzen. Hori da nerabeek behar dutena. Beno, eta hau bai irakasleen kasuan eta baita gurasoen kasuan ere.
Baina hala ere askotan ez gara gai nerabeekiko harreman edo konplizitate hori lortzeko. Helduok al gara horren errudun?
Ez, errudun ez, baina bai arduradun. Nerabeekin egoten eta ulertzen saiatu behar dugu. Hori da gure ardura.
Bai, baina horrek ez du esan nahi nola jokatu behar dugu badakigunik. Askotan gurasoek ez dutela ezer egiten eta ez dakitela ezer esan ohi dugu. Irakasleok ere gauza bera. Baina denok elkarrekin lan eginez gauza asko lortzen dira. Sistema batzuk ezarri eta denon artean lan egin daiteke.
Momentu batzuk oso zailak izango dira, eta horietan profesionalei galdetu behar zaie. Guk ezin badugu, laguntza eskatu behar dugu. Hori ez da batere txarra.
Gogorra eta zaila da nerabeekin lan egitea, baina emaitzak ikusten dira. Bankuan bezala, gauzak pilatuz joaten gara eta denbora pasa ahala jasotzen dugu bildutakoa.