028: Eskola berriaren gorpuzketan ezinbestekoa den nazionaltasunari ekin zaio

1998-05-01
Erronka berriak euskal irakaskuntzan
 
 
Ipar Hegoa lan ikasketarako fundazioak Euskal Hez-kuntzan parte hartzen duten talde ezber-dinak elkartu zituen euskal irakaskuntzaren bilakaera aztertu eta aurrera begira elkarrekin jokatzeko aukera baloratzeko asmotan. Ehunen bat irakasle, guraso, ikasle, politiko eta sindikalista aritu ziren eztabaidan .

1993an, Euskal Eskola Publikoaren legea ateratzear zegoela eta, Denon Artean plataformaren inguruan elkartu ziren azkeneko aldiz. Bost urte igaro dira eta lege hark sortutako zauriak sendatzen ari badira ere, oraindik gehiago ondu beharko direla dirudi.

Deialdia egin zutenek ausardia erakutsi dute eta parte hartzaileen aldetik eskertua izan zen ausardi hori. Eztabaidak errespetu handiz eman ziren eta partaideek besteen iritziekiko oso jarrera irekia agertu zuten. Zerbait aurreratzen ari dela eta denbora laburrean euskal irakaskuntzarako proiektu berriak gauzatzeko esperantzari leiho bat zabaldu zaiola dirudi.

Leiho berbera izango denaren ustetan, etorkizunerako berri batekin etorri zaizkigu ikastolen mundutik. Iparralde eta Hegoaldeko langileentzat "Ikastolen mugaz gaineko lankidetza hitzarmena" izenpetu dute arduradun eta langileen artean. Honen arabera, lekualdatze, truke, formakuntza eta abar landuko dira.

Ikastola guztietako langile ororentzat Lan Hitzarmen bakarra lortu nahi da etorkizunean, eta emandako urratsa, bide hori jorratzeko lehen pauso bezala hartu behar da.

Oparoa izan da azken hilabete hau Euskal Hezkuntzarako. Hik Hasitik pozez jaso ditugu bi ekimen hauek.Gure xede programatikoetan helburu bezala jasotzen genituen bi ardatz, eztabaida eta herri honen beharrei erantzungo dion eskola berriaren gorpuzketan ezinbestekoa den nazionaltasunari ekin zaio Eskola erkidegoak erakutsi duen dinamika eta ausardiak itxaropenez betetzen gaitu.

Aurrera denoi.